2014(e)ko azaroaren 23(a), igandea

KAIA BARRENEAN




Bilboko Portua. Santurtziko Kaia
Txikitan gustuko genuen porturaino joatea “ingelesak” agurtzearren. Patricia eta Hispania izeneko ferryek astero Santurtziko eta Southamptoneko kaiak lotzen zituzten. Garai hartan baimenduta zegoen inguru horietan paseatzea eta batzuetan, karga eta deskarga lanetan galdutako barazkiak eta abarrak poz-pozik etxeratzen genituen. 
Mundu osotik heltzen ziren itsasontzi horietako batean sartzeko irrikan nengoen, eta, gaztetan, aurreneko aldiz lortu nuen. Iragarri zuten “Itsasontzi Kulturala” porturatuko zela eta denok bisitatzeko aukera izango genuela. Baina egiatan, nolabaiteko itsasontzi erlijioso bat zen hura, agian sektaren batek antolaturik, Estatu Batuetatik abiatuta mundu osoan zehar “Jainkoaren Hitza” zabaltzeko edo. Egia esan, latindar kutsuko gaztelaniaz eskaini ziguten pelikula hark, bizitzeko zentzuari buruzkoa baitzen, nire barrua astintzea lortu zuen.
Nire bigarren sarrera,  ontzi erraldoi horietako batean, militantziaren eskutik etorri zen. Burkide helduren batek esan zigunez, sobietar ontzietan komunismoaren aldeko propaganda banatzen zuten, hala eskatuta. Lehen aukera sortu zenean, bitan pentsatu gabe hor geunden, kaitik oihuka: “We are basque comunist and we want to visit the ship!”. Kapitainak, oso gizon atsegina benetan, ontziaren bazter guztiak ikustera eraman gintuen eta bukatzean liburuxka pila bat eman zigun, gaztelaniara itzulitakoak. Besteak beste, ¿Por qué no ha envejecido el marxismo-leninismo?, Ponomariov burkideak idatzia.          
Bi portuko herri batean hazi nintzen ni. Haietariko bat arrantza portua, bestea merkatal portua. Lehenengoa nire herriko postal gehienetan islaturik, bigarrena, berriz, albistegietako gai, gehienbat droga kargamenturen bat harrapatu edo ezkutuko bidaiariren bat atxilotu zutelako. Horrelakoak “Santurtziko portuan” gertatzen dira ia beti. Beste berri batzuetarako, aldiz, “Bilboko portua” aipatzen da: handitzeko lanak, merkantzien kopuruaren igoera... Azken bolada honetan “Getxoko portua” izendapena ere irakur daiteke, luxuzko turismo-ontziak bertan porturatzen direnetik.
Munduan, ehun eta hogeita bosgarren porturik garrantzitsuena da Bilbokoa. Hala ere, inguruko herritarrontzat inoiz ez da hori harrotasunerako arrazoia izan. Portuak ematen duen onura ez da izaten bertokoen probetxurako eta sorrarazten dituen arazoak, berriz, kostaldean geratzen dira. Hor daude izandako istripuak eta leherketak, batzuetan herri osoa arrisku bizian jarri izan dutenak.
Guggenheim efektua sortu baino askoz lehenago ikusten ziren atzerritarrak gure kaleetan. Beti gizonezkoak, ia beti mozkorturik, askotan putetxeak non ote zeuden galdez. Behin  marinel alemaniar batek pistola bat saldu nahi izan zidan “inguru honetan erabiltzen zirela” entzunda zeukalako.
Baina dena ez da horren ezkorra izan. Jamaikar marinel gazte batzuen eskutik ezagutu nuen Bob Marleyren musika, hemen hedatu baino askoz lehenago, eta giro horretatik sortutako eszena bat betiko izango dut gordeta nire baitan. Gau batean marinel talde bat erabat hunkituta ikusi nuen, disko-makinatik sortzen zen Sailing abestiarekin batera kantatzen zuela:
Nabigatzen ari gara/itsasoa zeharkatuz/ berriro etxerantz/ nabigatzen ari gara /ekaitz uretan/ zure ondoan egoteko/ libre izateko.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina