2015(e)ko martxoakren 8(a), igandea

ZUETARIKO BAT




Emma Watson aktorea NBEn emandako hitzaldian
Zentzuzkoa ematen du: bidezko kausak ez dira lagundu behar zeure interes partikularrekin bat egiten dutelako, berez laguntzekoak direlako baizik. Hala eta guztiz ere, esate baterako, oso gutxitan ikusten dira juduak palestinarren aldeko ekimenetan edo zuriak beltzen eskubideen aldeko manifestazioetan. Salbuespenak salbuespen (eta jakina da salbuespenak araua baieztatzen duela) arazoa zuzen-zuzenean gurea ez baldin bada, baztertzeko joera dugu. “Lan egiten dutenek/ langabetuez barre egiten dute/ eta libre daudenek presoez” abesten zuten Eskorbutokoek. Zoritxarrez elkartasuna, gehienbat, agirietan erabiltzen den hitz potoloa besterik ez da eta badirudi gure kontzientziak geure zilborrarekin erlazio zuzena izaten duela.  
Gaurko egunak, adibidez, guztion aldarrikapen baten eguna izan behar luke. Taxuzko arrazoirik ez da falta. Hala ere, ez dira gutxi feminismoa gizonen kontrako mugimendutzat sentitzen duten gizonezkoak, eta egia esan, ez nuke baietsiko, azken bolada honetan, aldaketa nabarmenik sumatzen dudanik, sentipen horri dagokionez.    Are larriago: emakume askoren artean ere hedatua dago nolabaiteko irudi negatiboa. 2014. urte honetan, oraindik ere ez da batere arraroa emakume baten ahotsean antzinako leloa entzutea: “ez naiz feminista ez matxista, niretzat txanpon berberaren bi aldeak besterik ez dira”.
Datu banaka batzuk besterik ez aipatzearren, merezi du gogoratzea gure estatuan 51 emakume erail dituztela 2014. urtean haien bikoteek edo bikote ohiek, (658 azken hamarkadan), zortzi orduro bortxaketa bat gertatzen dela edo emakumeen soldatak  % 16 txikiagoak direla, lan berdinarengatik, Europako Batasunean. Langabeziaren datuak ere askoz negatiboagoak dira emakumeentzat, 13.000 langabetu gutxiago zenbatu diren arren, 6.319 gehiago dira emakumeen artean, azken datuen arabera. Eta hau mundu mailan dagoen egoera ez aipatzearren.
Eskubide-berdintasun eza guztion arazoa da eta guztiontzat da kaltegarria. Hau ulertzen ez dugun bitartean, nekez joko dugu aurrera. Hau izan zen Emma Watson aktoreak NBEnemandako mintzaldiaren ardatza.
Erabat hunkigarria eta baliagarria deritzot hitzaldi honi. Harry Potter filmetan horren ospetsua egin zen artistaren ahotsean, feminismoaren aldeko -eta hortaz berdintasunaren aldeko- horren hitz zentzuzkoak entzutea, egundoko berri ona da, kontuan izanik mundu osoko gazte askorengan izan dezakeen eragina.
“Gizonari ez bazaio sinistarazten oldarkorra izan behar duela, emakumea ez da otzana izango. Gizonari ez bazaio irakasten kontrolatzailea izan behar duela, emakumea ez da kontrolatua izango. Biak, emakumezkoak eta gizonezkoak libre sentitu behar dira indartsu izateko. Generoak multzo bezala ikusteko ordua da eta ez elkarren kontrako poloak bezala. Elkarri erronka-egiteari utzi behar diogu. Biak askatuago izan gaitezen eta honetaz ari gara kanpaina honetan: askatasunaz”.
Emmaren berbetan emozio izpi bat suma zitekeen, baina haren mezua guztiz erabatekoa zen. Hasieran arreta eta sorpresa nabaria zen entzuleen aurpegietan, baina aurrera zihoan heinean argi eta garbi igartzen zitzaion hizlariari, bihotzarekin hitz egiten ari zela, eta ez zuela mezu garbia bezain sendoa zabaltzeko aukera galdu nahi: “Zalantza uneetan, nire buruari esan diot: Ez banaiz ni, nor? Eta ez bada gaur, noiz?”
Horixe bera.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat