2013(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

BI IBARREN HISTORIA



160 metro izeneko filmaren aurkezpen jaiaren unea
 
160 metro. Horixe bera da Nerbioi ibaiaren bi ibarren arteko aldea Bizkaia Zubiaren parean. Aspalditik bi mundu ezberdinen arteko lotura edo tartea.
Txikitan zubiaren bestaldera pasatzera atzerrira joatea bezalako bidaia egiten zitzaidan. Hor “mugaren” bestaldean: hondartzak, jauregiak, pasealeku ederrak eta ongi pentsatutako etorbideak.
Gaztaroan unibertsitatera joateko ezinbesteko pasabidea bihurtu zen. Goizeko ordu txikietan estu-estu joaten ginen Tokioko metroa izango bailitzan, bertoko “txapel-urdinek” pixka bat estuago joateko eskatzen zigutela. Lotsagarrien paradisua. Eskuinaldeko etxeetan lan egitera joaten ziren nesken eskuetan orratzak ugaritu ziren, esku ausarten kontra.
Horietako neska baten zain bertaratu nintzen ilunabar askotan, gero bere etxeraino laguntzeko. Garai hartan Errontegiko zubia ez zegoen zabalik eta ibaia zeharkatzeko aukera bakarrak Bizkaia Zubiko “transbordadorea” eta zenbait “gasolino” ziren.
Oraindik ere Sopela eta Santurtzi arteko bidaietan gustuko dut noizean behin UNESCOk “gizon-emakume guztien ondarea”  izendatutakoa erabiltzea, nahiz garraio bezala guztiz zaharkiturik geratu.
Joan den astean Guggenheim museoan 160 metro. Bizkaiko Rockaren Historia izeneko dokumentala aurkeztu zen. Joseba Gorordok eta Alvaro Fierrok ekoiztutako lan horretan azken hamarkadetan bi ibarretan izandako korronte musikalak aztertzen dira.
Punk eta Heavy musika oinarri zuten ezkerraldeko taldeak, 80ko hamarkadakoak, batetik,  eta “Getxo Sound” izendapenarekin 1990. urtetik aurrera nahikotxo ezagutuak izan ziren taldeak, bestetik.
Gordinak eta zuzenak, lehenengoak, “cool”ak eta landuak, bigarrengoak.   
Gustura ikusi nuen, tarteka-marteka parte hartu dudan dokumental hau, eta ez bakarrik –hori sinetsi nahi dut behintzat– nire taldea eta nire iritziak aski agertzen direlako. Behingoz, Bilbo ardatza duen erreportaje batean, horren funtsezkoak diren ibaiko ibarrek protagonismoa hartzen dute. Lan honetan ezberdintasunak ez dira ezkutatzen -zentzugabea izango zen-  eta nabariak dira bai aukeratzen diren estiloetan, bai ukitzen diren gaietan. Bitxia da gero, horren metro gutxira bizi izan diren gazteek horren hizkera ezberdina erabiltzea eta orain dela gutxi arte, horren gutxitan elkarrekin lanean ikustea. Baina oso eskergarria da, benetan, topikoetatik urruntzeko egiten den ahalegina.
Triste baino tristeagoak azken urteetako Iosu Expósitoren  hitzak, bukaera aurpegian marraztuta, baina ausartak ere bai, heroina eta inguratzen duen benetako giroa salatuz, mitifikaziorako inolako izpirik utzi barik. Ezuste galanta -niretzat behintzat- Getxo Sound taldeetako partaide askoren damua, haien hitzak osatzeko ingelesa aukeratu izanagatik. Oro har, dokumentalak uzten duen kutsua erabat osasungarria da. “Atzera begira amorrurik gabe” izan zitekeen izenburua.
Ondorengo ekitaldian bi ibarretako musikariak igo ginen BBK aretoko oholtzara, nahiz ibarren arteko nahasketak oraindik ere hor iraun. Aurpegi alaiak ikusten ziren, ondorengo “goatekean”  ere, AZKENA aretoan, eta hor bai solasaldiak guztiz nahastuak eta animosoak sumatu nituela. Dokumentalaren unerik barregarriena hauxe izan zen. Eskorbutoko Jualma beti bezala zuzentasun politikotik at: “lo que pasa es que las tías de la margen derecha están más buenas...”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina