2015(e)ko otsailakren 8(a), igandea

GEHIEGI GOIZEGI




Desechables Taldea
Desechables taldeko ekitaldiak ez ziren rock & roll emanaldi ohikoak. Haiek nahiago zuten “meza beltzak” deitzea, eta egia esan, Tere kantariaren garrasiak entzutean El Exorcista pelikularen eszenarik bortitzenak  zetozkizun burura.
Egun hauetan zenbait hiriburutan -Bilbo barne- El PeorDios dokumentala aurkezten dabiltza. Desechables taldeko ibilbidea kontatzen zaigu bertan eta beste behin, laurogeiko hamarkadan gertatutakoak ditu oinarri.
Teresaren nortasuna besteena ez bezalakoa zen benetan. Lan honetan ikusten diren zuzenekoetan haren portaera, taula gainekoa, paregabea da oso. Terek ez du kantatzen: oihu egiten du, garrasika dabil, amorruz liskarrean dabil entzuleriarekin, mikrofonoarekin bihurri jolasten duen bitartean. Terek ez du dantza egiten, astindu egiten du gorputza, tirokatua izango bailitzan iraulkatzen da, suge antzera narras dabil eta hori guztia beti aurrez aurre jendeari begira: “Quiero pasarlo bien esta noche...” behin eta berriz errepikatzen duenean, esate baterako, soberan dakizu ez dela hori bakarrik esan nahi dizuna. Ondo pasatu nahi du, bai, baina mendeku gisa, beste norbaitek sufritu dezan bere parrandarekin. Tererena “emakume power” hutsa da: “Ni emakume bat nintzen, agertoki baten gainean, beste edozein abeslari bezala, ez nengoen hor emakumearen egoera aldarrikatzeko, hor nengoen eta kitto”.      
Desechables taldea Bartzelonan sortu zen. Hirukote modura hasieran, laster lortu zuten hedabideen arreta, haien ekitaldiak guztion ahotan baitziren. Rock giroan ez zen batere ohikoa neska bat hor gainean agintari ikustea, are gutxiago horren jarrera probokatzailea erakutsiz. Lyonen jo ondoren,  kritikaren iritziek aho batez puntaren puntan kokatzen zuenean, taldearen patua erabat okertu zen. Auto-istripu baten ondorioz, lehen diskoaren grabazioa atzeratu zen. Indarberritu zirenean, Miguel gitarra jotzaileak, plastikozko pistola batekin lapurtu nahi izan zuen bitxi-denda  bat, baina jabeak, benetako bat zuen...  Ordezko kide bat hartu zuten, baina... ezer ez zen berdin...
Desechables taldekoek, arazoak arazo, ez zuten lortu beren gustuko diskorik egitea. Beti gogoratuko dituzte, erdibidean gelditu zen egitasmo gisa, euren abiadura eta gehiegikerien biktima. Alejandro Montes, Daniel Arasanz eta Nico Tarela, lan honen zuzendari gazteek, bizirik dirauen taldeko kideak bildu dituzte berriro, belaunaldi baten erretratuaren bila. Suertatu izan zaien marrazkia ezin adierazgarriagoa da: Baby-boomaren seme-alabek, nerabezaroan, Bartzelonako herri batean elkarrekin amets egiten dute. Herriko rockeroen tabernan biltzen dira eta erdi txantxetan rock talde bat eratzea erabakitzen dute. The Cramps ezagutu ondoren argi eta garbi daukate norantz jo. Taldea egiten dutenean Terek hamalau urte besterik ez ditu. Laster taldearen kiderik erakargarriena zein den jabetuko dira. Baina hor zeuden, baita ere, hamarkadako beste klasiko batzuk: askatasun gosea, delinkuentziaren xarma, denetarik probatzeko grina...
Ametsa bukatu zen eta taldeko kideak, halabeharrez, beren bizimoduari buelta emateari ekin zioten.                       
Agian dokumentalaren zatirik hunkigarriena, taldea berriro elkartzearena da. Gaur egun duten itxurak guztiz arruntak dira. Metroko bagoian ikusi eta gero inork ez zituen “psikobilly-star” ohiak ikusiko. Baina berriro elkarrekin jotzean, barruan lotan duten pizti hori azaleratzen da. Galdutako denboraren bila. Galdutako magiaren bila.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat