2015(e)ko ekainakren 7(a), igandea

WYOMING ETA ESPERANZA

Wyomig y Los Insolventes




Arrakastaren aurpegia dugu hau. Jose Miguel Monzón, “El Gran Wyoming”. Egunez egun bere audientzia markak apurtzen dituena. Aspaldian lortu zuen bere mitoa indarrean jartzea, trantsizio garaian TVEko agintariek haren lehenengo saioa tupustean programaziotik kendu zutenean. Aurrerantzean zenbait eskaintzatan ikusi dugu, normalean publikoaren erantzun ederra lortuz. Antza umorezko saioak egiten ditu, baina horrek ez du esan nahi programa ‘arinak’ direnik. ‘Caiga Quien Caiga’ saioan zenbait politikari eta artistari egiten zitzaizkien galderak ez ditugu beste inon erraz ikusi. ‘Umorezko’ espazio batean izateagatik hain zuzen ere, kazetariek beste formatu batean egingo ez lituzketen galderak egitera ausartzen ziren. ManuelFragak  bertan erantzun behar izan zion erreportari bati Gasteizko hildakoei buruz -1976ko istiluak- eta EsperanzaAguirrek saio honi zor dio, onerako eta txarrerako, bere ospea, askotan onartu duen legez.                                                                                                                                   Aipagarria benetan horien artean sortu den harremana. Politikari madrildarra ez litzateke horren ezaguna izango Wyominen laguntzagatik izan ez balitz, baina ezbairik ez, ‘El Intermedio’ saioarentzat galera itzela izango da politikari hau lehen lerrotik desagertzea. Izan ere azkeneko asteetan ikusi duguna bien arteko lehia zuzena izan da. Wyoming politikariaren errenta-aitorpenari buruzko txantxak egiten hasi zenean, Aguirrek bortitz erreakzionatu zuen: ‘nik ez dut nire aitormena erakutsiko, horixe baino ez nuen behar, Wyomingek erakutsi dezala berea, ausartzen bada’. Komikoaren erantzuna -gidoilarien laguntzaz agian- ezin sarkastikoagoa izan zen: ‘Nik askoz gehiago irabazten dut eta egunero ordu bete bat lan egin behar dut horretarako. Baina jendeak ez die komikoei gardentasuna eskatzen, politikoei baizik. Esperanza, komikotzat hartzen ote duzu zure burua?’.
Hauteskundeen aurreko azken ostiralean ‘Wyoming y los Insolventes’ taldea Bilboko Kafe Antzokian izan genuen. Aretoak egundoko betekada erakutsi zuen rock-historiaren klasikoak entzuteko eta artistarekin batera ahots batez kantatzeko. Aguirre ere, nola ez, aipatua izan zen jendetzak akuilatuta eta bertan, giro beroak lagundurik, ‘abeslariak’ bere iritzia eman zuen gordin: ‘Me cae mal’ -aitortu zuen- ‘Madrilen galdetuz gero, denek esango dizute berdin. Inork ez dizu esango bozkatuko dionik, baina gero beti irabazten du’. Oraingo honetan ez dago oso garbi irabazi edo galdu duen. Bakoitzak ikus dezake botila erdi betea edo erdi hutsa, baina ezbairik gabe, boto galera garbia izan du eta ez du ematen alkate izateko aukera izango duenik. Madrilgo ‘Puerta del Sol’en bildutako ‘Podemos-en’ kontrako manifestariek argi eta garbi zuten erruduna zein zen. ‘La Sexta’ kateko kazetarien kontra zakar aritu ziren, Wyominen aurkako irainak oihukatuz,  berriro ere komikoari omen dituen etxebizitzak aurpegiratuz. Bitxia benetan zenbait umoregile hartzen ari den papera. ‘El Follonero’ izandako Jordi Evolek elkarrizketatua izateak kartzela zigorra eragin dezake (Balear Erkidegoko presidenteari, Jaume Matasi gertatu zitzaion bezala) eta Wyominen ikusmiran egoteak boto galera itzela ekar dezake.                                                                                                                                                         Gure Beppe Grillo sortzeko bidean ote?

   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat