2014(e)ko apirilakren 27(a), igandea

FARLOPA

Roberto Savianok "nola kokak mundua gobernatzen duen" aztertu nahi du
Hauts zuria, farla, periko farlopa... kokaina nonahi dago. Pentsa liteke aberaskumeen partyetako edo rock kontzertuetako gauza dela bakarrik, baina hori hala balitz, ez luke mundu mailan duen negozioa izango.
Zabala izan arren, kokaren unibertsoa lurpekoa da. Salbuespenak salbuespen, heroinaren mende dagoena ez da luzaro egongo bere mendekotasuna nabarmendu barik. “Zaldia”k hildakoak, gaindosiaren edo HIESAren eraginez izaten dira; kokak hildakoak, aldiz, bihotzekoak jota. Gehienetan, hildakoaren hurbilekoek bakarrik dakite benetako zergatia.
Koka egunero behar duena zure ohiko tabernaria izan daiteke, edota zure familiako medikua, edota fakultateko irakasle hori, horren umore aldakorra duena...
Bikote horren hausturan, negozio horren porrotean edota eleberri baten arrakastan ere koka izan daiteke arrazoi gordea. Agerian baino toki gehiagotan dago, zalantzarik gabe.
Ahab kapitainari gertatzen zitzaion legez, Roberto Saviano ere beluga erraldoi batekin itsuturik dago. Bere azken liburuan, ezkutuan bizi den idazleak kokaina izeneko balea zuri horren arrastoaren atzetik garamatza, mapa zabal bezain ikaragarria marraztu arte.
Kolonbiatik Mexikora pasatutako inperioa, kartelen arteko paktuak, traizioak eta gupidagabeko gudak, imajina litezkeen baino tortura sofistikatuagoak. Kazetari eta politikari ustelduak, beste batzuk ausartak izateagatik garbituak..., kartelentzat lan egiten duten eskualde zabalak, Italiako eta Errusiako mafiak gero eta nagusiago diren merkataritza...
Ez da erraza lan honetan agertzen diren datu guztiei patxadaz segitzea. Savianoren idazkera, bizia bezain bortitza da, eta askotan orrialde bera behin eta berriz irakurri beharra gertatzen zaigu, kontatu nahi digun narrazioaren haria ez galtzearren. Gomorra idatzi zuenetik idazlea heriotza mehatxupean bizi da. Horrek ez dio ematen idazten duenari guztiz egia izateko bermea, baina bai, agian, beste batek idatziko ez lukeena kontatzeko ausardia.
Datuen arabera, azken hamar urteetan atzemandako kokaren ehuneko hirurogei, itsasoan edo portuetan konfiskatu dute. Europako merkatua etengabe gorantza doa eta kopurua dagoeneko munduko ia ehuneko hogeita hamarrera heldu da. Espainia sarrera-punturik beroena da. Helmuga hori zeukan 2009an harrapatutako “farlopa”ren erdiak.
Nerabeak, 2000. urtera arte oso kontsumitzaile kopuru txikia izanik, helburu guztiz desiragarri bihurtu omen dira trafikatzaileentzat.
Baina CeroCeroCero liburuan beste aterabide batzuen falta nabaritu dut. Mapa horretan ez da altxorrik sumatzen. Badirudi kokaina eta munduko “Cosa Nostra” guztiak maltzurkeria zabaltzeko ezinbestean elkartu direla eta ez dagoela saihesteko inolako irtenbiderik. Narkotrafikoak kokak berak baino jende gehiago hiltzen du. Epaileak, kazetariak, poliziak, isil-mandatariak, senideak, parean gertatu direnak... zerrenda amaigabea da eta egunero luzatuz doa.
Legeak eta poliziak apenas lortzen dute zerbait atzematea. Badirudi, mendekotasuna eta mafiak nola handitzen diren ikustea besterik ezin dezakegula egin.
Baina proposamenik, behintzat, badago. Besteak beste, Britainia Handian adibidez, parlamentari talde batek legeztapenaren aldeko txosten bat aurkeztu du “milioika aberkideen bizitza salba dezakeena”. Debekuak lortu ez duena arautzeak ekar lezake. Hala bedi. 
            
  


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat