2014(e)ko urriakren 12(a), igandea

ERRAIETATIK IDATZIA





Estatu Batuetako presidente zena, John Fitzgerald Kennedy, hil egin zuten 1963ko azaroaren 22an. Herrialde horren historian gertatu den traumarik handienetako baten eguna izan zen hura. Egun berean Nashville hiriko klub ziztrin batean arraza beltzeko gizon bat ere hil zuten labanaz, izandako liskar baten ondorioz. Gizon honen anaia, erabat hunkiturik, hurrengo egunean hasi zen Sunny kantaren lehenengo ahapaldiak idazten: “Sunny/ yesterday my life/ was filled with rain”. Egun batetik bestera bere bizitza “euriz” bete zen, eta horrek, ehunka bertsio ezagutu duen abestia idaztera bultzatu zuen.  Bobby Hebb-ek, egileak, loriazko egunak ezagutuko zituen, izan ere The Beatlesek AEBtik egin zuten lehenengo biran, gonbidatu gisa agertu baitzen. Baina Hebbek ez zuen lortu kanta horrekin aldera zitekeen konposizio gehiago egiterik eta “One Hit Wonder” zerrenda potoloan geratu zen.  Sunny  barru-barrutik egindako abestia dugu, musikaren historian zehar horrenbestetan gertatu den bezala. The Rolling Stones taldeak We Love You kantua ziztu bizian egin zuen. Mundu osoari eskertu nahi zioten erakutsitako elkartasuna eta laguntza, taldeko zenbait kide atxilotuak zeudela -droga edukitzearen salaketapean- izandakoa.  
The Clash taldekoek ere White Riot kantua konposatu zuten, 1976. urtean Nothing Hilleko inauterietan gertatutako istiluen ondoren. Joe Strummer-ek eta Paul Simonon-ek miretsi egiten zuten, beltzek poliziari aurre egiteko zuten era, eta abesti horren bidez zuriak ere zirikatu nahi zituzten antzeko erantzunak ematera.                                                                                                                                     
Batzuetan horrelako erabakiak arriskutsuak bilakatu dira. SeñorCobranza abestiarekin Las Manos de Filippi talde argentinarrak haien agintarien ustelkeriak salatu nahi zituen. Bersuit taldeak egin zuen bertsioa erabat bortitza suertatu zen. Argitaratu eta egun gutxira taldea tirokatu zuten furgoi barruan zeudelarik. Are larriagoa izan zen Jorge Cafrune-ren kasua. Junta militarrak debekatu zion Zamba de Mi Esperanza abestia zuzenean jotzea. Berak muzin egin zuen eta jendetzak eskatuta, kantatzeari ekin zion Koskineko jaialdi ospetsuan. Mafiosoen pelikula izango bailitzan laster “istripu bat” izan zuen. Urteak pasa ziren, militarren erantzukizuna desestali arte.                                                                                       
Barru-barrutik egindako abestiekin jarraituz, orain dela gutxi beste kapitulu bitxi bat ezagutu dugu. Amanda Palmer-ek, New Yorkeko kantariak, DearDaily Mail izenburu duen bideoarekin -zuzenean grabatua Londoneko “Roadhouse” aretoan- milioika bisita lortu ditu Youtube-n bere ospea biderkatuz. Konposizioa, Britainia Handiko Daily Mail egunkari horiari eskainia dago. Amandak Galstombury jaialdi erraldoian jo zuen iaz. Hurrengo egunean kazeta horretako kritikariak aipatu zuen bakarra “titi bat ikusten zitzaiola” zen. Erantzuna ezin irudimentsuagoa eta dibertigarriagoa izan da. Kantua eskutitz eran konposatua dago. Amanda badoa poliki-poliki bere mezua areagotzen jendetzaren barrealdien artean. “Daily Mail kuttuna/ agian nire titiak nahi zuen bakarra/ Erresuma Batuko eguzki eskasaz gozatzea zen/ eta orain nire gorputz osoa/ irrikan dago ihes egiteko/ kimono honetatik kanpora”. Une horretan biluzik geratzen da txalo eta txistu artean. Bukaera erabatekoa da: “Daily Mail kuttuna /misogino koadrila/ zoazte popatik hartzera”. Bapo geratu omen da gero.         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat