2014(e)ko ekainaren 22(a), igandea

BIZIPOZA

Nire lagun batek, Iñaki Bastarrika Izagirrek, aspaldian bota zidan erronka, adarraren puntan galdera hau ipintzeko: Zer zaigu bizipoz iturri? Bitan pentsatu gabe eta arrapaladan, horra hor nire zerrenda:                                                                       
ARCHIMOSSI TALDEA (FLORENCIA)
Gogoz emandako musua. Bortxatu gabeko paisaia. Ostiraleko lehenengo garagardoa. Arima harrapatzen dizun musika berri bat aurkitzea. Belar moztu berria. Ongi prestatutako kafesnea. Goizean esnatzean bizirik eta sasoian -gutxi gorabehera- zaudela egiaztatzea... atera berria den tortilla-pintxo bati emandako lehen mokadu hori. Familiaren arnasa eta laguntza beti hor daudela, barne-barnean ederki asko jakitea. Besteenganako maitasuna. Zeure buruarenganakoa (azken finean gehien maite duzuna). Igandeko arratsalde alu horietako batean, espero ez zenuen telemovie batekin hunkitzea.  Ohiko pub irlandar horretan partidu on bat lagun artean disfrutatzea. Loak hartua sentitzea liburu on baten orrialdeen artean. Gauerdian esnatu eta, gustuko duzunaren presentzia alboan sentitzea. Lagun on batekin bazkaltzea, eta, denbora luzean berarekin mintzatu barik egon arren, elkar ongi ulertzearen sentipen bera berritzea. Periodikoa patxadaz leitzea, kafea epeltzen ari den bitartean. Bainu bat hartzea, irratian gustuko saioa entzunez. Liburu zaharren liburu-denda batean galtzea eta bertan denbora gelditu egin dela sentitzea. Harea bustiaren gainetik ortozik paseatzea, olatuen ferekak tarteka-marteka agurtzen zaituen artean. “It’ a long way to the top” kantaren hasiera kotxe barruan entzutea eta sekula nekatzen ez zaituzten doinuak badaudela baieztatzea. Aspaldian ahaztu samar zeneukan pelikula hori, maite duzun ume baten begi berrien bitartez berriro ikustea eta umeak bezala berriro disfrutatzea.                                                     
Gogoeta hauek dantza egiten zuten nire buruan, Zornotzako uri zaharrean Fanfare Transilvaniaren ekitaldiaz gozatzen nuela. Badago zer edo zer kale-talde horietan bizitzaren murriztasunez (eta gozatzeko urgentziaz) hitz egiten duena, iraganera bidaltzen zaituena, arima kikiltzen dizuna, amamaren kontu zaharrak gogoraraziz: titiritero eta saltinbankiak, antzinako zirkuen xarma alderaezina, Ijitoen suak, dantzak eta kale-ikuskizunak, saltzaile ibiltariak...                                           
Aurtengo hau, Haizetara jaialdiren bederatzigarren edizioa izan da. Maila gorantz joan da urtez urte eta behin bertaratuz gero, kale-taldeez izaten dugun irudia goitik behera aldatzen da. Hor biltzen dira musika, dantza, antzerkia, zirkua, eta kale gorrian jendearekin aurrez aurre konektatzeko gaitasuna, beste emanaldi mota gehienetan erakusten ez den irudimena barra-barra eskainiz. Aurtengo edizioan Japoniatik, Siziliatik, Frantziatik, Errumaniatik, Britainia Handitik, Italiatik, Madrildik, Portugaldik eta Poloniatik ekarri dituzte kale-musika taldeak lehiaketan parte hartzera, eta bertakoak ere bai, jakina, gonbidatu gisa.                                         
Fanfarre eta kale-orkestra hauek suarekin batera udako hasiera iragartzen digute. Ijitoen haize-instrumentuak sigi-saga eginez ilargirantz zuzentzen dira. Monty-Pyton-en Brian’s Life pelikulari amaiera ematen zion Always look on the bright side of life kanta jotzeari ekin diote. Ez da aholku txarra: Jar zaitez beti bizitzaren alde argitsuan. Bizipozaren aldean.










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina