2014(e)ko urriakren 26(a), igandea

HOGEITA HAMABOST URTE


Gernikako estatutuari emandako babesa ospatu zuen jendetzak 1979. urtean
Gezurra badirudi ere, hogeita hamabost urte pasa dira. Gure bizimodua hainbeste aldatu zigun Gernikako Estatutua, frankismoaren garaiaren iraupena parekatzeko bidean dago. Nire alabentzat 1979. urtea historiaurrean bertan kokatzen da. Indarrean dauden aurpegi mediatiko asko  -lehen mailako futbolari guztiak barne- ez ziren munduratu artean. Astindu dezagun neurona bakarra:
Maiatzean Margaret Thatcher izeneko andrea Britainia Handian agintzeko hautatua izan zen. Burdinazko dama ezizena laster irabazi ondoren, munduko kontserbadore guztiei eskumazale izateko harrotasuna berreskuratzen lagundu zien. Hilabete hartan Greziak sinatu zuen bere Europar Ekonomi Elkartearekiko atxikimendua.
1979ko uda sandinisten garaipenarena izango zen Nikaraguan. Uztailean Anastasio Somoza diktadoreak ihes egin zuen eta gerrillariak Managuan sartu ziren mundu osoko ezkerzale askoren ilusioak berpiztuz.
Abuztuan Maroko jabetu zen espainiar izandako Saharaz, Mauritaniak utzitako lurraldea okupatu ostean.
Gurean hau izan zen ETAren historian bigarren urterik odoltsuena, laurogeita bederatzi hilketa egin ondoren. Batallón Vasco Español erakunde parapolizialak ere bost hilketa egin zituen urte berean.    
Hau izan zen, besteak beste, Melendi, David Bisbal edo La Oreja de Van Gogh taldeko Leire Martinezen jaiotzaren urtea. Blas de Otero poeta bilbotarra eta Sid Vicious “punk” musikaria hildako ospetsuen zerrendan izango ziren urte hartan ere.
Espainiako futbol ligan, ohikoa zenez, Real Madrid taldea izan zen irabazle -hemeretzigarrenez- eta Valentzia Futbol Klub-ak bosgarren aldiz eskuratu zuen Kopa.
Garai hartan, zinema ugari zegoen edozein herritan. Aretoak bete zituzten filmak honako hauek genituen: Kramer contra Kramer, Manhattan, The Warriors, La Vida de Brian, Caligula eta Alien.
Espainiar zinemagintzan arrakasta lortu zutenen artean hauexek genituen: El Cipote de Archidona, Perros CallejerosII, Los Bingueros eta Operación Ogro. Hemen, Toque de Queda, euskal zinemaren izenbururik aipagarriena izan genuen. Disko gehien saldu zutenen artean honako hauek ditugu: Michael Jackson (artean beltz-beltza) bere lehenengo bakarkako diskoarekin; The Police, “New Wave”aren agintari bilakatu zirenak; eta  Pink Floyd taldea TheWall disko bikoitzarekin. ABBA, Ana Belen eta Jose Luis Peralesentzat oso urte borobila izango zen hau ere, Chiquitita, Agapimu eta Me Llamas abestiekin, salmenta-zerrendetan nagusi baitziren. Rockzale amorratuontzat hau AC/DCren Higway To Hell-en urtea izango zen.
Euskal musikan folk eta rock “progresiboaren” izenak nagusitzen ziren: Errobi, Haizea, Itoiz, Izukaitz...
Urte hartan bi telebista-kate besterik ez geneukan. LosRoper  telesaio britainiarrarekin barre egiten genuen bitartean La Casa de La Pradera-k malkoz betetzen zituen bazkalosteko igandeak.
Urte hartan Jordi Pujol “venerable” izatear zen eta Carlos Garaikoetxea lehendakari izatear.       
Urriaren 25ean Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak baietza eman zioten Gernikako Estatutuari. 1937. urtean abortatua izan zena, ume eder  bilakatu zitzaigun, eta gaur  urtebetetzea du. Batzuentzat helmuga, beste batzuentzat erdibidea, baina -nik uste-  azkenean, askorentzat elkargunea. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat