2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

1977, GUZTIA LEHERTU ZEN URTEA

Portugaleteko jeitsiera 1977


URTEAK pilatzen diren heinean zaila bihurtzen da urte zehatz bate-
tan zertan genbilen gogoratzea.
Norbaitek 1994 urtean –esate baterako– zer egiten nuen galdetzekotan, egia esan, ezer gutxi izango nuke erantzuteko.
Baina nerabezaroko urteak argi eta garbi buruan finkatuak geratzeko ohitura dute. Bizirik eta sasoian nagoen bitartean 1977. urteak ahaztezin jarraituko du nire baitan. Hamazazpi bete nituen urte hartako martxoan inguratzen ninduen guztia itxuraz aldatzeko lasterketa zoroan zebilela zirudien.  
Aurreko urteak nahiko potrosoak izan ziren, egia esan. Haurtzaroaren amaierarekin batera, Egiptoko izurriteak izango bailiran, ezbeharrak pilatu ziren kupidagabe: lehenengo porrotak Batxillergoan, uda ziztrinak akademiaz-akademia, ziurtasunik-eza,
aspertzea… Baina astroak ilaran jarriko ziren inoiz ahaztuko ez dudan urte kuttun hartan, bizitza merezi duen zerbait dela iragartzeko.   
1977. urtean kazetaritza ikasten hasi nintzen.Izan ere, klaseak, salbuespenak salbuespen, erabat etsigarriak suertatu ziren, baina eguneroko bidaiak, garai hartan horren urrun zegoen fakultateraino, ezkerraldeko koadrila aparta koskortzea lortu zuen. Lagun-tal-
de horren inguruan beraien artean zerikusi handirik ez zuten ekimenak sortuko ziren: mus-partidak, mota guztietako dastatzeak,
militantziak, jaialdi antolatzeak, ikasteko bilerak (zeinetan batzutan ikasten genuen eta guzti), fanzine baten elaborazioa… Urte
magiko hura punk mugimenduarena izango zen. Ordurarte rock musika zen eguneroko bizitzaren miseriak gainditzeko lagun-
tzen ninduena, baina do it yourself lelopean sortu zen mugimendu horrek gure talde propioa egiteko ateak zabaldu zizkigun.  
1977. urtean nire atzerrirako lehen bidaia egin nuen, Britainia Handira, hain zuzen. Ikasleentzako lan-zoroetara joan nintzen,
Imanol Martin, nire orduko lagun minarekin. Ez genituen aski begi aurpegietan horrenbeste nobedadekin gozatzeko. Asteburuetan London aldera zuzentzen ginen eta hor Zero Urtea deitzen zutenaren bitxikeria guztiak dastatzeko aukera izan genuen… Nabaria zen belaunaldi oso bat kalea hartzeko irrikitan zegoela, hippien garaia behin-betiko gainditzeko asmoz. Santurtzira bueltatu ostean, berehala sortu zen geure taldea osatzeko ideia, erdi txantxetan hasi zena, urteak pasa ahala nire bizitzaren
ardatz bihurtuko zen egitasmoa.  
Baina urte horretako gertakarien zerrenda ez da amaitu. Abuztuan Portugaleteko jaitsieran hartu nuen parte lehenengo aldiz. Txi-
kitatik mitifikatuta nuen jai hori, nolabait heldutasunera heltzea suposatzen baitzuen.
Baina zer edo zer falta zitzaidan 1977koa urte biribiltzat hartzeko.   
Uda ostean udazkena heldu zen eta, berarekin, neguko arropen garaia, gorputzak berriro goitik behera guztiz estalita ikusi
genituela. Joandako udarako baneukan sinaturik ezkutuko paktu bat nire buruarekin:
1977 izango zen nire lehen musuaren urtea, bestela, ezinbestean, argi gorriren bat piztuko zen nire gogoan.
Eta irailean gertatu zen. Urte osoan zehar nire ametsik ederrenetan agertzen zen neskak, “nire herriko neskatxa maite”, Benitok esango lukeen moduan, baietz esan zidan (edo, hobeto esanda, ez zidan ezetz esan), eta kaia barrenean, Karmengo Ama Birgina lekuko, nire lehen musua (egiazko musua) eman zidan, eman nion, gau hotz
eta eder (ezin ederrago) batean. Musu baldarra, urduri xamarra eta apur bat mozkortia, baina, bitxia bada ere, betirako hobere-
na izango dena. Ezbairik ez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina