2014(e)ko urriakren 19(a), igandea

EMAGALDUAK ETA DISPUTAK




Prostituzioaren Kontrako mobilizazioak, norberaren etxeko ateetan kokatzen denean  nabari dira
Egunotan jakin izan dugunez, legez kanpoko beste ekimenekin batera, geure Diputazioen urteko kontuak koadratzeko lagungarri preziatua da prostituzioa. Ezkerreko eta eskuineko alderdiek ekimen honen inguruan jarrera ezberdinak defendatzen omen dituzte, baina, egia esan, aldaketa izpirik ez da sumatu, bata ala bestea boterean egonik. Izan ere ezkerreko indarren artean antzinako desadostasuna izan da gai honen aurrean: arautzearen eta debekatzearen aldekoak.                                                 
Gizartean, oro har, ez dirudi arazo larritzat hartzen denik. Kontrako mobilizazioak emagalduak norberaren etxeko ateetan kokatzen direnean soilik nabari dira. Gero hor daude betiko lelo horiek: “munduko lanbiderik zaharrena” (auskalo nori bururatuko zitzaion halako harribitxia) edo “gustuagatik” eta “behartuta” egiten dutenen arteko aldeak ezberdintzen dituztenen solasa. Bitartean txosten ofizialen arabera ezkutuko errealitate honek urtean 62.000 milioi euro baino gehiago mugitzen ditu munduan eta jarduera honetan dabiltzan gehienek lan hau utziko lukete beste lanbide bat, duina, topatzekotan. Ogibidez aldatu nahi dutenentzat bitartekoak falta dira, eta egoera alegala izateak ez du laguntzen inondik ere, are gutxiago etorkinen kasuan. Bidenabar, Euskal Herriko sexu langileen % 90 kanpotarra da.                            
Joan den astean Euskadiko sei elkartek “Gu Gaitun” izeneko federazioa sortu dute. Helburua: prostituten eskubideen alde lan egitea eta jasaten duten bazterkeria eta estigmaren aurka aritzea. Euren aurkezpenean bertoko prostituzioaren inguruko zenbait ezaugarri esanguratsu azaldu zuten, besteak beste prostituta gehienak biztanle-errolda eta osasun zerbitzuekin arazoak dituztela edota kalean gero eta gutxiago jarduten dutela.
Irtenbide berriak bilatzen saiatu direnen artean guztiz adierazgarria dugu Suedian indarrean dagoen legea. Herrialde honek prostituzioa debekatzearen eta bezeroak zein proxenetak zigortzearen aldeko apustua egin du. Lege honek ez du inondik inora prostituzioa ogibidetzat onartzen, emakumearen kontrako indarkeriatzat baizik. Auzi horretan, prostitutak biktimatzat hartzen dira eta horregatik, euren zerbitzuak erosten dituzten gizonezkoak bakarrik zigortzen dituzte. Gehienez ere, sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri ahal die epaileak.
Arazoa guztiz desagerrarazi ez badute ere, herritarren ehuneko laurogei legearen alde dago, inkesten arabera, eta emakumeekin trafikatzen dutenentzat herrialde ezeroso bihurtu da Suedia.   
Ikusitakoak ikusita Norvegian ere antzeko legea pairatzeko bidean daude.
Frantzian ere iaz ildo bereko proposamen bat onartu zuten parlamentuan, baina kasu honetan prostitutak  “amuarena egiteagatik” ere zigortzen ditu legeak. Poliziaren interpretazioaren arabera gelditzen da.
Jakiteke geratzen da oinarrizko galdera: arazoari taxuzko irtenbidea emateko zorian gaude ala arazoa lekuz aldatzeko besterik ez du balioko?
Ipar Euskal Herriko egoera aski adierazgarria da. Bezeroek aski dute muga pasatzea zigorra saihesteko. Frantziako legeak emagalduak atera egin ditu Ipar Euskal Herriko kaleetatik, baina etxeetan ari dira orain eta kasurik gehienetan bezeroak gurera datoz halako “zerbitzuen” bila.
ROBERTO MOSO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat