2014(e)ko martxoaren 12(a), asteazkena

BOZKETA SAMINAK




Pinochet diktadoreak bere erreferenduma galdu zuen
Hauteskundetan irabazteak ez dizu edozer egiteko baimena ematen. Askotan, hori azpimarratzeko Hitlerren garaipena aipatzen da, eta ez alferrik. Hautetsontzietan boto gehiago lortzeak ez dizu bidea zabaltzen denon bermeak pikutara bidaltzeko eta horrela gertatzen denean agintariak demokraziaren bestaldean kokatzen dira. Bai horixe.
Baina, bestetik, irabazi duenaren kontrako matxinadak, nahiz herriaren parte handi batenak izan, ez dira, nahitaez, bidezkoak izaten.
Gerra Hotzaren garaian, ohikoak izan ziren Estatu Batuen “esku-hartzeak” irabazle “susmagarrien” kontra. Agian kasurik lazgarriena Txilekoa izan zen. Salvador Allende sozialistak, boterea eta bizitza galdu zituen estatu kolpe baten eraginez, bere ordez Augusto Pinochet diktadore odolzalea jartzearren. Garai hartan “komunismoaren mehatxua” zen aitzakia, eta Kubako eredua zabaldu ez zedin, dena zen zilegi, antza. Azken finean Sobietar Batasunak gauza bera egiten zuen bere eraginpetik ihes egin nahi zuten herrialdeekin. Udaberri berririk ez Txekoslovakian, Hungarian edo Polonian saiatutako aldaketa prozesuentzat. Baina banaka urteen buruan askatasun haizeak nonahi zabaldu ziren eta inperioen eragina erabat gutxitu zen denon zorionerako. Winston Churchillen esaldi famatua,   Demokrazia, gizakiak eratutako gobernu sistemarik okerrena da.  Beste guztiak salbu", munduan zehar zabaldu zen izurrite antzera.
Txilen bertan gertatu zen legez, bortizkeriaz kendutako askatasuna ez da egun batetik bestera ahazten. Herriek beren harrotasuna daukate eta historiak behin eta berriz erakusten diguna hau da: injustiziaren oroipenak belaunez belaun bizirik dirau.
Hemen 1936. urtean gertatu zena ere -hauteskundeetan irabazle izan zirenak gobernutik armen bidez kanporatuak izatea- askotan errepikatzen ari da azken bolada honetan.
Aljerian islamistak garaile ziren 1991. urtean eta Egipton 2012. urtean. Urte hartan, baita ere, Víctor Yanukóvich Ukrainian izan zen irabazle. Hiru herrialde horietan, nazioarteko ikuskatzaileen arabera, bozketak legezkoak izan ziren eta ez zen aparteko trikimailurik sumatu. Kasu hauetan guztietan matxinadaren bat  eta armaden parte-hartzea ezinbestekoak izan dira hautetsontzien emaitzak goitik behera eraldatzeko. Horietan denetan -eta aipatu ez ditudan besteetan- mendebaldeko demokrazien jarrera ofiziala erabat zalantzati izan da, eta, oro har, nabaria da nolabaiteko lasaitu ederra “gaiztoak” boteretik at ikustean. Venezuelan ere Chavezen gobernuaren aurkako kolpe saiakera bat antolatu zen, laster porrot egin bazuen ere. Ordu horietan agerian geratu zen, baita ere, ez Europak ez Estatu Batuek ez ziotela legezko presidenteari lagunduko.  
Horren urrutira joan gabe, hilabete batzuen buruan, gugan sano eraginkorrak izan daitezkeen kontsultak iragartzen dira: Eskozia eta Kataluniarena.
Lehenengoan Londoneko onespena daukate beren etorkizuna erabakitzeko, bigarrenean jadanik ez dago batere argi zer-nolako bozketa izango den, baina bai ez duela inondik ere onartuko Madrilgo gobernuak.
Ez da igarlea izan beharrik zer gerta daitekeen sumatzeko: Britainia Handian oinarriak finkatuko dira epe luzeko elkar-ulertzerako, eta Katalunian samintasunez gogoratzeko irainaren data bihurtuko da egun hori. Alderatzeak saihestezinak izango dira.
   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina