2015(e)ko uztailakren 6(a), astelehena

NESKATXA BIHURRIAK

Arantxa Gurmendi eta Bihurriak Taldea 1968
Lourdes Madow, Alicia San Juan, Reyes Torio, Patricia Peñeñori, Marivi Ibarrola, Carmen San Esteban... bertoko musika munduan, hainbat arlotan aritu izan diren emakumeak, kasu askotan mereziko luketen ospea lortu gabe. Hau da Elena Lopez Aguirre kazetariak  ‘Neskatxa Maite’ izeneko liburua osatzeko aukeratu duen gaia. Protagonista bakoitzak lehen pertsona erabiltzen du bere ibilbidea kontatzeko, Elenak berak eratu ditu lekukotzak, egindako elkarrizketetan oinarrituz -aipatutakoen berrikuste eta baimena izan ondoren- oso kontakizun erakargarriak osatuz.  Elenaren hitzetan ‘25 emakume hauen artean badira aitorpen handia edo beste batzuk baino handiagoa jaso duten emakumeak, gutxiago jaso dutenak eta baita anonimatuan geratu direnak ere. Baina horrek ez du esan gura ekintzaileak edo protagonistak izan ez direnik. Horiek denek errekonozimendua behar dute eta hori izan da liburua idazteko motibazio nagusia’. Ordena kronologikoan, lehenengoa Arantxa Gurmendi da. Bere ibilbideak oso ondo islatu dezake  lan honen mamia.  Donostiako parte zaharrean jaioa. ‘Jarrai’ antzerki taldean ibili zen gaztetan, Ez Dok Amairu taldeko dinamizatzaileetako bat izan zen. Antzerki eskolan ikasi zuen. Antzerkian, telebistan eta zineman murgildu da aktore lanetan. Goenkale telesailean ‘Ortentsi’ren papera antzeztu zuen eta  aktore-zuzendaria ere izan da. ‘Bihurriak’  euskal pop-rock taldeko burua izan zen hirurogeiko hamarkadan:
‘Antolatu genuen musika jaialdi bat eta uste genuen nahiko monotonoa izango zela dena kantautoreekin egitea. Garai hartan nik Zeruko Argian kronika txikiak idazten nituen musikari buruz. Bertan euskaraz edozein musika mota egin zitekeela defendatzen nuen. Eredu modura, behin “la Chica YE-YE” euskaratu nuen. Hori zela eta, zuzenean abestea proposatu zidaten . Oso ondo geratu zen eta hurrengo emanaldirako berriro egitea nahi zuten. Nik ezetz esan nien. Nahi izanez gero kantatuko nuela, bai, baina nire gustuko musika. Horretarako nire ahizpa eta lagun batzuekin elkartu nintzen eta horrela sortu zen Bihurriak taldea’.                                                                                                          Talde honen kideak Wight irlako jaialdi historikoan egon ziren, Jimi Hendrix, Bob Dylan eta Donovan bezalako artistak ikusten, eta tamalez ezin izan zuten ondorengoentzat disko bat utzi. Eurena bai zen “gehiegi, goizegi”. Britainia Handitik bueltan txistu eta guzti egin zieten Donostian praka gorriak janzteagatik.                                                                                              Lehenengo emanaldiak izan ondoren, ‘Ez Dok Amairu’ barnean ezeroso sentitzen hasi ziren. Beren kabuz ibilbidea egiten saiatu ziren, baina soldaduskek eta arazo politikoek -Arantxak Frantzia aldera bizitzera joan behar izan zuen, bere senarra han errefuxiatu zelako-  proiektuari amaiera eman zioten.                                                                                                                                                     Harrigarria bada ere,  zeregin hauek guztiak bere ogibidea aldera utzi gabe lortu du egitea. Bidaia-agentzia batean lan egin du, batez ere turismo-gidari gisa. Bost kontinenteetan arras ibilia da Arantxa: ‘Bidaiatzea ez da bakarrik zure herritik alde egin eta beste leku batera joatea. Gero, bueltan etortzen garenean, ikuspuntua pixka bat aldatzeko eta mundua beste modu batera ikusteko balio behar du’.                                                                                                                                  Orain dela gutxi alzheimerra diagnostikatu diote. Konplexurik gabe hitz egiten du gaixotasunaz. Orain arteko zenbait proiekturekin aurrera jarraitu nahiko lukeen arren, alzheimerrak  eta adinak hainbat muga jarri dizkiotela aitortzen du.     

 

2 iruzkin:

  1. Ederra! Elena López Agirreren liburua hartuko dut oporraldian. Del txistu a la telecaster bikainaren ostean lan interesgarria ematen duela honek. Eskerrik asko eskegitzeagatik, Roberto. :)

    ErantzunEzabatu
  2. Ez horregatik July. Eskerrik Asko zuri blog estralurtar hau aberasteagatik ;-)

    ErantzunEzabatu