2014(e)ko irailaren 28(a), igandea

GAZTAROA




Ellar Coltrane eta Lorelei Kinklater "Boyhood" pelikularen protagonistak
Txikia zara. Mundu honetan zertarako zauden zure buruari galdetu baino lehenago (askoz lehenago) eskolan sartu zaituzte. Ez duzu batere gustuko. Orain arte zure bizimoduan ez zenuen erantzukizun izpirik sumatzen. Egun batetik bestera behartua zaude goiz esnatzera, garaiz heltzera eta gauza asko ulertzera. Inguratzen zaituztenak ez dira jada etxekoak, ez,  orain ez dira denak horren atseginak.                                                                                                  
 Haurtzaroan zaude. Helduen mundua eredugarria da zuretzat. Hortik dator maitasuna, agindua, laztana, errieta, segurtasuna... Horregatik behin eta berriz zure buruari galdera berbera egiten diozu: zergatik helduek ez dute egiten guri aholkatzen digutena?  Haiek edozein txorakeriagatik  tematzen dira, eta gero ez dituzte jasaten  anai-arreben artean ditugun lehiak. Haiek norekin ibiltzen garen ongi aukeratzeko adierazten digute eta gero batere gustuko ez dugun jendearekin biltzen dira. Haiek drogak ez hartzeko ohartarazten digute eta gero nahi beste edaten eta erretzen dute…                                                                                          
 Gaztetxoa zara. Poliki-poliki hasi zara onartzen kontraesana gizaki guztion baitan dagoela. Maitasuna bezala. Sexu-erakarpena bezala. Batzuetan nahiago zenuke ume-moko geratzea betiko, jolasean aritzea zure lagunekin inongo ardurarik gabe, baina badago zerbait izaki eder horietan gainditzen zaituena, ezinbestean erakartzen zaituena, erronka bihurtzen dena, beste guztia baztertuta geratzeraino.                                                                                                       Nerabea zara. Munduari esan nahi diozu zeure nortasuna finko duzula eta soberan dakizula zer nahi duzun. Horretarako esperientzia berriak bizitzeko garaia heldu zaizulakoan zaude. Helduek ez dute huts egiten eta etengabe jarraituko dute zure bidea zein den seinalatzen. Alferrik. Barru-barruan haiek ez dute onartu nahi zure haurtzaroa bukatu dela.  Hegan egiteko garaia da.                            
Gurasoa zara. Sekula egingo ez  zenukeena egiten ari zara. Eredugarria izan nahi duzu, baina ez duzu beti posible. Haurrak epaile bihurtuz doaz egunez egun, eta zu, azken finean gizaki hutsa zara.                                                                                                                                                
Richard Linklater-ek zuzendutako Boyhood izeneko filmean mutil baten bizitzako lehenengo pausoak erakusten dira. Ia hiru orduko metrajean, eszenak kateatzen dira oroitzapenek gure oroimenean egiten dutenaren antzera. Auskalo zein ezkutuko zergatirengatik,  buruan dugun “edizio-mahaiak” bizi izan ditugun uneak hautatzen ditu norberaren pelikula osatzearren.                                                                                                                                        
Hamabi urte behar izan dituzte pelikula burutzeko, zuzendariak aktoreen benetako garapena agertzea nahi zuelako. Hala ere, hirurogeita bederatzi egunetan bakarrik dago filmatua. Oso kritika onak eskuratu arren, zortzi kide geunden zinean gaueko hamarretako emanaldian,  estreinaldiaren astean.  Goizaldeko ordu batean zineak  inguru ilun eta bakarti batera jaurti gintuen. Etxerako bidean, autobide hutsean nindoala, epaitzeko ordua heldu zen:  entretenigarria bai… batzuetan dibertigarria ere bai… merezi du, bai.                                                                                                         
Baina benetako epaia burkoak eman zidan. Aspaldiko partez gertatzen ez zitzaidan miraria berriztu zen: pelikulak bueltaka zirauen gau osoan zehar, burutik kendu ezinik eta horrela jarraitu du hurrengo egunotan, zinean erreparatu ez nien zenbait xehetasunei bide emanez.   Txikitan, nerabezaroan, gaztaroan horrenbestetan gertatzen zitzaidan legez. Film aparta benetan Boyhood. Barruan geratzen direnetakoa.
    




    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina