2014(e)ko urtarrilakren 21(a), asteartea

PROMOGRAFIA


Miley Cirus Grammy sarien emanaldian

 Hedabideetan lan egiten dugunok, aspalditik soberan dakigu zein zaila den zenbait sortzailerekin hitz egitea, promozioan ez daudenean. Bestalde, produkturen bat aurkeztearren noizbait prentsaren arreta behar izan dugunok, ederki asko dakigu zenbat kostatzen den dozena erdi bat kazetari erakartzea. Promozio hutsa, urteetan zehar ezagutu dugun moduan, maldan behera doa agudo. Denon buruetan dauden aparteko izenak aldera utzita, prentsaurrekoek, promo orriek eta mailing-ek erabat galdu dute zuten eragina. Gehiegi dira eta egia esan, prentsa-kabineteek bidaltzen dituzten edukiekin, aski eta sobera izaten dugu berria jorratzeko, normalean egun bakar bateko aipamena. “Morboa ez duena oztopo besterik ez da” abesten zuen Fabio Mcnamara-k Almodovarrekin osatzen zuen bikote  lotsagabean. Agian horretxegatik gaur egun predikari “kitch” itxuraz agertzen zaigu nonahi Fabio koitadua.
Ditxosozko morbo horren atzetik ibiltzen diren artisten zerrenda amaigabea bihurtu zaigu. Izandako gaixotasun larria edo gaztetan jasandako tratu txarrak jendaurrean aitortzea oso promozio ona bihur daiteke. Hori bai, zure diskoa edo pelikula, berriarekin batera zabaldu behar da, errentagarria izateko.
Egun hauetan “eskandaluaren estrategia” nahiko nabaria da, besteak beste, Miley Cyrus, Lindsay Lohan, Madonna edo Lucía Etxebarriaren promozioetan ikusi denez, baina horrenbestetan erabilia izan da ezen jada ez duela aparteko erantzunik lortzen.       
Kazetaritza ikasten dugunean argi eta garbi uzten digute berri batekiko arreta lortzeko oinarria: “Txakurrak kosk egin dio gizaki bati” ez da batere interesgarria, “Gizaki batek kosk egin dio txakurrari”, aldiz, guztiz erakargarria da. Horrenbestetan erabilia izan ondoren, erotismoa, kosk egiten ez duen txakur edentatua da, gaztetxo inozoren batek kontrakoa uste arren.
Malcolm McLaren, Sex Pistols taldeko managerra aitzindaria izan zen honelako estrategiak erabiltzen 1977. urtean. Orduko musika talde erraldoien kanpainen aurrean ezer gutxi egin zitekeen ordura arteko promozio sistemen bidez. Ezinbestekoa zen atentzioa ematea eta ildo horretatik eratu zuen bere bidea: itxura ziztrin eta probokatzaileak , Elizabeth erreginaren kontrako abestia, , madarikazioz beteriko elkarrizketak... garai hartako prentsak jendearen asperrari aurre egiteko behar zuena hain zuzen. McLarenek apropos egin zuen Beatles taldekoek hamarkada bat lehenago txiripaz egin zutena. Solasaldi batean John Lennonek “Jesukristo baino ospetsuagoak” bilakatzen ari zirela esan zion kazetari bati. Gaitzespenak asko izan ziren mundu osoan zehar, baina zalapartak ez zuen lortu taldearen ospea murriztea... guztiz kontrakoa baizik.
Azkenengo moda, sustapen kanpainetan, “filtrazioa” da. Googlen “sarean filtratu da” esaldia klikatuz gero (are gehiago, jakina, gazteleraz edo ingelesez) zenbaterainoko fenomenoa bihurtu den jabetuko zara: Bruce Springsteen, Extremoduro, Lana del Rey, Scarlett Johansson, Taylor Swift, Lady Gaga, Radiohead... Promozio hutsa ez balitz, grabaketa estudioak eta argitaletxeak satorrez eta lapurrez beteta daudela sinistu beharko genuke. Honela jarraitzekotan laster “oharkabean” lortutako biluzien argazkien parean egongo dira “filtrazio” hauek.
Bai, bai, bitxia bada ere, musika munduan behintzat, promozioa gaur egun abestiak oparituz egiten da. Inportanteena ez da diskoak saltzea -inork ez du diskorik erosten- baizik eta publikoari helaraztea, gero birak eta merchandising-a saltzeko.  
“Perkal ona erakusleihorik gabe saltzen da” esan ohi zen lehen. Berriro ere: nola aldatzen diren gauzak, kamarada!  

1 iruzkin: