2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

PORROTAREN XARMA



Inside Llewin Davis

“Amets bat badaukazu segi haren atzetik egia bihurtu arte. Inork ez diezazula esan ezinezkoa denik. Bihotzez lortu nahi izanez gero, ez da zure helburutik saihestuko zaituen oztoporik”.
Horrelako esaldiak nonahi entzungai. Fame pelikula eta ondorengo telesaioa antzeko aholku batez hasten zen. “Talent show” guztietan, letania baten modura errepikatzen dira halako leloak. Kirolaren munduan zer esan. Garaipenaren epika ponpoxoak aspaldi baztertu du “kiroltasunaren” legea, eta iragan egun batean “parte hartzea garrantzizkoena da” baieztatzen zuen oinarriak aldekorik baldin bazuen, egun, “galtzaile” izateko seinaletzat baino ez zen hartuko. Ikusi besterik ez da nola usteltzen ari den giroa asteburuko txikien partidu askotan.
Arrakasta: gaur egungo urrezko zekorra. Baina ez edozein motatakoa. Hedabideetan eta azken bolada honetako filmetan, ospearekin eta dirutzarekin zerikusi zuzena duena saltzen da  gehienbat. Ingelesez horrenbestetan erabiltzen diren “winner” eta “loser” (garaile eta galtzaile) kontzeptuak, gurean sartu dira. Txaloak eta lehen orrialdeak merezi ez dituen miresmena erabat alboratuta geratzen da. Hollywoodeko heroi berriak Facebook sareko asmatzaileak edo finantza munduko “brokerrak” dira. Gustuko ditugu irabazten duten protagonistak eta horren komertzialak ez diren zenbait pelikuletan, Rodriguez: Searching for SugarMan izeneko dokumentalean kasu, galtzaileak eskuratzen duen ezusteko garaipena proposatzen zaigu.
Baina nahi eta nahiez “garaile” askoren atzean “galtzaile” pilo bat daude eta merezimenduek ez dira beti maila hauek sailkatzen dituena. Honetaz, besteak beste, mintzo zaigu Coen anaien azken filmean: Inside Llewyn Davis, nolabait laburtzeko, “galtzaile” baten historia.
New Yorken kokatzen da argumentua. 1961. urtean folk estiloaren inguruan, musikari ugari Greenwich Village zonaldearen taberna eta aretoetatik mugitzen ziren. Horietako asko Estatu Batuetako bazter urrunetatik helduak, “Sagar Handiko” ospe eta diruaren aginteen bila. Banaka batzuek lortu zuten -Bob Dylan-ek edo Joan Baez-ek adibidez-, baina beste asko bidean geratu ziren, eta ez zen beti izan talentu ezagatik edo behar besteko ahalegina ez egiteagatik. Ez eta drogan edo depresioan erotzeagatik ere.
Protagonistak, oso era bikainez Oscar Isaac-ek antzeztua, porrotaren alde ilunak eskaintzen digu, borroka eta fedea ez direla beti arrakastaren bermea erakutsiz. Berriro ere, asko dira deituak eta gutxi aukeratuak” , zeinek esan al zuen bizitza zuzena denik?
Gerra guztietan heroiak daude baina parte hartzen duten gehienek “soldadu ezezagunen” zerrenda osatzen dute. Mundu osoa “soldadu ezezagunei” eskainitako oroigarriz beteta dago eta horrelako zerbait izan zitekeen pelikula hau, “musikari ezezagunari” nolabaiteko oroigarria.
“Ezin duzu beti nahi duzuna lortu, baina adoreaz saiatzen bazara... merezi duzuna eskuratuko duzu” . Horrela abesten zuten Rolling Stones taldekoek You can’t always get what you want kantuan.
Txaloak eta miresmena lortzeko horrenbeste gonbidapenek funtsezko zerbait ahanztera eramaten gaitu, batere modan ez dagoen zerbait hain zuzen: umiltasuna, zintzotasuna eta besteenarekiko errespetua norberaren arrakastaren zutabeak direla.
Joseph Rudyard Kiplingen hitzetan: “arrakasta eta porrota, bi iruzurti horiek, ezaxola berdinarekin tratatu”.             

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina