2014(e)ko uztailaren 7(a), astelehena

GERTATUKO EZ DENA




Pedro Sanchez, sozialisten idazkari nagusia
Agian Zapateroren ezusteko garaipena beste antzeko hautagai batekin errepika daitekeela uste dutelako. Agian oraindik ez dutelako ikusi benetan zer gertatzen ari den ezkerraren esparruan. Agian aztertu ez dutelako, behar den moduan, Europako hauteskundeetan gertatu dena... auskalo zergatik, baina sozialistak orain dela hogei urteko gizartean baikeunden jokatzen ari dira. Eta ez, ez gaude garai hartan, hain zuzen.
Primario hauetan ikusten ari garenaren arabera, badirudi Suresneseko batzar nagusian gertatutakoa erreberritu nahi dutela. Aurpegi berri bat, gazte itxurakoa, eta Obamaren plantak gure erara moldatuz, alternatiba bezala aurkezten da, Rubalcabari nahiz Rajoyri aurre egiteko.   
Hautagaiei entzuten zaienaren arabera, badirudi honelako kalkulua egin dutela: Ezkerraren esparruan dagoen jendea, PPrekin nazkatua dago, europar hauteskundeetan agerian geratu zenez; ezkerreko botoa oso sakabanatuta dago eta emaitzak errepikatzen badira, etekina aterako duen bakarra boterean dagoen alderdia izango da. Rubalcabak oso irudi zaharkitua ematen du eta boto-emaile berriek aurpegi berriak eskatzen omen dituzte. Irtenbidea: Hauta dezagun garai berriekin bat egiten duen norbait, gaztea, baina ile-mototsik gabekoa, Obamaren estilokoa, baina azal zurikoa noski, gaur egungo diskurtsoa duena, baina ez 15-Mko kontzentrazioetan egoteraino.  Eta bai, ahal bada, erakargarria izan behar du, baita ere. Irudiaren garaian bizi gara eta Rajoyren argazkiaren ondoan gure posterra ipintzean argi eta garbi nabarmendu behar da non dauden etorkizuna, edertasuna eta alaitasuna. Inkestak? Zapatero, lehenengo aldiz irabazi zuenean, atzetik zihoan inkestetan, eta begiratu zer gertatu zen. Bai, trenetako atentatuen txikizioak gertatu ziren, egia da, baina jendeak ongi ezberdindu zuen orduan, zeinek eraman gintuen gerrara eta zeinek egin zuen aurka. Orain berdin gertatuko da. Langabeziak, murrizketek, pribatizazioek, etxe-kaleratzeek, abortuaren legeak … haien sinadura dute. Horiek izango dira gure Irakeko guda. Gainera gure “federalismo” berria erremedio magikoa izango da abertzaletasun guztiak lasaitzeko…                                                                                                                              Nire uste apalean, alderdi-barruko tira-bira horietan egiten ari diren adierazpenak eta prentsarako ematen ari diren titularrak oso esanguratsuak dira. Oro har, sozialistak ez daude errealitateak exijitzen duen lekuan. “Ezkerraren etxe komuna”ren garaiak iraganean geratu ziren betiko. Aurrerakoien arteko hautabide erakargarria jorratzeko, ezkerraren esparruan dauden indar guztion ahalegina egiteko garaia da. Iraganeko erretorikek eta ikurrek ez dute jada ezertarako balio. Botere-aukerak izateko, adostasuna behar da benetako arazoetan: lanpostuak nola sortu, Katalunia eta Euskadiko nahiekin nola jokatu, desberdintasun sozialak nola kendu, immigrazioa eta profesionalen deserria nola kudeatu, zerbitzu publikoak guztionak izaten jarrai dezaten zer egin...                                                              
Gizartea aldatzearena benetan helburu nagusia bada, gai erabat ezberdinez hitz egin behar genuke. Nola batu horrenbeste sentsibilitate ezberdin, nola finkatu urteetan zehar lortu diren lan-eskubideak, nola babestu natura, horrenbeste eraso nonahi egiten zaizkionean...                                                                                                                 Oraingo honetan Bob Dylanekin batera hau esatera ausartuko nintzateke: “Erantzuna haizean dabil”. Ezkerra goitik behera berriro eraikitzen ez bada, irabazterik ez dago.

2 iruzkin:

  1. Gertatu dena Sánchez gizon ederra dela. Ez dagoela ezer gaizki. Beste gezurlari hitza hutsarekin baina,behintzat, erakargarria. Bankian egondu zana aholkulari gisa, denari baietz esaten,jendea preferenteengatik pobrea bihurtzen ari zen bitartean. Hau bai parregarria, Pablo Iglesiasek sortu zuen partidua (PSOE) beste Pablo Iglesias desegiten ari dela. Bitxia, ezta?

    ErantzunEzabatu
  2. Gidoilari bati bururatuko balitzaio bere nagusiak ezetz esango zuen: "Hor
    relako kasualitateak ez dira inoiz gertattzen"!

    ErantzunEzabatu