2014(e)ko ekainaren 2(a), astelehena

AHAZTUEN OROIMENEZ



Orain dela gutxi, Madrilgo Claudio Coello kalean nindoala, detaile zatar honi erreparatu nion: Carrero Blancoren txoferraren izena ez da agertzen haren omenezko plakan. Ezta aipamen txiki bat ere. Horrek pentsarazi zidan oroitzapenak zein selektiboak izan daitezkeen. Gudari ezezagunekin egiten den bezala, nik honako hauentzat ere, besteak beste, monumentuak proposatuko nituzke:

Colon-Gizon Zuria
Jesukristorekin batera gurutzatu zituztenak. Armenian, Latinoamerikan, Afrikan eta munduko hainbat lekutan izandako genozidioen biktimak. Europeista konbentzituak. Autostopistak. Antonio Banderasen emazte ohia. Zarrari gol famatua botaren puntan ipini ziona. Benetan argi elektrikoa asmatu zuena -Edisonek domina eskegi zezan-. Holokaustoari buruzko pelikuletan agertzen ez diren “garbituak”, juduen zori berekoak izan arren. Salaketarik egin gabe abusuak jasan dituzten gizakiak. Idazteari, margotzeari, ikertzeari utzi behar izan zioten emakumeak -emakumezkoak izateagatik hain zuzen- . Liburu-denda zaharretan pilatzen diren autore galduak. Raquel Meyer eta antzeko hainbat “kuple” izar. Inork ezagutu baino lehen banandutako rock taldeak. Beatlesen lehenengo bateria. Casablanca pelikularen gidoilaria. Biblia eta Korana idatzi zituztenak. Lehenengo Athleticen jokatu zuten britainiarrak. Txisteak asmatzen dituztenak. Saturday Night Fever pelikulan Travoltarekin dantza egiten zuen neska. John Lennon eta Paul McCartneyren lehengo emazteak. Martes y Trece taldeko hirugarren kide hura. Egiptoko piramideen asmatzaileak eta egileak. Zoom balletaren dantzari beltza. Tarzanen papera antzeztu duten aktore gehienak.  Tonika maitatzera gonbidatzen gintuen betaurrekodun hura. ‘Colon’en gizon zuria. La La La hirukoteko neskak. Urtainen aurkari guztiak.  Adiós Cigüeña Adióspelikulako protagonistak. Michael Jacksonen anaiak. Ilargia zapaldu dutenak -lehenengo hirurak izan ezik-.  Glamour-ik gabeko heroinak akabatuak. Izandako erregeen amoranteak. Gerra-korrespontsalak. Eurovisionen partaide gehienak. Itsasontzi-hondoratzerik larrienean hil zirenak. Ez, ez zen Titanic-ena izan, MV Wilhelm Gustloff transatlantikoarena baizik:  9.343 hildako. Hirugarren mundurako laguntza-kanpainak. Mary Poppinseleberriaren idazlea. Everest oinkatu zuten lehenengo euskaldunak. Ezkioko eta Unbeko ama birjinak ikusi omen zituztenak. Troskistak, maoistak, sobietarren aldekoak, eta haien arteko liskarrak. Argitalpenek antolatutako ospe handiko sari literarioak. Abesten zuten txikiteroak. Antzerki “independentea”. Apaiz gorriak. Bob Dylanekin batera Greenwich Villagen ospearekin amesten zutenak. Boy-skautak. Txerpolariak (saltzaile ibiltariak). Kontzientziadun kantautoreak. Eskuz egindako ikurriñak. “Kafe-konpleto” eskatzaileak. Zine komikoari dagozkion pelikulak. Hemen arrakasta zuten abeslari frantziar eta italiarrak. ‘El vaquilla’ eta bere belaunaldiko hainbat “kinki”. Bokata eskutan kalera jolastera zihoazen  umeak. Un, dos, tres, responda otra vez lehiaketan izandako ospetsuak. Auzoko zineak. Irrati-nobelen idazle eta aktoreak. Aisa, Amaña, Velazquez, Evangelista eta horrenbeste boxeo izar. Inolako aztarnarik utzi gabe desagertu ziren gizakiak. Hau guztia irakurtzean burura etorri zaizkizunak.     


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina