2014(e)ko azaroaren 23(a), igandea

LOTSAREN HARRESI BERRIAK



Ziajordaniako harresian hartutako irudia

Berlingo harresia lurrera bota zuten eta bazirudien mundu osoan sasoi itxaropentsua hasten zela. Hormaren bestaldean zegoenak aspaldi utzia zion ereduzko izateari. Gizarte zuzenago eta berdinago baten ametsa amesgaizto bihurtua zen egiazko sozialismoaren herrialde horietan. Utopia bezala hasi zenak itota zirudien, burokrata eta gupida gabeko diktadore zaharren eskuetan.
Errumaniara joateko aukera izan nuen 1985. urtean. Garai hartan nik banuen susmoa komunismoaren ideala oraindik urruti zegoela ekialdeko herrialdeetan, baina han aurkitu nuenak nire aurreikuspenik ezkorrenak gainditu zituen.
Gizarte erabat beldurtua aurkitu nuen. Ceaucescu tiranoaren irudiek leku guztietatik begiratzen zintuzten, Orwellen 1984liburuan iragartzen zen lez. Kazetarientzako bidaia zen nirea eta ustez, sozialismoaren lorpenak ezagutzeko eta zabaltzeko ideiarekin antolaturik. Hala ere, ezin zuten estali nonahi nabaria zen ustelkeria. Bai turismo-gidaria, bai hoteletako langileak, bai edozein dendari, denak, saiatzen ziren gurekin azpijokoan ibiltzen, inguruak beldurrez miatzen zituzten bitartean, poliziaren bat agertzen ote zen. Telebistako albistegi guztiak Ceaucescuren eta haren emaztearen irudiak emanez hasten ziren, beti jendetzaren txaloen artean, hizlariak sozialismoaren lorpenak goraipatzen zituen artean. Egia da, ez zegoen langabeziarik, eta bai hezkuntza, bai osasuna guztiontzat bermaturik zeuden. Baina bidaia hori egin genuen guztiok lasaitu ederra sentitu genuen bueltako hegazkina hartu ostean. Bosthilabete, lau aste eta hiru egun izeneko pelikulan era ezin hobean islaturik dago Errumaniako garai hartako giroa.
Ezin ukatu. Mundu mailako gizarte zuzenago bat osatzeko izan den saiakerarik indartsuenak porrot egin zuen, alde batetik “gerra hotza” galdu zutelako, eta beste aldetik, sistemak berak ustelkeriaren orokortzea erraztu zuelako. Baina hogeita bost urte pasa eta gero adreilurik gabeko hormak ugaritu dira.
Intermon Oxfam erakundeak martxoan argitara eman zuen txostenaren arabera munduko aberastasunaren ia erdia (81 bilioi euro) biztanleriaren % 1en esku dago. Hots, aberastasunaren % 46 gutxiengo baten esku dago. Txosten honen arabera, horrek gaindiezina izan daitekeen desberdintasun maila dakar, eta aberatsen eta behartsuen arteko aldea itzulezin bilaka daiteke. Erakundearen kalkuluen arabera, 13,6 bilioi euro daude erregistratu gabe zerga-ordainketa txikia duten herrialdeetan; hortaz, ondasunaren kontzentrazioa handiagoa da. Datu horiek islatzen dutenez, 210 lagun sartu ziren mila milioi dolar baino gehiago dituztenen klubera. Bertan, 1.426 kide daude, eta, guztira, ia 4 bilioi euroko ondasuna biltzen dute. Horra hor murru erraldoia.
Eta ez da bakarra, jakina. Urrutira joan gabe hor ditugu gure elkarbizitzan finkatu diren horma ikusezinak: langabetuak eta langileak, lan finkoa dutenak eta ezegonkorra dutenak, jaioterrian bizitzeko ahalmena dutenak eta atzerrira joan beharra dutenak.
Berriki jasotzen ari diren beste horma batzuk ez dira batere ikusezinak, bada. Hor dugu Ceutako hesia, Estatu Batuetako hegoaldeko mugan eraiki duten horma: 3.360 kilometrokoa, edota Israelek Zisjordanian eraiki duena, Berlingoa baino askoz altuagoa eta luzeagoa. Aberastasunaren eta miseriaren arteko harresia lurrera botatzea: hori bai erronka.    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina