2014(e)ko apirilakren 2(a), asteazkena

HIRI BATEN MARKA


Bilbao Exhibition Center


“Hiri honetan beti egongo da, Bilboko portua Areatzan jarriko lukeen tipo ‘txirenerik’, baina gaur egun, etorkizuneko Bilbo irudikatzeko orduan, inguruko herriak kontuan izan behar ditugu, hiri bakar bat osatzen dugulako”.
Horiexek Iñaki Azkunaren hitzak, Bilboko Erakustazoka berria non kokatu behar zen eztabaidatzen zenean. Bere alderdian bertan defendatzen ziren beste iritzien kontra, Azkunak, sen onak aholkatzen duen legez, Bilbo Metropolitarraren aldeko apustua egiten zuen.
Orain pil-pilean dago berriz “Bilbao Exhibition Center” izenari buruzko polemika eta berriro ere, Barakaldoren izena aipatzearen aldeko eta kontrako argudio sendoak aurki daitezke. Hiria ongi ezagutzeko argitaratu den edozein gida-liburutan, derrigorrez agertu behar dira Bilbon bertan ez dauden zenbait ikono: Bizkaia Zubia (UNESCOk gizateriaren ondare izendatua), Bizkaiko Labe Garaiak, Superportua, Loiuko aireportua, Derioko hilerria...
Hau ez da Bilbon bakarrik gertatzen den zerbait. “Disneyland-Paris”en gaudenean, 32 kilometrora dagoen herrixka batean gaude eta London-Stansted izeneko aireportura heltzen garenean,  hiriburutik 80 kilometrora aurkitzen den hiri batean lurreratzen gara.
Era berean, Santurtzin eta inguruko herrietan “Bilbora” heldu zirelako ustean zeuden galdutako marinel askori argitu behar izan zaie, ez zela, hain zuzen ere, horrela.
Baina azken finean ulertzekoa da. Bilbo, Paris, London... hiriak dira, bai, baina markak ere bai. Eta markak, ez gaitezen engaina, lagungarri dira oso, zerbait hobeto saltzeko orduan.
Horren indarrean dagoen kontzeptua, oso adierazgarria da eta bizi garen garaien seinale. Nola edo hala, erosten ditugun ondasunenak bezala, horrelako markek ere badituzte beren gorabeherak. Badira marka sendoak: Coca-Cola, Mercedes, Simpsons, New York, Beatles, Phil Roth... zapuzten ezinezkoak diruditenak eta badaude beste batzuk indarra galdu dutenak: Nokia, Pepsi, Ford, Detroit, Jonas Brothers, Lucia Etxebarria... horrek ez du esan nahi hori betirako izan beharko litzatekeenik; orain dela mende bat, 1914. urtean adibidez,  gutxik egingo zuketen apustu USA markaren alde, eta Athleticena, markarik finkoena zen Espainiako “foot-ball” taldeen artean.
Politikarien arteko lehia bihurtu da marken gaia eta ez da gutxiagorako. Horren sendotuak ez daudenak beti modaz pasatzeko arriskuan daude eta marka baten arrastoa ahuldu edo sendotu daiteke erabakien arabera. Ikusi besterik ez da nola aldatu diren mundu mailan Madril eta Bartzelona markak.
Monopoly erraldoi batean egongo balira bezala gurean mugitzen diren markak ere gora eta beherako mugimendu iraunkor batean daude: Eroski, Caja Laboral, El Corte Inglés, Iberdrola, Vitoria-Gasteiz, San Fermin, Aste Nagusia, EITB, Zinemaldia, Eskorbuto, Mondragon, Zuberoa, Txakolina, Euskaltel, Arzak... Horietan eta beste marka askotan, balioak aldakorrak dira eta inork ez du haien indarra -edo ahulezia- betiko bermatzeko formularik.
Hirien kasuan, dudarik ez, bai handiek, bai txikiek, denek dute beren marka defendatzeko eskubidea, baina hiriak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren munduan; Azkunak gai honetan erakutsi zuen eskuzabaltasuna eredutzat hartu beharko genuke.  Azken finean Juan Carlos Egilleorren hitzetan: “Barakaldo eta Londonen arteko bihotzeko nahasketa da Bilbo”.                           
       



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat