2015(e)ko apirilaren 19(a), igandea

PORTUA AIREAN



Bilboko gaueko irudia, egazkin batetik hartuta . Argazkia: Joana Moso


Aireportu guztiak dira aireportu bera. Airean eraikitako portuak. Hor daude berriz denak: enpresa gizon bakartiak -keinurik gabeko aurpegiaz-,  umeak lasterka pasagune mekanikoetan -ibiltari guztien kontra bultzaka-, arraza guztietako emakume zoragarriak, hiru besaulkiren gainean lotan geratu dena -nazka keinuaz-, nerabeen txango zalapartatsuak… eta abisuak, hizkuntza ezberdinetan ahoskatutako abisu monokordeak... Oporraldi gozo baten bueltan, ohiko giroa malenkoniaz busti da. Ehunka gazte murgilduta dabiltza beren gailuetan eta bertako Duty Free-etan nabariak dira azken orduko oparien bila urduri dihardutenak.                                                                                                                                       Atsegin arituko zaizu zure hegazkin-konpainiaren salmahaiaren atzean harrera emango dizuna. Atsegin arituko zaizu lurrin-dendako saltzailea. Baina txantxarik ez kontroletan dauden funtzionarioekin. Eta tentagarria da. Emakume polizia horrek esan berri dizu zapatak eta gerrikoa berehala kentzeko, munduko normalena izango bailitzan. Hobe barrerik ez egitea. Bagoaz zintzo-zintzo denak barrura. Orain dela gutxi jakin dugu horren irribarretsu hartzen gaituen tripulazioak ez duela zertan, derrigorrez, guztiz fidagarria izan. Are okerrago. Jakin dugu, baita ere, helmugara bizirik heltzeko nahia, pilotuarena ez izatea gertadaitekeela. Orain, dorre bikien kontrako atentatua ia ahaztuta geneukanean… yupi.                                                                         Hegazkin barruan bagoaz gure lekuak bilatzen. Ikasketa-bidaiako gazteak, irri eta barrez, gurea bezalako familiak, hipster eta gafapasta saihestezinak eta …euskaldunak. Nire bizitzan hartu ditudan hegazkin guztietan izan dira. Egunen batean, euskarak nolako doinua daukan erakusteko interesdunak hegazkinetara eramango dituzte.  Gaur egun baliteke Abaltzisketa edo Berrizera joatea euskara bila eta hitz bat ere ez entzutea. Baina ez estutu. Azalpen garbirik ez dudan arrazoiren batengatik, euskarak bizirik iraungo du hegazkinetan mendeetan zehar. Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arduraduna izango banintz, abioietan gauzatuko nituzke helburuak.                                                                                                                                                       Denak barruan eta ongi kokatuak gaudela, hamaika aldiz ikusitako antzezlana. Larrialdietako irteerak, arnasa hartzeko maskarak, besaulkipeko txalekoak… Aeroneskak irribarretsu eta patxadaz egiten ditu mugimendu guztiak, horrelako egoera batean hori posible izango balitz bezala. Berriro ere ergela sentitzen naiz azalpen horiek guztiak ulertu ezinik: tira hemendik, puztu hortik, lotu handik…  Honelakoetan, Miguel Gilaren txiste bat datorkit gogora: “Salbamendu-txaleko bat?, Bartzelona eta Madril arteko bidaia batean?... putzu batean erortzen bagara ere?”… Baina zoritxarrez bada maisu horren beste pasadizo bat gaurkotasunarekin zerikusi zuzenagoa duena.                                                                                                                               Bi bidaiari hegazkin batean hizketan. Batak besteari honela diotso: “Ezin dut saihestu. Hegaz egiteak beldurra sortzen dit” eta besteak: “Lasai motel, gure heriotza patuan idatzita dago, zure eguna ez bada ez zara hilko”,  “Bai” -arrapostu eman dio lehenak- “eta pilotuaren eguna baldin bada, zer?”.
Baina ez. Zorionez ez da pilotuaren eguna izan eta miraria errepikatu da. Egundoko pisua daukan ontzi hori usoa bezala altxatu da eta ziztu bizian zeharkatu ditu zeruak ezuste handirik gabe. Lur hartzean txaloaldi aparta entzun da. Memelokeria itzela iruditu zait beti. Gaurko honetan, aldiz,  nire eskuek ez didate kasu egin eta haien kabuz hasi dira txaloka, ikuskizunik ederrena izango balitz legez. 

       
 
                                                                                                                                                                                                                                                                   
 

          
        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina