2015(e)ko apirilakren 13(a), astelehena

ATZOMINIK EZ

Francori harrera 1950. hamarkadan
Bazen behin zuri-beltzeko herrialde bat. Kaletarrek eta baserritarrek osatutako herrialde hartan, Eliza eta haren errituak nonahi zeuden. Arimari gorputzari baino askoz garrantzi handiagoa ematen zion eta arkakusoak, labezomorroak, kaparrak eta antzeko piztiak eguneroko lagunak zituen. Berezko zuten hizkuntza, (euskara zuen izena) ez zegoen kalean kasik entzuterik; etxe batzuen barnean egiten zen bakarrik, haizetik babestu behar balitz legez. Mutilek eta neskek ez zuten elkarrekin jolasten eta inori ez zitzaion burutik pasatzen janzkera koloretsuak eramatea.

Gerra luze baten ondorioz diktadore baten itzalpean bizi ziren herrialde honetako biztanleak. Horietako asko haren kontrakoak izan arren, gutxi ausartzen ziren jendaurrean esaten, kartzela eta torturak beti prest zeuden kasu horietarako. Baina gizakiak bizirik irauteko joera dauka eta bizimodu gris horretan bazegoen, baita ere, jolasteko, maitatzeko eta dibertitzeko tarterik.

Hauexek dira Arantxa Urretabizkaiaren azken liburuaren ardatzak. Hamabi argazki aztergai. Eliza, gorputza, arropa, ikatza, Franco, dirua, euskara, jolasak, neska-mutilak, baserria, jatekoak eta ikasketa hizpide.

Era asko daude bizi izan duguna kontatzeko: pertsonaia batzuen eskuetan uztea, fikziozko kontaketa baten bidez; egunerokoak koaderno batean idaztea (Iñaki Uriartek bere txalokatutako egunkariekin egiten duen bezala);  bizitako pasadizoak lehen pertsonan jartzea... Aukeratutako era ez da derrigorrez besteak baino fidagarriagoa, azken finean literaturaz ari gara. Denak izan daitezke baliagarriak idazle baten bizipenak eta bizitako sasoiaren lekukoa erakartzeko.

Argitaratu berri den Zuri-beltzekoargazkiak liburuan, Arantxa notarioaren paperean sartzen da, garai baten collagea egiteko. Kasu honetan irakurlea, familiaren argazki bilduma begiratzera gonbidatua dago. Irudiz irudi  iraganeko ohiturak, modak, beldurrak, berdintasun-ezak, jolasak eta balioak azaltzen zaizkigu adiskidantza giroan. Garai horiek bizi direnenentzat oroitzapenak banatzeko edo konparatzeko ariketa izan daiteke. Munduan oraindik ez ginenontzat berriz, gure aurre-aurreko gizartea eta egunerokotasuna ezagutzeko tresna da.

Idatzian 1947tik 1960ra arteko tartea deskribatzen da. Nire jaiotzaren urtean bukatzen badu ere, erakutsitako zenbait paisaia ezagunak egiten zaizkit, Franco edo elizaren nonahikotasunaz ari denean adibidez.

Miguel Gila umorista apartak gustuko zuen txiste hau kontatzea:

-“Maitea, nire bizitzako oroitzapenak idazteko asmoa daukat… zer edo zertaz gogoratzen al zara zu?”.

Oroitzapenak ez dira objektiboak izaten. Arantxak berak aitortzen zuenez: “nire ahizpari eman nion idatzia eta irakurri ondoren konturatu ginen bion oroitzapenak ez zirela askotan berdinak”. Liburuaren sarreran idazleak honela dio: “Argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan”.

Azken finean, eskaintzen zaiguna autoreak askotan defenditu duena da: pasatako denbora hobea zela pentsatzeko joera daukagu. Ez zen hobea, txarragoa baizik, eta ez dugu ahaztu behar”.  

 

 

                       

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat