2014(e)ko apirilaren 14(a), astelehena

ZORTZI ABIZEN, HAMAIKA EZIZEN



"Ocho Apellidos Vascos" pelikularen fotograma

Nire auzoko arrandegian. Adineko andre bat, irriz eta barrez, aurreko egunean ikusi duen pelikula, Bernar arraindunari kontatzen.
_ Mutikoa andaluza da, eta hemengo neskato bategaz maitemintzen da eta hona dator neska bila eta konturatzen danerako gizajoa kalabozuan sarten dabe, gura barik kontenedore bat erreten dauelako, eta kalabozuan beste burrukalari horreetakoak dagoz eta berak euskalduna izeteko plantak egiten dauz...
_ Andaluza, euskalduna da ala?- galdetzen dio Bernar-ek , matxetea eskuan...
_ Ez, ez, andaluza eta erdelduna, baina bildur danez, gainerako presoak oso gaizto arpegiak dabezelako hasten da euskaldun modura berba egiten...
_ Eta besteek sinisten al diote?
_ Bai... zer komandokoa dan galdetzen diote eta berak “Soy del Comando G” -eta besteak- Komando G? ... -eta andaluzak-  bai, “Comando Gipuzkoa”, kar kar kar...
_ Polite da gero pelikulea?
_ Bueno, polite, polite... parregarria da ba, badakizu... denbora-pasa horietakoa... “Vaya Semanita” antzerakue...ongi pasa neban... sin mas.
Etorria da  beste auzokide bat dendara. Berrogei eta hamar urte inguru, aizkolari-atorra jantzita, besoak gurutzatuta...
_ Ocho Apellidos Vascos? Bai ergelkeria ederra... nolatan ez da aita konturatuko mutikoa ez dela euskalduna? Zer uste dute? Euskaldunak atzo jaioak garela edo?
_  Kontuan hartu behar da komedia dala, besterik ez... eta Karra Elejalde hori oso ondo dago... denok ezagutzen ditugu horrelako tipoak... ez?
Andreak eta gizonak, argi dago, elkar ezagutzen dute. Arrain-saltzailea arretaz entzuten ari da, adi, esku artean daukan legatza gogoz zatikatzen duen bitartean...
_ Egia esan nik ez dakit zer egin. Emaztea irrikitan dago ikusteko, baina kristoren ilarak omen dagoz... ez dakit... Elisa ¿has visto tú  Ocho Apellidos Vascos?
Dendan gauden guztion buruak atzera bueltatzen dira. Latino itxura duen neska potolotxo bat dago umetxoa alboan duela...
_ Ay sí, que linda...me encantó... es que... los vascos están muy bien retratados... bueno a mí me pareció...
Horrenbeste begi haren aurpegian iltzaturik, neskak lotsatuaren irribarrea erakusten du, ia barkamena eskatuz.
_ Pues qué queréis que os diga -gizonak berriz- a mí me pareció otra españolada más... sólo faltaba Alfredo Landa...
Arratsaldean nire hamahiru urteko alabarekin joan nintzen zinemara eta egia esan,  dendan entzundako iritzi guztiek beren arrazoi-partea zutela iruditu zitzaidan. Egia da gatz lodiko umorea daukala gehienbat. Egia da lotsatzeko uneak ez zaizkiola falta, batez ere euskara dela-eta txisteak egin nahi dituenean (barre gutxien orduan lortzen du, bide batez esanda). Endredozko komedia bezala nekez funtzionatzen du, baina bestalde, akatsak akats, Karra Elejaldek eta Aitor Mazok antzezten dituzten paperak guztiz ezagunak egiten zaizkigu; Carmen Machi-k, ohikoa denez barre-algararik ozenenak eragiten ditu, eta, gidoiak izorratzen ez dituenean, protagonista gazteek ez dute gaizki egiten. Honen guztiaren gainetik, nire alaba (euskalduna eta ikastolan hezia) horren pozik ikusteak, bertoko topikoekin barrezka, zerbaitetan asmatu egin dutela pentsarazi zidan. Azken finean urte mordoa da -denbora gehiegi agian- euskalduntasuna dramarekin eta ezkortasunarekin lotzen dugula.
Trucha policía. Poca diversión.

2 iruzkin:

  1. Ikuspuntu guztiek bere arrazoi apurtxoak dituzte. Bizkaitar gatzadun euskalkiarekin, horrez gainera, arrazoi gehiagorekin ;D

    Barregiteko bestela ez den pelikula batez solasten ari gara. Komeria. Ezin ulertu dudana da zergatik pentsatzen dute Espainaldean txartzat hartu dutela euskaldunek filma. Eta nondik atera dute biktimei trufa egiten dietela?

    Gauna onenetarikoa: Beste lekuetan euskaldunak erakargarriak omen garela, ezezagunak, misteriotsuak. Pelikula ikusteko ilarak hor daude baiezteko. Azken finean peli hori esker, ezagutuko gaituzte (erdi gaizki edo erdi ongi) baina beldurra kenduko zaie gutaz.

    Drama ugari bizitzen gara, parre egiteko pelikula ez da txarra, eta, azkenean zer esaten du filmak? Ba hori, ez garela hain ezberdinak gu artean.

    ErantzunEzabatu
  2. Kaixo Juli, zu bai gatzaduna gero!
    La Vanguardian argitaratu zen artikulu batetan, kazetaria amorratua zegoen Espainian euskaldunak katalanak baino ospe obeago dutelako. Gauza biak topikoeta oinarrituta dago gehien bat, baina bitxia bada ere horrelako zerbait bai gertazten dela.

    ErantzunEzabatu