2014(e)ko irailaren 14(a), igandea

ZEINEK ESANGO ZIDAN

Heldua izatea ez da izan oi zena
_ Zeinek esango zigun, egunen batean hondartzan ikusiko genuela elkar, gure seme-alabekin!
Iraileko hondartza ezin egokiagoa izaten da ezusteko topaketetarako.  Egun batetik bestera hortik desagertu dira kotxe ilarak eta jende multzoen zalapartak. Udazkeneko lehenengo hotzaldiekin batera surflari eta ibiltari bakartien eskuetan geratu baino lehen, eguraldi ederreko zenbait egun ekartzeko ohitura bitxia du hilabete bihurri honek. Urteak dira Pantxo ez nuela ikusten. Itsasertzetik paseo malenkoniatsuan nindoala gertatu da elkartzea. Pantxo handia. Pareten kontra bortizki talka egiten zuena bere kanturik gogokoena ipintzen zutenean (Motorhead taldearen Live To Win hain zuzen). Bere txisteei inongo entzulek baino ozenago barre egiten ziena. Naturaren indarra, Pantxo. Orain ere bere ateraldia aparteko karkara batekin ospatu du. Urteak nabariak dira azaleko zimurretan, baina ohiko begirada bizi-bizi horrek hortxe dirau.
_ Ez dakizu zenbatetan akordatzen naizen zurekin, batez ere Eskorbuto gora eta Eskorbuto behera entzuten dudanean. Zeinek esango zigun!
Konturatzen garenerako solasaldiaren mamia bihurtzen da hau. Bizirik irautea, antza, penduluaren legea behin eta berriz ikustean datza.
_ Hogeita bi urte Iosu eta Jualma hil zirenetik eta Rolling Stones hirurogeita hamar urterekin berriro munduko biran. Te kagas.
_Ba begiratu Beatlesekin gertatzen ari dena. Nire alabak kamiseta bat eskatu dit. “Trendiena” omen..
_ BBK Live festibalean milaka ikusi nituen. Bazirudien opari egiten zituztela edo...
_ Ba bide batez esanda, zeinek esango zigun jaialdi rockero batek banketxe baten izena izango zuela... Beatles! Orain berrogeita hamalau urte desagertu ziren!
_Bai, bai... hamaika ikusteko jaioak, laostia.
Egia esan, “ezezagunez” betetzen ari den mundu honetan plazer itzela da Pantxo bezalako aspaldiko kamaradak topatzea eta azkenean betikoa jarraitzen duela izaten ohartzea. Nirekin hitz egiten duen bitartean bere begietako bolatxo beltzek ez dute fitsik galtzen, bereziki inguruan eme-formarik azalduz gero. Gure aldamenetik, sabelaren alboan mapamundi bat tatuaturik duen neska gazte bat pasa da.
_  Ala! Begiratu... hor daukazu beste bat. Zeinek esango zigun guri txikitan tatuajeak nonahi ikusiko genituela.
_ Bai, horixe! Gure garaian legionario edo presoen gauza zen hori... eta beti berdinak: “Amor de Madre” edota  Jesukristoren aurpegia... eta egiten ziren, kiskaldutako orratz batez, behar den modura...
Karkara dario berriz eta bere anatomia osoak barrearekin bat egiten du. Agurtzean, betiko legez, beteko ez diren hitzorduak eta emango ez ditugun goraintziak.
Toallara bueltan, olatuei begira, topatzearen oihartzunak dirau. Zeinek esango zidan “Euskadi” izenak “light” kutsua izango zuela “Euskal Herria”rekin konparatuz. Zeinek esango zidan Peret Kataluniako abertzaleen ikur bihurtuko zela (eta Raimon guztiz kontrakoa). Zeinek esango zidan biniloa berriz modan jarriko zela, Kontxako banderako finalean arituko zela Jarrillera, Eskoziak estatu bihurtzeko aukera demokratikoa izango zuela...
Eta guztien gainetik. Zeinek esango zidan horrenbestetan “zeinek esango zidan” esango nuela.  Pantxoren berbetan: Heldua izatea, ez da, izan ohi zena.      


    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina