2014(e)ko martxoaren 23(a), igandea

URRUTIKO AHOTSAK




Bizitzaren gertaerarik funtsezkoenak, astearte arrunt batean gertatu ohi dira,
“El pez Gordo” izeneko pelikulan entzun zuen behin esaldi hura eta betiko tinko geratu zen bere burmuinean. “Bizitzaren gertaerarik funtsezkoenak, astearte arrunt batean gertatu ohi dira, arratsaldeko lauretan”.    
Egunero bezala, ohetik altxatu bezain pronto horrelako urrutiko esanak martxan jarri ziren bere baitan. Amarena lehenengo, agindua eta fereka bere hizkeran bateratuz, egiatan bere alboan egongo bailitzan: “Altxa zaitez laztana, berehala egiten ez baduzu, gero askoz gehiago kostako zaizu”. Aurpegia garbitzeko ohitura aspaldian galduta bazuen ere, konketaren irudiak berak berriro zekarkion amaren hizkera: “Katakumeak bezala egiten duzu, maite, aurpegia ganoraz garbitu behar da, bestela ez zara ongi esnatuko”. Bizarra kentzean, ordea, aitaren gomendioak errepikatzen ziren: “Ez duzu horrenbeste xaboi erabili behar, ume, inportanteena ez da xaboia, aitzurra ongi mugitzea baizik” , “kontuz ibili lepoan, ebaki gehienak hor egiten dira eta”.             
Janzterakoan, sarri bururatzen zitzaion bere haurtzaroko maisu bati entzundako esamoldea: “Oinetatik hasi eta gora janzten diren gizonezkoak izan behar duzue...”. Zer esan nahi du horrek? Ba al da prakak oinetatik hasi eta gora janzten ez dituen gizonik? Gizarte basatiengandik urruntzeko era al da? Txilaba edo sotana janzten dutenengandik?... Egun hauetako batean interneten kontsulta egin behar.
Bere disko gogorrean grabatuak ziren ahots horiez guztiez ahazteko asmoz, irratia piztu zuen. Gertaera odoltsuren bat, sutan dagoen herrialderen bat, kiroletan lortutako zerbait, ekonomian galdutako beste zerbait, eguraldi aldakorra, horren aldakorra ez den bertako politika... elkarrizketa. Gosaria hartzen zuen bitartean politikarien ordua zen. Ezinbestean, aitak gustuko zuen txiste txarraz gogoratzen zen: “Politika erabat zakarra da, begiratu, gure ama bizitzan daukagun maitasunik politena da eta ostera, ama politikoa...”.
Buruan betiko geratzen zaizkigun zenbait iruzkin, askotan ikastearekin lotuta egon ohi dira. Agian horregatik, autoan zebilela, bere autoeskolako agindu eta gomendioez oroitzen zen. “Adi motorrari, bere hotsak esango baitizu noiz aldatu beharko duzun martxaz”, “ohitu zaitez keinukariak erabiltzen, berdin dio atzealdetik kotxerik datorren ala ez, ohitura hartuz gero era automatikoan egingo duzu beti”...
Hitzak, hitzak, hitzak. Zergatik batzuk erantsita geratzen dira buruan betiko eta beste batzuk, gehienak, haizearekin batera galtzen dira? Liburuetan, pelikuletan, aitzinean galdutako elkarrizketaren batean entzundako hitzak, gutxien espero duzunean azaltzen zaizkizu laguntzeko, mehatxu egiteko, aholkatzeko, dena pikutara bidaltzeko...
Egun hartan ez zuen lanera joan behar. Kotxea aparkatu eta gero hirian ibili zen pasieran noraezean. Tranbiako errailaren gainetik pasatzean bere aitonaren hitzak entzun zituen nonbait: “nire garaian tranbia zegoen Bilbon, baina kendu zuten, horrenbeste trafikorekin arriskutsua bihurtu zelako”...
Bere gustuko taberna zahar batean, gogo handirik gabe mokadu bat egin eta gero arnasa hartu zuen. Klinikara abiatu behar behingoz. Bere pausoek bihotz-taupadekin bat egin zuten eta bere buru-biltokitik beste aspaldiko esan bat sortu zen, honako hau, Woody Allenena: “Esan ahal dizuten gauzarik politena ez da ‘maite zaitut’, ‘onbera da’ baizik”. Arratsaldeko lauretan zeukan hitzordua.
Asteartea zen.    


         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina