2014(e)ko maiatzakren 26(a), astelehena

EUROPUTZAK



Conchita Wurst, Eurovision jaialdiaren irabazle

“Hil da Europa”, “Arde Europa”, “Europe after the rain”, “Hierve Europa”, “Europa ha muerto”. Mezu ezkorrak ageri dira kantuen izenburuetan. Aduanak desagerturik, buruan diraute mugek, sakon gainera. Afrikar askoren ametsa dena, bertoko askoren amesgaiztoa da. “Europa ez zaigu komeni!” da neonazien mitinetako orroa. Bandera urdinak sutan daude Greziako manifestaldietan, bandera berdinak mespretxatzen dituzte Britainia Handian, harrotasunez astintzen Ukrainiako kaleetan...
Espainian ez da apenas Frantziar kulturaren ezer kontsumitzen, Dinamarkan ez da Alemaniako deus kontsumitzen, Britainia Handian ere ez Italiatik datorrenik eta Portugalen ere ez Espainiakorik ezer, baina denok, hori bai, USAkoak kontsumitzen ditugu gogo biziz, egiazko moda, artea eta kultura haien ardura izango bailitzan. Asiatik ere bapo kontsumitzen dugu, baina beste arrazoi batzuengatik.
Inori gustatzen al zaio benetan Europa? Ba al da europar askok gustuko duten gertakari europarrik? Mmm:  Futbola... Eurovision kantu-lehiaketa... Erresuma Batuko zenbait musika talde... Konpositore klasikoak... Urte berri eguneko kontzertua...
“Europak muzin egiten du!” entzun daiteke nonahi: Sirian, Libian, Palestinan, Iranen, Iraken, Egipton, Kongon, Nigerian, Ukrainian... “Europa buxatuta dago” diosku Jose Mujicak, Uruguaiko presidenteak, Latinoamerikako bozeramaile. Europaren memoria, europar odolez zikinduta ageri da. Mende gehiegi igaro ditu barruko liskarretan. Kontinente osoa menperatzen alferrik saiatu dira: erromatarrak, Napoleon, naziak, sobietarrak... Behin eta berriz ondorioa berbera: gorpuak, miseria, hondakinak, berregitea.
Boto-emaile nagien eguna ospatzen dugu gaur. Gauean adituek abstentzioaren marra gorriak gainditu ditugun ala ez aztertuko dute. Berdin dio. Zalantzarik bazen, kontinente zaharreko biztanleok zenbait gauza ikasi dugu azken urteotan: Europako herrialde guztiak ez gara berdinak, moneta-batasunak ez dakar soldata-batasunik, Bruselako parlamentua ez da Europar Batasuneko botererik handiena, europar herritarra izateak ez dizu bermatuko Europan lana aurkitzea, eta, gure ordezkarien zeregina lobby eta antzeko botere ezkutuen presiopean dago. Ez, ez dirudi bozkatzeko gogoa berpizteko egoerarik egokiena denik oraingo hau.
Baina zer edo zer izango du dama zahar honek “Europak botako zaituzte!” independentisten kontrako etengabeko mehatxua bada. Bere garaian Europako Batasunean egoteko ametsa genuenok ezin dugu huts egin. Dagoen batasunak inor ez du guztiz asetzen, baina dagoena zapuztea ere ez zaio inori komeni, ez behintzat Europa barruan. Jose Mujicak zentzu onez esan zuenez: “Europari igartzen zaio ‘izan dela’ eta dagoeneko ‘ez dela’. Bere diskurtsoa beti da berdina azken urteotan eta benetan ikaratuta nauka. Baina Europa jende adimentsuz beteta dago eta ziur nago aurrera egingo duela”.
“We’re unstoppable” –geldiezinak gara- izan zen Conchita Wurst-en oihua Eurovisioko garaile izendatu zutenean. Eta hor agian sinbolo bat sumatu daiteke baita ere. Austriar abeslaria bezala, gaurko Europa ez da denon gustukoa eta kritika ugari jasotzen ditu. Baina askatasunaren ikurra izatera kondenaturik dago. Atzerabiderik ez da. Haren aberkide Adolf Hitlerrek burua altxatuko balu...   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat