2014(e)ko ekainakren 16(a), astelehena

METAFORA MUNDIALA


Sao Paulon gertatutako istiluen irudia

                        
Ezuste galantik ezean, denok dakigu, gutxi gorabehera, zer gertatuko den. Mundu osotik heldutako gazte multzo bat Brasilen bilduko da futbol partida batzuk jokatzeko. Zenbait jokaldi eder ikusiko dugu, baina minutu gehienak aspergarriak izango dira. Golen bat etorkizunean gogoratzeko modukoa izango da, baina gehienak hurrengo egunerako ahaztuko ditugu. Faboritoak ez direnen artean batzuek egundoko atzaparkadak egingo dituzte, baina ez dute mundiala irabaziko. Faboritoak direnen artean porrot galantak gertatuko dira, baina horietako batek irabaziko du. 
Bai, mundu mailan egiten den futbolik hoberena ikusteko egunak datoz eta beraz emozioak lehertuko dira nonahi. Eta ez, hain zuzen, horren maila altuko norgehiagokak izatearren, baizik eta bakoitzak bere selekzioarekin sufrituko duelako.
Valdanok dixit: “Futbola gizartearen metafora izan zitekeen, baina horretarako emakumeak falta dira”. Agian -norbaitek esan dezake- horretan ere nahiko adierazgarria da.
Futbolean, gizartean bezala, aberatsek irabazten dute eta horren aberatsak ez direnen artean, hoberenak aukeratzen dira. 
Futbolean, gizartean bezala, aurrelari eta atzelarien arteko oreka garrantzizkoa da eta zelaiaren erdigunean erabakitzen da partida.
Futbolean, gizartean bezala, zure alde daudenen arnasa ezinbestekoa da eta zure kontrakoen erdeinuak eramaten ikasi behar da.
Futbolean, gizartean bezala, talde-lana funtsezkoa da helburuak lortzearren, baina norbanakoak erabakigarriak izaten dira.
Futbolean, gizartean bezala, partida ikusteko eserlekuak ez dira guztiontzat berdin. Eta askok ez dute estadioan sartzeko aukerarik ere.
Futbolean, bizitzan bezala, gaztaroaren indarra eta trebezia zein azkar pasatzen den nabari da.
Futbolean, bizitzan bezala, itxura modernoenak dira, hain zuzen, denboraren poderioz   modaz pasatuenak diruditenak.
Baina metaforaz aparte, futbolaren nazioarteko ospearen fenomenoari erabat misteriotsu deritzot. Hamaika jokalari beste hamaikaren kontra landa batean, baloia aurkako taldearen sarean zeinek sartuko gehiagotan, eskuz ukitu barik. Zergatik joko hau eta ez beste bat horren zabalduta? Beste joera askotan ez bezala, Estatu Batuen eraginean ez dago gakoa. Haiek ez dira ez sortzaileak ez hoberenak eta haien baitan zaletasuna gero eta handiagoa da, bertan antolatu zen mundialean argi geratu zenez.
Egun hauetan iraganeko mundialak pantailetan azaltzen dira eta bihotza kikildu egiten zait oroitzapenak ugaltzen diren heinean. Nire lehenengo kromo bilduma “Mexiko 70”eko jokalariekin. Nire aitarekin Maradonaren “Jainkoaren eskua” zela-eta barre egiten (bere azken mundiala izango zen). Soldadu kanariar hura telebistari joka Brasilek galdu zuelako. “Laranja Mekanikoaren” lilura 1974ko mundialean, apustua galdu nuenean, finalean, alemaniarren kontra galdu zuten eta... Boby Charlton, George Best, Clemente, Zidanne, Cubillas, Pelé, Beckenbauer, Muller, Cruyff, Mazzola, Rivelino...
Baina mundial honetan, lehenengoz, orain arte sekula ikusi ez duguna gertatzen ari da: Futbolaren neurrigabekeriari aurre egiten zaio. Beharbada metaforarik borobilenaren aurrean gaude. Zirkuak bere xarma galtzen du ogia falta denean.   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat