2015(e)ko uztailakren 12(a), igandea

ERREPELEGA


Errepelega auzoko kale bat
Telefono dei bat jaso: “Roberto, Mena naiz, Errepelegako Manifa taldekoa, badakizu. Iaz Markie Ramone jaietarako zelan ekarri genuen gogoratzen? Ba aurten ere zerbait aparta egitekotan gaude,Pako-Eskorbuto berriro taula gainera ateratzea. Zer, berarekin kantatzera animatuko?”. Animatu, nola ez. Nire agenda entseguak sartzeko antolatu: alde batetik Pako lagunduko duen bandarekin -musika munduko lagun zaharrez osatuta- eta bestaldetik A Morir auzoko taldearekin -daukaten txokoan txuletak eta rock & rolla alaitasunez nahasten dira-. Hamaika aldiz damutu baietz esateagatik eta hamaika aldiz damutzeaz damutu.   Horrelakoetan gertatzen den bezala data azkarregi hurbildu eta entseguak azken egunetarako utzi. Uztailaren 3a. Ostirala. Alea iacta est.                                                                                                                                                        Errepelegarekin berriro topo egin. Hor goian, Sestao eta Portugalete artean. Hirurogeiko hamarkadako bloke erraldoiak eta industrializazio garaiko etxe-ilara dotoreak. Ikusgarri dantza talde mitikoa eta beste inon aurkituko ez dituzun “old-style” taberna rockeroak. Nire lagun -eta bertoko auzotar-  Agustin Benitorekin bertaratu. Heldu bezain laster topaketak, besarkadak, berraurkitzeak. Gau eder horretan plaza jendez gainezka aurkitu eta antzinako giro kilikagarria berriro sumatu. Lehenengo talde gazteen emanaldiak ikusi eta berriro ere Eskorbutoren hitzek zein bizirik dirauten harriturik  egiaztatu: “El Partido que gobierna este país / Y toda su oposición parlamentaria/ Las patronales, los sindicatos/ Todos contribuyen a nuestro fracaso”. Iosurekin izaten genituen eztabaidak gogoratu: “Beti besteei zeure porrotak leporatzea oso erraza da, ezta?” ,”berdin zait erraza ala zaila den, nik horrela sentitzen dut eta kito”. Besteak beste Zarpazo a Cicatriz taldearekin haluzinatu. Unai Etxebarrieta,  bere anaiaren espiritua berpizten ikusi, publikoa bere poltsikoan sartzen, Natxok bakarrik zekien bezalaxe.                                                                                                                                                       Gaueko hamabiak. Taula gainera berriz igo, gau honetan ekitaldi bakar baterako osatutako talde batekin: Gato, Garlopa, Urko, Mamen, Ladys eta Pako. Gaueko emanaldirik desiratuena. Lehenengo segundotik jendetzaren beroa sumatu. Beldur guztiak bat-batean nola desagertzen diren igarri. Zuzeneko magian berriro desagertu: “Historia triste”, “Cerebros Destruidos”, “Antes en las Guerras”, “Rogad a Dios por Los Muertos” eta “Ratas en Bizkaia”. Azken abesti honekin goitik beherako zirrara antzematea: besoak gora, eztarriak ozen, bustidura zenbait begietan: “Somos ratas/ En Bizkaia/Somos ratas/Contaminadas/Y vivimos/En un pueblo que naufraga fraga fraga”. Gero  A Morir auzoko taldearekin “Soldados” aparteko kantua abestu, armada guztien zentzugabekeria salatuz.  Tango ospetsuan bezalaxe “hogei urte ez direla ezer” barru-barrutik sentitu, batez ere Acha tabernara sartzerakoan. Bertan biniloek, petakoek, futbolinak, tubo-edalontziek eta mota ezberdinetako keek bizirik dirautela ohartu. Aita-semeak elkarrekin ikusi, rockero zaharrak entzuten, eta zuzentasun politikorik ez duten elkarrizketak aditu. Barre egin. Goizaldearekin -aspaldiko partez- topo egin. Etxerako bidean Pello Sarasolarekin gogoratu, aurreko egunean guregandik betiko alde egina.  Etxerako bidea hartu errepide hutsetik. Beste bat arte Errepelega. Beti arte Iosu, Jualma, Pello. Batzutan Bizitzeak ez du preziorik.                


    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat