2014(e)ko azaroakren 2(a), igandea

EGUNEROKO IKARA




"Relatos Salvajes" pelikularen une bat
 Azaroarekin batera, neguko giroari ongi etorria emanez-edo, baditugu hemen berriro Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Halloweeneko jaiak eta zonbien inguruan nonahi ospatzen diren ekitaldiak. 
Egun laburrak eta gau luzeak betidanik izan dira beldurrezko ipuinetarako lurralde egokiak. Haien baitan hazi dira ingumak, errai-ateratzaileak, ogroak, sorginak, otsokoak, zaku-gizonak, mamuak eta bestelako amesgaizto sortzaileak.
Egun hauetan ere hildakoei eskainitako ospakizunak ditugu, ikertzaileen arabera zelten garaietan jatorria dutenak. Azaroaren lehenengoan hasten zen haien urte berria, Samhain-en, hildakoen jainkoaren eguna ospatuz. Pixkaka-pixkaka  kristau tradizioetan sartu zen.
Data ezin hobeak hauek, bada, ikararen plazeraz gozatzeko gai direnentzat. Steven Spielbergen Amazing Stories izeneko telesaioan inspiraturik, egunotan gure pantailetara RelatosSalvajes pelikula argentinarra heldu zaigu. Beharbada ez da normalean “beldurrezko zinea”  izendatzen denaren barruan egongo, baina agian horrexegatik, erakusten dituen mehatxuak erabat sinesgarriak direlako, izoztutako irribarre batez atera zaitezke zine aretotik.                    
Gutxien espero duzunean -esaten zaigu kontaketa honetan- ikararen bisita izan dezakezu. Ziur aski ez du motozerra bat esku artean edukiko eta ez da mozorrotuta agertuko. Odola arras izoztuko dizun ikara udaberriko asteazken argitsu batean gerta liteke. Etxeko postontzian utzita edota udal-garabiaren leihatilaren atzean egon daiteke zain, gure bizimodua betiko hondatzeko prest.
Autobidetik zoaz, laneko bidaia luzean eta zure aurretik doan gidariak ez dizu uzten aurreratzen. Saiatzen zaren bakoitzean haren auto ziztrinak oztopoa jartzen dizu, zure onetik atera arte. Printzipioz garrantzi handirik gabeko gertakaria dirudiena, zure patua erabat aldatuko duen zerbait bilakatuko da...
Zure ezkontza-egunean zaude, inguruan denak dira irribarreak eta zorionak. Gidoian idatzita dagoenez, zure bizitzako egunik zoriontsuena izan behar du eta erritu ezagunaren pauso guztiak betetzeko prest zaude, zure aurpegirik alaienaz. Meza amaitu ostean hoteleko jaian zaude eta hor bertan, ezustean, zure senarraren desleialtasunaren susmoa duzu... Ametsetako eguna amesgaizto bihurtuko ote?
Telebistako albisteak ere beldurrezko filmak baino zirraragarriagoak izaten dira askotan. Gaurko honetan sutan jartzen gaituen berri horietako batekin ari dira: “Auto batek haurdun dagoen andre bat harrapatu du eta gidariak ihesari eman dio”... Beste edozein egunetan, tipo horren maltzurkeria madarikatuko zenuke gupida gabe, baina gau honetan, gertaeraren erruduna zure semea da, bere logelan negar batean dagoena, hain zuzen. Haren kartzela zigorra ekiditeko behar beste baliabide erabiltzeko prest zaude. Di-da batean, ustel bihurtzea zein erraza den jakingo duzu.   
Ez, benetako ikara ez da derrigorrez trumoi eta tximista artean gertatzen. Damián Szifrón-ek sinatutako film honetan oso era bortitz eta bikain batez islatzen da hau. Ustelkeria, mendekua, hilketa... gurekin zerikusi zuzena ez duten kontzeptutzat har ditzakegu, baina bat-batean gure buruak halakoetan erabat murgilduta egon daitezke ezinbestez. Hori bai ikaragarria.    

ROBERTO MOSO 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat