2013(e)ko abenduaren 16(a), astelehena

LEGEZKO KALAMUA

Uruguain kalamua legezko. Bertakoentzat bakarrik eta kopuru murritzetan, baina legezko. Alegia, farmazietan salgai eta osasun agintaritzapean. Honelako erabakirik hartu izan da beste zenbait estatutan (Colorado eta Washington AEBn, Holanda, besteak beste) baina berri honek dimentsio berezia hartu du legebiltzarrak eta presidenteak berak izan duten inplikazioagatik. Kontsumoa bultzatuko duen burubidea izango al da hau? Balioko al du beste substantzia gogorrago batzuei ateak zabaltzen saiatzeko? Kaltegarria izango al da osasun publikoarentzat? Narkotrafikoaren abiapuntua bihurtuko al da? Hori leporatzen baitiote Brasildik. José Mujica presidenteak azaldu duenez, Einstein bera aipatuz, arazoak konpontzeko neurriek funtzionatzen ez dutenean beste batzuekin saiatu beharra dago. Orain arte soberan frogatua dagoena zera da: debekuak indarrean daudenetik, bai kontsumoa, bai trafikoa eta bai inguruan mugitzen diren mafia eta hilketak ugaritu egin direla etengabe. Agian, norbaitek, oraindik ere, marihuana mundu osoan inoiz legeztatu den drogarik arriskutsuena dela pentsatuko du. Esku artean daukazun egunkarian, osteguneko edizioan, Uruguain gertatzen ari denaren orrialdearen atzealdean, beste drogen inguruko berri ematen zitzaigun: Mundu mailan bigarren botikarik erabiliena denak dementzia eragin dezake bi urtean. Omeoprazol-az ari ziren, baina argitaratu diren ikerketen arabera, antiazido askorekin gerta daiteke gauza bera. Hartu al dute, bat batean, legez kanpokotzat hartzeko erabakia? Debekatu al dute haren salmenta munduko farmaziaren batean? Nik dakidala, ez dute, egun hauetan dagoen publizitate ugaria erretiratu ere egin. Jakina denez, Gabonetan bihotzerrea negozio borobila bihurtzen da. Bai, legez kontrakoak hor direlako, eskuragai dauden droga guztiak dira onak. Izan ere, joan den mendearen hasieran heroina osagai zuen xarabea iragartzen zen umeen eztula kentzearren, eta, kokaina, lurrinak egiteko ere erabiltzen zen. Zeinek ez du izan senide edo ezagunen bat medikuak aginduta ospitalean, morfinaren bidez mina kendu diotenik? Bitartean, gurean, drogen aurkako fiskaltzak orotara 22 urteko kartzela eta kasik bi milioi eta erdi euroko isunak eskatu ditu Pannagh elkarteko bost bazkiderentzat “garrantzizko droga kopurua trafikatze delitua” egiteagatik. Ez dakit leporatze hori zuzena ala okerra den, baina bai elkarte hauen arduradunak ezagunak direla eta beti jendaurrean eta hedabideetan haien ekimenak eta helburuak defendatzeko prest daudela. Horrelako zigor bat ezarriz gero, lortuko al da landatze kopurua txikitzea? Inolako erregistrorik gabe mugitzen direnak desagertuko dira? Mafiak urrunduko al dira? Merkatuan dagoen kalamuaren kalitatearen onerako izango da? Droga-mendekotasunaren kontrako aurrerapausoa izango da? “Legearen linbo” batean (baina arrisku bizian, ikusten denez) mugitzen diren elkarte hauentzako erregularizazioa premiazkoa da. Uruguaiko presidentearen hitzetan: "Handia da zalantza eta zalantza hori legitimoa da, baina horrek ezin du gerarazi bide berriak urratzea, helduta gauzkan arazo batean, okerragoa da jendea narkotrafikoari ematea”. “Audaces fortuna iuvat” esaten zen Erroma zaharrean. Ausartek zortearen laguntza dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina