2014(e)ko martxoaren 5(a), asteazkena

EVOLEZIOAK




Dokumental osteko solasaldia
Horrenbeste egun pasa eta gero, Jordi Evoleren bihurrikeria bizirik da oraindik eta ika-mikak sortarazten nonahi. Alde horretatik, harexek nahi zuen baino eztanda handiago izan duela dirudi. “Normalean ez da txantxetan ibiltzen - biziki haserre zegoen lagun bati aditu nion- hemendik aurrera ez naiz beraz fidatuko” .
Hasieran ni ere egundoko esklusiba baten aurrean nengoelakoan nengoen, azken finean “auto-kolpe”aren teoriak aspaldiko partez indarrean daude. Baina Garciren irudia ikusi bezain pronto “zalditik jausi nintzen”, beste “mockumentary” ezaguna gogorarazi zidalako: Opération Lune izenekoa, zeinean Stanley Kubrick-i antzeko amarru bat leporatzen zioten, kasu hartan gizakiak ilargian emandako lehenengo pausoen itxurak egiteko.                  
Tejeroren ditxosozko estatu-kolpe saioaren inguruko hamaikagarren “behin betiko” erreportajea izango zena, guztion ahotan dabil, 1970eko hamarkadan Uri Geller-en koilara okertuen gauean gertatu zen legez. Evole eta bere lantaldeko  nahia ez dakit zein izango zen honelako antzezlana zabaltzean. Izenburuaren arabera “gezur baten bidez egia azaltzea” izango litzateke helburua, baina galdera modura eratzean, ez da batere garbi geratzen funtsezko erantzunik eman nahi dioten ala ez. Nolanahi ere badira aztertzeko gai diren zenbait ondorio interesgarri. Goazen ba:
Bat.-  Iñaki Gabilondok sasi-dokumentalaren bukaeran esan zuenez, “harrigarriena ez da gezurra izatea, baizik eta zein erraza den honelako gezur bat antolatzea eta fidagarria izateko itxura lortzea”. Egia esan, bere agerpenak guztiz sinesgarriak izan ziren eta antzeko zerbait esan liteke Jose Luis Garci eta politikarien jokaeraz. Horrelakoetan -sasi egietan- eskarmentu handia daukatela pentsatzekoa da. Egia da. Operación Palace dokumentalaren ondorioz, hor agertzen direnen gezurrak esateko gaitasunaz jabetu gara, eta bai, oso onak dira benetan, hurrengo batean kontuan hartzeko modukoak. 
Bi.-  Gutxitan bezala izan da nabaria sare sozialen zama ikusleen lehentasuna erakartzeko orduan. Hain harrigarria eta ezohikoa zen telebistan erakusten zena, Twitter eta Facebook-en iruzkinak biderkatu egin ziren, askoren arreta pizteraino, eta telesaioko lorpenik handienak gaindituz. Gainerako kateen emaitzak -Risto Mejideren debuta elkarrizketatzaile gisa barne- erabat txikituta geratu ziren haren aldean.
O-23ko gaua “transistoreena” izan zen izendatua. Ikertzaile askok Tejero eta besteon porrota “teknologia” mespretxatzeagatik gertatu zela baieztatu zuten. Horrenbeste urte pasa eta gero “sare sozialen” gaua bizi genuen eta, berriro ere, teknologiaren erabilerak arrakasta eta porrotaren muga marraztu zuen.        
Hiru.- Ohikoa bihurtzen ari da hildakoen erabilera, inolako errespeturik gabe, bizidunen probetxurako. Gabilondo eta besteen partaidetza guztiz onargarria da, baina Carrillo, Gutierrez Mellado eta beste zenbaitena ez. Bereziki nazkagarria Adolfo Suarezen adierazpenen erabilera, kontuan edukiz bere gaur egungo ahalmenik eza eta gau hartan bere benetako papera zein izan zen.
Laburbilduz. Gezur handi horrek ez zuen O-23ko egia azaldu, baina agian baliagarria izan zen beste zenbait ebidentzia erakusteko. Besteak beste, zein erraza den gezur handi bat antolatzea sinisgarria bilakatzeraino, eta zenbaterainoko oihartzuna lortu daitekeen morboaren kudeaketa egokiaren bitartez.         



   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina