2015(e)ko otsailakren 15(a), igandea

GORROTOA EREIN



"La Hayne" (Gorrotoa) pelikularen irudia
Irratian gertatu zen, 1995. urtean. Xabier Gereño euskaltzale ospetsuarekin  solasean ari ginen arratsaldeko magazin batean, euskal kantagintzak Bilbon emandako lehen pausoak hizpide. Gereño, besteak beste, 1960ko hamarkadan egiten zen Euskal Kantari Berrien txapelketaren bultzatzailea zen. Elkarrizketan Lertxundi, Lete eta beste hainbat abeslariri buruzko pasadizoak entzun ziren. Gaztaroa, urduritasuna, garai hartako agintarien mesfidantza, diskoak grabatzeko zailtasunak... dena oso tonu atseginez esanda eta alde baikorrak eta dibertigarriak nabarmenduz.                                                                                                                   
Programa amaitu zenean, Gereñok oso bestelako anekdota kontatu zigun. Kantu Lehiaketaren finalean gertatutakoa hain zuzen. Jendeak, ekitaldia amaitu eta gero, “Gernikako Arbola” kantatzeari ekin zion. Ereserkia bukatzean, Bilboko orduko alkateak, Pilar Careagak, bere palkotik “Arriba España” oihukatu omen zuen, ozenki eta den-dena isiltasun astun batean utziz.                                                                                                                                                             Kontakizunaren zatirik mamitsuena entzuleen belarrietatik kanpo geratu zen. Zergatik ez zigun kontatu zuzeneko emisioan? Hasieran askotan esan gabe geratzen diren gauza horietako bat izango zelakoan nengoen, baina ez. Apropos egin zuen eta honela azaldu zigun: “ez ditut sasiak sutu nahi”. Horixe da erabili zuen esamoldea. Sasiak sutu. Benetan al da hori posible, aspaldian gertatutako pasadizo bat kontatzeagatik? Ba Gereñok oso argi zeukan. Frankismo garaian euskaraz horrenbeste disko argitaratu eta horrenbeste liburu idatzi eta saldu zituenak, askotan arazoak izanda zentsura zela eta, ez zituen ‘sasiak sutu` nahi. Bitxia, ezta? Askotan datorkit burura egun hartan gertatutakoa. Erraza da gero, sasiak sutzea, gorrotoa ereitea. Eta aldiz, ez da horren erraza gorrotoaren katea apurtzea.                                                                                                                                                                                     Gorrotoa erein zen, esate baterako,  Iraken kontrako gerra bat antolatu zenean “jende asko suntsitzeko armak” omen zituztelako. Bazterrak nahasten dira, baita ere, banketxeek, gure diruarekin erreskatatu izan direnak, inolako gupidarik erakusten ez dutenean etxegabetzeak egiteko orduan. Gorrotoa ereiten da, baita ere, sare sozialetan “terrorismoa bultzatzeagatik” sarekada ikaragarria egiten denean, baina inork ez du zirkinik egiten mehatxuak “Podemos”ek antolatutako manifestaziora joan zen jendeari zuzendutakoak direnean.   
Sasiak sutu izan dira, baita ere, Katalunian, ezinbestean ikusi baitute zer tratu ezberdina eman dion Britainia Handiak Eskoziako aldarrikapenari, Espainiak haienari eman dionarekin alderatuz... Euskal Herrian bizi izan dugun dramaren atzean ere, ereindako gorrotoaren isla nabaria da, ezbairik ez.                                                                                                                             Esandako guztietan eta beste hainbatetan, zaila litzateke gorrotoaren lehenengo hazia aurkitzea, eta, jakina, ikuspuntu ezberdinen arabera, erruduna, sortzailea, beti bestea izango da.                                                                                                                                                                                      Ez dira batere sinesgarriak, bestalde, barkamenak eta “azken puntuak”, etsaiak puskatu ondoren bakarrik predikatzen dituztenak. Barkamenak eta mendekuaren ahazteak erlazio zuzena dute umiltasunarekin. Horrek datozen belaunaldietan pentsatzea esan nahi du eta haientzat maitasunaren haziak ereitea.  Barneko handitasun itzela behar da gorrotoa irensteko eta Gereñorena bezalako erabaki txikietan suma daiteke. Oroitzeko estatua-irudiak eraikitzen ez zaizkien heroiak dira hauek. Agian merezi luketen bakarrak.
          
  
         





                                                                                                                                    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat