2015(e)ko martxoakren 15(a), igandea

ZORAMENA



San Mames 2015-03-07


Jendez bete-beterik dagoen estadio koloretsuan, egun handietako orroa entzungai. Zeru gorrixka, belardi distiratsua. Gure taldeko jokalarien marra zuri-gorriak ezin nahasketa egokiagoa egiten dute beheko berdearekin. Kontrarioak zuriz jantzita daude. Haiek dira faborito. Lehenengoak ligan, eta gaur-gaurkoz Europako txapeldunak. Munduan zehar aukeratutako izarrez osaturiko dream-teama. Argi dago: partidutik lerdo aurpegiaz irtetea gidoian dago. Gehiegitan gertatu da, orain ahaztearren.
Baina minutuak aurrera doaz eta lehiak ez du inola ere erabakita ematen. Gureak behin eta berriz hurbiltzen dira besteen atera, eta oso gutxitan gertatzen da alderantziz. Badirudi “izarrek” unibertsoz aldatu dutela. Koloreen paletan beste ñabardura bat emanez, gure azken boladako azukre koxkorra (azukre beltza, bide batez esanda): Iñaki Williams. Izarren artean eguzkirik badago, bera da. Zurien taldekoek ez dute sinisten. Baina nor da tipo hori? Nondik atera da baloi guztiak aurrera eramaten dituen zuziri hori? Zein da bost minuturo arriskua sortarazten duen hori? Nolatan ume-moko bat horrenbeste ospetsu gainditzen? Abestia moldatzeko ordua da: “Iñaki, zu bai zarela txapeldun!”
Eta izan zitekeena... gauzatzen da. Mota guztietako golak daude. Txiripaz sartutakoak, burukada batez, multzo batetik sortuak, penaltyz... baina nekez ikus daitezke larunbata horretan bezalako artelanak: behar den minutuan, jokaldi ikaragarri baten ondorioz, burukadaz, ate-eskuairetik eta Casillasen luzada gaindituz. Txapela kentzekoa, saltoka ospatzekoa, ezezagunak besarkatzeko modukoa... Aduriz, nola ez.
Ez zegoen nire planetan, inola ere, baina batzuetan horrelakoa da patua, ondoen ateratzen zaizkizun planak antolaturik ez daudenak suertatzen dira. Urtean behin edo bitan joaten naiz San Mamesera. Normalean Realaren kontrako derbya ikustera eta posible denean nazioarteko partiduren bat ere bai. Gustuko dut lagunartean partiduak ikustea, ohiko tabernan eroso jesarrita eta birraren baten laguntzaz. Baina aspaldiko lagun batek bultzaturik –Bartzelonako “merenge” amorratua gainera- sarrerak lortu nituen berarentzat eta beraren seme culéarentzat. Okerrenerako prest, jakina. Azken urte hauetan Espainiako ligan finkatu den marra madarikatu hori dela eta, Real Madrid edo Bartzelonaren kontrako partiduetan, sorpresarako aukerak ia desagertu dira. Are okerrago: kristoren jipoiak jasotzeko aukerak erabat sendotu dira. Hortaz, astean zehar saiatu nintzen etorriko zitzaidanera ohitzen: Cristiano saltoka eta bere “postureo” guztiak San Mameseko belar gainean erakusten; nire Bartzelonako lagunaren poztasuna eta kontsolamendu hitzak; ohiko titularrak zorteari edo epaileari porrota leporatuz... kaka putza!
Azkenean laguna gaixotu egin zen eta koadrila aldatzeko premian aurkitu nintzen. Luis, nire anaia gaztearekin eta Jose aspaldiko lagunarekin abiatu nintzen iragarritako deskalabrura, jarrera posibleetako onenarekin.
Baina jakina da: gozagarririk egokiena gosea da. Normalean horrelako jaiak eskaintzen ez dituen taldearen garaipenak ezin gozoagoak dira.
Futbola, hogeita bi gaztetxo aberats galtzontzilotan, baloi baten atzetik lehian, esan diot hamaika aldiz nire buruari.  Athletic... etsipenez arratsalde askotan madarikatua: zer daukazue behin eta berriz ni harrapatzeko? Ideiarik ere ez. (Hasperena) .      


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat