2015(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

DAVID ETA GOLIATH





 Hogeita bat boto, ez gehiago ez gutxiago. Hogeita bat boto ziztrin falta zaizkio Davidi zinegotzi izateko. Bere herrian buru egiten zuen ezkerreko koalizioa udaletxe atarian geratu da eta gaur, horrexegatik hain zuzen, ohetik altxatzea ere kosta egin zaio. Gupida gabe zigortua sentitzen da, bere eguneroko jubilatuaren ibilbidea hasteko orduan.
Emaztea etxean eta semea Madriletik telefonoz, animoak emanez saiatu badira ere, ezin du galtzailearen zama lepotik kendu. ‘Ez duzu horrela hartu behar, jendea nekatuta dago betiko alderdiekin eta berritasun zerbaiten bila dabil, besterik ez da’. Bai, oso nekatuta omen daude, baina irabazleak ‘betikoak’ izan dira eta inork ez du hain porrot lazgarria jaso.
Bere ohiko tabernan goizeko kafea hartzen duen bitartean egunkariko emaitzak errepasatzen ditu, udaletxeren batean datu lasaigarriren baten bila. Alferrik. Aitziber, barraren bestaldean dagoen neska potolotxoa, besoak antxumatuta, urrutiko punturen bati begira dago, keinu aspertuaz. Kosmek ez du gaur inorekin hitz egiteko gogorik. Duen itxuragatik, beti susmatu du neska ezker abertzalekoa dela. Gaur ez du oso pozik dagoenik ematen eta ez dio futbolaz edo eguraldiaz inolako iruzkinik egin, normalean egiten duen bezala. Zorakeria dirudien arren, epaitua sentitzen da -‘begitu zer gertatzen den ezkerreko botoa sakabanatzeagatik, motel’- begiekin esango balio legez. Tabernaren ertz batean ikasle talde bat irri eginaz dabil. Ez diote hari erreparatu ere egin, baina barre algara bakoitza aiztokada balitz bezala barneratzen du. ‘Nori emango liokete botoa hauek? Niri ez, jakina, ez dut iletxortarik eramaten eta ez dakit Juego de Tronos zer den. Gainera gure kandidatura hizki-zopa bat zen eta ez genuen Podemosek duen izendapen zuzena eta modernoa… Hamaika urte jo eta ke lanean udaletxe puta honetan aritzeak ez du ezertarako balio izan. Inportanteena hipster  itxura izatea da eta telebistan agertzea bi ogerleko egiak esanez… kaka-putza’…   
Davidek, ohiko planari buelta ematea erabaki du. Gaur herria mina-zelai bihurtu da harentzat. Horrenbestetan udal-batzarretan berarekin tematu direnak harro-harro ibiliko dira tabernaz taberna, garaipenaren ardo goxoa dastatzen. Egun, gutxien desiratzen duen gauza, euren kontsolamendu hitzak aditzea litzateke. Metroa hartuko du eta Bilborantz abiatuko da.
Geltokirako bidea hartu du, alboetara ez begiratzeko grinarekin. Baina ezinbestean, hor daude nonahi, kartelak, argazkiak, leloak: ‘Herri berri bat eraikitzeko hautagai eraldatzailea’ ‘Ezkerreko Herri Kandidatura: Aldaketarako Esperientzia’. Bere irribarrea afixa horietan ezin lerdoagoa iruditzen zaio gaurko honetan. Bere senak paper horiek guztiak bortizki kentzera bultzatzen du, baina ez da ausartuko. Ihes. Besterik ez du egin nahi. Franco garaian kartzelaturik zegoenean bezala.
Kalbarioa ez da horren erraz amaituko. Aurreko besaulkian jesarri den bikotea, ‘tablet’ bat eskuetan, emaitzak aztertzen dabil. Bagoian sartzean eman dioten doako egunkari baten atzean ezkutaturik, haien iruzkinak zartada antzera entzuten ditu: ‘buah, menuda hostia que se han dao estos también, mira, hasta la margen izquierda es del PNV…’
Hirira helduta, noraezean dabil luzaroan, bere porrota hausnartzen. Ustekabean San Mames aurrean kokatu da eta bere baitan bizi den umeak, azkenean, irribarrea marraztu du bere aurpegian: Athleticen armarria. Beste aukera bat Davidentzat, Goliathen kontrako etengabeko lehian.     

  

             

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina