2015(e)ko apirilakren 26(a), igandea

SNOWDEN ETA ZEBRAK



Edward Snowden

 Egun batean munduko herrialderik indartsueneko inteligentzia zerbitzuetan ziharduen langile batek, esku artean zeukan informazio sinestezina munduratzea erabaki zuen. Hori ahalbidetzeko,  bi kazetarirekin -The Guardian eta The Washington Post egunkarietakoak-  eta Laura Poitras dokumentalistarekin bildu zen Hong-Kongo hotel-gela batean, bere lanean eszedentzia eskatu ostean.                                                                                
Eta zertan zetzan horren aparteko informazioa? Bada, teknikari horrek -Edward Snowden izenekoak- argitara eman nahi zuena XKeyscore programa zen. Ekimen horren bidez, Interneteko bederatzi enpresa handiren bezeroen datu guztietarako sarbidea lortzen omen zuen 2007tik NSAk. Eta enpresa horiek ez dira edozein: Microsoft, Yahoo!, Google, Facebook, Paltalk, Youtube, AOL, Skype eta Apple (eta Dropbox programan sartzekotan omen zen).
Snowdenek salatzen zuena, hitzez hitz, honako hau zen: milioika pertsonen datuak eta elkarrizketak espioitzapean zeuden (daude, AEBk aitortu duenez) eta behar izanez gero, edonor egon zitekeen euren helburuen artean.                                                                                                                    Citizen Four izeneko dokumentalaren mamia hau besterik ez da: kazetariekin izandako aitormena, Laura Poitrasek grabatu zuen bezala eta ondoko egunetan sortutako zalaparta.
Zerk eraman zuen Snowden hau guztia argitaratzera? Erabaki horrez geroztik bere bizitza arrisku bizian dago betiko eta lortutako ospeak ez dio sekula zeukan bizimodua berreskuratuko. Idealismoa? Erantzukizun zentzua? Nabarmendu nahia?                                                                                     Edozein izanda ere, egun, astindutako hautsak baretu ostean, hau da geratu dena: Oscar saria lortu duen dokumental bat, tinta ibaiak sortu izan dituen ezagutarazte batzuk eta haien herrialdeetako justiziek bila dituen bi izen ospetsu: Edward Snowden estatubatuarra eta Julian Assange australiarra, Wikileaks webgunearen bidez, lehenengoak lortutako milaka dokumentu sekretu argitara eman zuena. Hauen aldeko zenbait elkartasun-ekimen izan da noski, baina ez dugu ikusi enpresa hauen aurrean manifestazio erraldoirik, ez tartean izan diren arduradunen dimisiorik, eta are gutxiago inolako ondorio larririk, internet edo telefonia munduan diren erraldoi horientzat. Dokumental berean Barak Obama presidenteak lotsa izpirik gabe argi azaltzen digu: “Behar izanez gero, herritarrak pribatutasunaren murrizketen alde daude, Bostoneko atentatuetan frogatu zen bezala”.                                                                                                           Snowdenen begirada erabat aldatu da, filmaren irudietan ikusteko aukera izan genuenez. Orain Errusiako babesa dauka, bere herrialdean “lehenengo etsai publikoa” betiko izango denak, eta Julian Assange Londonen Ekuadorrek duen enbaxadan bizi da, legezko amaraun batean harrapaturik, batek daki noiz arte.                                                                                                                    Arrazoi ugari dugu erantzuna emateko: berotze globala, ustelkeria,
genero-indarkeria, etxegabetzeak, Falcianiren zerrenda… Bernardo Atxagari entzun nion behin lehoiak nahasteko, zebrak haren aurrean elkartzen direla. Horrela lehoiak ez du zebrarik ikusten, baizik eta nahasketa  zorabiagarri bat. Halako zerbait gertatzen omen da salaketekin; nahiz eta oso funtsezko arrazoiak izan, badirudi informazio zurrunbilo batean galdurik gabiltzala denak, eta zuzen-zuzenean gure zilborra ukitzen dutenean bakarrik mugitzeko gai garela. Jokoan dagoena norberaren pribatutasuna da, askatasuna alegia. Big brother is watching you. Ezbairik ez.
       

                                             

    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat