2014(e)ko uztailaren 28(a), astelehena

IJI ETA AJA



Ohetik altxatu bezain pronto hasi zen barreak entzuten nonahi
Telekomedietan entzuten diren barre horietarikoak ziren horiek. Inolako azalpenik aurkitu ezinik, ohetik altxatu bezain pronto, hasi zen horrelakoak aditzen nonahi. Bere eguneroko irrati esatariak ohizko berriak ematen ari zela, lehenengo barre-algarak agertu ziren. Hasieran txantxetan ari zirela pentsatu zuen. Agian umorezko irratsaio bat izango zela edo... baina ez zen hala:  “Azken datu hauen arabera badirudi krisiaren bukaeraren atean gaudela” -irriak- “Inkesta honek adierazten duenez politikari gehienek oso nota ona lortzen dute eta gure instituzioen funtzionamendua egokitzat hartzen da oro har” -barreak- , “Pablo Iglesiasen bideo bat Bilduren mitin batean ikusi zen” -barreak-
Egia esan, horrenbeste irri-karkaila aditzeak ez zion aparteko graziarik egiten. Iragarkiekin fenomenoa errepikatu zen: “Si tu vida sexual funciona, lo demás no importa” -barreak-. “Gure zapatekin Belgikaraino oinez joan zintezke” -barreak-.
Baina zer zen hori? Igogailuan hauzokideak horietako iruzkin atsegina egin zion: “Ba dirudi aurten zuzenean pasatuko garela udaberritik negura...” eta hor agertu ziren berriro barreak, oso txiste ona bailitzan. Eta ez ziren hor gelditu. Metroan ere jarraitu zuten. Geltoki guztietan, neskaren abisu grabatuen ondotik karkara hasten zen: “Areeta, kontuz trenaren eta nasaren arteko tartearekin” -barreak- . “Fin de trayecto, abandonen la unidad” -barre gehiago-
Gertaera berritzen zen heinean lasaitzea erabaki zuen, eta ia ia atsegina iruditu zitzaion. Bere aurreko jesarlekuan zegoen neska gaztea telefonoz hizt egiteari ekin zion: “Zer egiten duzu?” -barreak- “Ba ni hemen, metroan” -barreak- “Ez, zelan zagozen jakiteko bakarrik” -barreak- “zein tonto zaren...” -algarak-
Eskutuko arrazoiren batengatik bere bizitza etengabeko “sitcom” bat egina zegoen. Berak bakarrik entzuten zituen barre-algarek lagundurik, eguneroko egoera guztiak erabat ezberdinak suertatzen ziren. Gertakaria ezeroso bihurtu zen bere nagusiak bulegora deitu zuenean: “ Jakingo duzunez egoera oso larria da azken bolada honetan eta neurri gogorrak hartzera behartuta gaude” -barreak- “honek ez du inolako zerikusirik zure haurdunaldiarekin, noski” -barrez leher-
Egun hartatik aurrera barre metaliko horiek jarraitu zuten, edonon, edonoiz, edonola. Futbolarien adierazpen ergelak, enpresari eta sindikalisten mehatsuak, medikuaren aholkuak, telebistako eztabaidak, hauteskunde-kanpainetako agintzak, lagunen aitormenak...denak gertatzen ziren karkara-euri batez bustirik. Bere bizitza broma hutsa bilakatu ez zedin, bigarren kateko dokumentalak ikusten hasi zen, baina alferrik. Giza eskubideen historiari buruzko erreportajea ematen zuten eta berriro ere, “norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea” -kar kar-, “gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean” -kar kar-, “pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea” -kar kar-...

Iñork ez daki zehatz-mehatz nola gertatu zen, baina egun batetik bestera urrutiko bi herrialderen arteko aspaldiko tirabirak neurrigabe berotu ziren eta mundu osoan zehar harrotasun ergelak eta mendeku nahia erruki gabeko sarraski bilakatu ziren. Big- bang batetik sortua zena big-bang batean amaitu zen. Barre algaren ondotik txalo eta txistuak entzun ziren oraingo honetan luzaroan. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina