2014(e)ko abuztuakren 10(a), igandea

MAMADING

Mamading bezalako barbarismoak gure gaztelera garbia zikintzen ari dira
Beste eraso onartezin bat gure gaztelania maitearen kontra. Hizkuntza maitatzen eta defendatzen dutela aldarrikatzen dutenek ez dute inolako arazorik izan beste atentatu hau egiteko: mamading, alajaina. Baina ez al zen nahikoa izan puenting, balconing eta fuenting bezalako neologismoak sortzearekin?
Ekimen berri bat izendatzeko orduan, horrelako berba okagarriak asmatu baino hobe izango zen, gaztelania-senak duen zerbait erabiltzea: Fuenting-en ordez “tirarse de la fuente” erabil daiteke. Puenting-en ordez egokiena “puentear” izango litzateke, baina horrek beste esanahi bat duenez, “tirarse de un puente atado a una cuerda” izan liteke nahiko aukera zuzena; “tirarse de un puente” bakarrik esanez gero, suizidioaz ari garela eman bailezake.                                                                                                                         
Mamading hitzari dagokienez, erronka zail bihurtzen da. Agian “multi-felación” proposatuko nuke nik…, baina behar den moduan jarduera honen helburua adierazteko, zehaztu egin behar da, “multi-felación a cambio de copas” edo horrelako zerbait izan beharko luke. Horren zaila al da?  Horrelako barbarismoak erabiltzen dituztenek argi eta garbi jakin behar dute, hizkuntzaren etsaiak direla eta haren aurka jo eta ke lanean dabiltzala, nahiz kontrako ustean egon.
Eta zer esan horren indarrean dauden euskarakada horiez? “Localizan un zulo de la kale borroka en Gipuzkoa” irakurri zitekeen eguneroko prentsan berriki. Bestalde, RAEk onartu ez dituen hitz horiek daude: muga, lehendakari, jatorra, agur... noiz arte?
Zoritxarrez eguneroko gauza bihurtu da gure gaztelania garbiaren kontrako erasoak aipatzearena. Zertarako argitaratu dute Diccionario de términos en español por países delako hiztegia? Nik esango dizuet. Gaztelaniaren “hiztegi batua” egitea lortu nahi da, guztiz artifiziala den zerbait, gure egiazko hizkuntzarekin zerikusirik ez duena. Benetan beharrezkoa al da jakitea Kuban bochinchera erabiltzen dela cotilla esateko? Edo Argentinan boludo esaten zaiola babaloreari? Ba ez, horrelako harribitxiak ezagutzea onuragarria izan daiteke herrialde horietako batera bizitzera doan gizakumearentzat, baina bestela ez du zentzurik, helburu politikoekin egiten delako ez bada; izan ere, herrialde gaztelaniadunen arteko elkartzea da benetan lortu nahi dena. 
Hori guztia, egun batean norbaiti gaztelaniaren gramatika sortzea bururatu zitzaiolako gertatzen da. Askoz politago eta benetakoago izango litzateke, ezbairik gabe, herri txiki bakoitzaren hizkera errespetatzea eta gure arbasoek usatzen zuten bezala mantentzea. Agian zaila elkar ulertzea, demagun Ourense eta Alacanteko biztanleen artean, baina elkar ulertzearena, urruti bizi direnen artean, asmakizun berria da, eta, egia esan, batere onuragarria ez, aspaldiko hizkuntza-tradizioak gorde nahi badira. Gaztelaniak ez du salbatzailerik behar. Herriak, oso jakintsua beti, badaki nola erabili eta zertarako, inork “pluscuamperfecto de subjuntivo” edo horrelako astakeriak zer diren azaldu beharrik gabe, (herriko hizkerak ez du horrelakorik erabiltzen, ez jauna).                                                                                                           

PD: Artikulu hau euskarari buruzko erdarazko artikulu sutsuak idazteko ohitura dutenei eskainita dago. Horrenbestetan egiten denez, kontrakoa egitea erabaki dut, behin eta berriz erabiltzen diren argudioei buelta emanez. Barkamena eskatzen diet, izenburuaren arabera idatzi mamitsua espero zutenei.   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat