2013(e)ko abenduaren 2(a), astelehena

ZUZENEKO NORANZKOAN



Beth Ditto Barakaldon



“Emakumeek biluzik egon behar al dute, MET Museora sartu ahal izateko? Arte modernoko ataletan agertzen diren artisten % 5 baino gutxiago dira emakumeak, baina irudi biluzien % 85ek erakusten dute emakumezkoen gorputza”...
Esaldia artelan erraldoi baten barruan dago. Gerrilla Girls izeneko erakusketa baten barnean dagoen muralean. Horrelako estatistikak nonahi. Estatistikek behin eta berriz erakusten digute: eskubideen berdintasuna urrun dago oraindik ere. Eta hori , esan gabe doa, denon arazoa da.   
Bilboko Alondegian erakusketa ikusi ondoren, Barakaldora. BIME festibala ospatzen ari zen eta azken eguneko egitarauan, azken bolada honetan biziki maite dudan talde bat zegoen ikusgai: GOSSIP (esamesa) .  Hirukote bezala sortua, taldeak duen irudiak gaur egun erabateko porrota eskuratzeko ezaugarri guztiak ditu. Beth Ditto abeslariak eta bere taldekideek, beste behin, talentua indarrean diren edertasun ereduen gainetik pasa daitekeela erakutsi digute. Areago, badirudi ekitaldi bakoitzean horixe bera ospatzen dutela, dantza egin barik entzun ezin daitezkeen abesti alai eta lotsagabe horiekin.
Bai, GOSSIP ikusteko asmo sendoa neukan eta horretarako, horren gustuko ez ditudan zenbait oztoporen gainetik pasa beharko nuen.
Aitortu behar dut. Ase naiz halako jaialdi erraldoiez, non taldeen zerrendak amaigabeak diren,  non debekatuak dauden ekitaldietan sorpresak eta “bisak”, ordutegiak zehatz-mehatz bete behar direlako, non kaña bat hartzea abentura bihurtzen den, eta, ororen gainetik, non segurtasunerako neurriek behin eta berriz gogorarazten diguten rock jaialdiek ez dutela jada askatasun aldarrikapenarekin zerikusi handirik izaten. Horretaz guztiaz aparte, betidanik ezinezkoa egin zait egun bakar batean lau ekitaldi baino gehiago benetan disfrutatzea, gizakien ahalmenetatik kanpo dagoen zerbait iruditzen zait. Baina ongi mentalizatua nengoen, eta ezin hobe lagunduta, hara zuzendu nintzen.
Parking erraldoitik, ibilaldi erraldoia txartel-leihatilaraino. Sarrerak hartuta beste salmahai batera eskumuturrekoak jar ziezazkiguten eta azkenik barrura. Zerbeza bat eskuetan, Mark Lanegan-en balada akustikoekin girotu, eta gaueko helburura abiatu ginen.
Ordu eta laurden. Ez minutu bat gehiago ez gutxiago. Horrelako jaialdien gidoian dagoenez, disgusturik ez gero. Soinuaren kalitatea gutxitan gozatzen denetarikoa zen eta taldea sasoi onean zegoen benetan. Beth pozaren pozez txoratzen zegoela zirudien, ahotsa puntu-puntuan zeukala erakutsiz eta “Eskerikasko” ugari banatuz kantuen artean. Ekitaldi honetan ez zigun ipurdia erakutsi eta ez zen jendetza artean nahastu, bestetan bezala, baina tira. Besteak beste kulero txuri-urdin batzuk bota zizkioten eta bitan pentsatu gabe txapel gisa erabili zituen. Bilboko emanaldirako GOSSIP taldeak bere bertsiorik neurridunena aukeratu zuen, irudiari dagokionez, baina gaitasun bakar bat ere aurreztu barik.
Beth oholtza gainean ikuste hutsak feminismoaren ezinbesteko garaipenaz hitz egiten dit. Zerbaitek bere ausardian, bere narruak astintzeko eran, bere oihuka kantatzeko moduan gonbidatzen nau harekin errepikatzera: “Move in the Right Direction!” (Zuzeneko noranzkoan mugi zaitez!). Emakumeek biluzik egon behar al dute rock & roll egiteko? Ba ez. Beharrik ere ez. Baina Bethek nahi izanez gero, aurrera bolie!      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina