2015(e)ko urtarrilakren 25(a), igandea

VERY IMPORTANT PERSONS



Belen eta Kiko. "Very Important Persons" omen dira


Beltz bati buruz hitz egitea “gorila” eta antzeko hitzak erabiliz: erantzuki bat. Homosexual bati “marikoi” deitzea: kaleratzea. Los Chunguitos bikotearen iritziak azaltzeko “kultura faltagatik” izan dela esatea -Kiko Riverak egin zuena­-: barkamena.  “Egun hauetako batean ETA itzul dadin eskatzeko manifa batera joango naiz” baieztatzea: bat-bateko kaleratzea...
Azkenean arrazoia eman beharko diogu Mercedes Milari “Gran Hermano aparteko esperimentu soziologikoa dela” esan zuenean.
Bigarren edizioan izan genuen beste adibide bat. Carlos Navarro lehiakideak masaileko bat eman zion bere neska-lagunari eta kaleratu egin zuten baita ere. Baina erabakia izugarrizko presio mediatikoa jaso ostean hartu zuten. Gaur egun senar-emazteak dira eta bi seme-alaba dituzte. Fayna Bethencourt-ek, “El Yoyas”en emazteak, beti esan du “hor ez zela inongo erasorik izan”.
Zeinek esan zuen Gran Hermano eta antzeko “reallityek” ez dutela ezertarako balio?
Orain badakigu zenbaterainoko pisua duten horrelako portaerek iritzi publikoan.
Falta zaizkigunen artean, besteak beste: marihuana edo beste edozein drogaren aldeko apologia egitea, errege, erregina edo presidenteari burla egitea, independentziaren aldeko iritziak esatea, katalana edo euskara erabiltzea, “ijito” edo “judu” irain modura erabiltzea... Beste erreferendum batzuen faltan, badugu behintzat gure gizartearen zuzentasun politikoa neurtzeko tresna onesgarria.
Ah!, eta norbaitek gure euskal nortasunarekin inolako zerikusirik ez duen zerbaiti buruz ari garela pentsatzeko tentazioa badauka, berriro ere gurean hiruzpalau audientzia-puntu gehiago lortu duela jakin dezala.
Esanguratsua, baita ere, aukeratutako izenburua: “GranHermano VIP”, alegia: Ospe Handiko Pertsonentzat. Eta zeintzuk dira ospetsuak? Ba, Olvido Hormigos, Toledoko herri batean zinegotzi izanik, ospea lortu zuena bere irudiarekin egindako bideo porno bat sarean eskegi zutenean. Kiko Rivera,Isabel Pantojaren semea izateagatik eta kea baino alferragoa izanik ondo bizi daitekeela erakusteagatik. Belen Esteban, garai batean toreatzaile ospetsu batekin ezkontzeagatik eta arrunkeria lotsarik gabe behin eta berriz erakusteagatik... barkatuko didazue, baina ez dut aurrera joko, deprimitzear nago eta. Zer esan daiteke honelako harribitxiak famatutzat dituen herrialde batez?
Zoritxarrez, Zeltiberia Show hau ez da etxe horren barruan geratzen. Hor dago Nikolas Txiki, platorik plato, munduari azalduz nola bere bizimodua petraldu egin den ospetsu bihurtu denetik:  ‘Hogei urteko gaztea besterik ez naiz, mesedez, utz nazazue bakean, ez dut selfie gehiago egin nahi, ez dut autografo gehiagorik sinatuko, badakit maite nauzuela, baina mesedez, aski da!’ .
Iraganean ez bezala, gaur egun VIP bat izateko ez da aparteko gauzarik egin behar. Inori ez zaio axola zer egiten zuen benetan tipo horrek politikariekin edo errege-erreginekin ateratako argazki horietan. Ardura duen bakarra da haren aurpegia edonon agertzen dela eta hortaz arras erakargarria omen dela. Kitto.
Gertaera eredugarrien artean daude, baita ere, aste honetan ezagutzera eman diren Luis Bárcenas eta Esperanza Aguirreren epaiak. B-ordainketa milioidunak egiteak eta poliziaren aurrean harropuzkeria hutsez aritzeak ez du aparteko zigorrik, izen-abizen aproposak edukiz gero.  Horiek bai benetako VIPak.  



    

2 iruzkin:

  1. Hau dugu Espaina. Bertako "Ospetsutxoak" maila gorenakoak. Ah, marihuanarena gertatu zen lehenengo GHn, Euskal Herriko mutilak eraman zituen porrutxoak, baina, arrain ontzia jarri zuten eta porroak at joan ziren (Ez lehiakidea, behintzat, eskandaloa ez hazitzeko)

    ETAren txistea esan zuena bizkaitarra zelako, mantxegotarra izango balitz ziur ez zen kanporatua. Hau da hau umorea, euskaldunok ezin dugu ETAri buruz txisteak egin, mehatxagarria izan daiteke gure kasuan. :(

    ErantzunEzabatu
  2. Ez nekien marihuanarena. Egia esan, badirudi euskaldunok protagonismo aparta izan dutela etxe horretan. Ez dakit bigarren puntuan adoz nagoenik. Esaldi berbera esanez gero ez dut uste inor barruan geldituko denik.

    ErantzunEzabatu