2015(e)ko abuztuakren 7(a), ostirala

SUNTSIPEN HANDIKO ARMAK


Bikini atoloian botatako bonba atomikoa

Egun gutxitan bi aldiz gertatu zait. Nire tele-paketearen zerrendan miatu eta bonba atomikoari buruzko dokumentalekin topo egin dut. Lehenengoa 1945.urtean Estatu Batuek Hiroshima eta Nagasakin eragindako sarraskiaren gainean egindakoa eta bigarrena nazio berberak Bikini atoloian 1946an egindako proben gainean egina.
Lehenengoa ‘National Geographic’ kanalean ikusi nuen. Benetako garaiko irudirik ezean, dramatizazio ugari, eta eztanda egunetan umetxoak ziren hiritar batzuen lekukotzak. Gogoeta etiko-moralen gainetik (japoniarren ahotan uzten dira) datu zientifikoek eta hauek lortzeko erabili ziren metodoek, dokumentalaren denbora gehiena hartzen dute. Hori bai, badago tarte txiki bat bizirik (edo) atera ziren gizajoen egoera deskribatzeko. «Benetako zonbien antzera noraezean ibiltzen ziren, haragi zatiak zintzilikaturik zeramatzatela, gehienak itsu eta besoak aurrerantz luzaturik». Erreportajean baieztatzen zenez, halako irudi ikaragarriak zenbait argazkitan islatu ziren, baina gehienak ongi gordeta daude, «Pentagonoan, horrelako zerbait erakustea AEBren prestigiorako oso mingarria izan zitekeela» uste baitzuten. Azaltzen ez zen arrazoiren batengatik, ematen ziren hildakoen zenbakiak edozein entziklopediatan agertzen direnak baino askoz txikiagoak ziren.
Gogora dezagun: bonba atomikoek Hiroshiman 90.000-166.000 lagun eta Nagasakin 60.000-80.000 lagun hil zituzten, horietatik erdiak lehenengo egunean. Hurrengo hilabeteetan zehar, hildakoak ugaldu ziren erredura, erradiazio eta minbiziak jota. Hiri bietan ia hildako guztiak zibilak ziren. Sundance izeneko kanalean, gaueko ordu txikietan hau ere, ‘Bikini’ deritzon dokumentala ikusi nuen. Kasu honetan bere garaian erabilitako irudi ugariz jorraturik zegoen (antza, Iparramerikako ‘NODO’etatik aterata) eta kutsu kritikoa askoz nabariagoa zen.
Atoloi oso bat hustu egin zuten eta hango biztanleak erbestera bidali proba nuklearrak egiteko. Milaka marinel hainbat guda-itsasontzitan hara igorri zituzten inolako segurtasun neurririk gabe, laguntze lanak egitearren. Horietako batek, adinekoa hau, egun horietako esperientzia kontatzen digu. Bere gorputz osoko irudia kontakizunaren bukaeran bakarrik erakusten zaigu: erradiazioaren eraginez hanka biak moztuta ditu. Lan honetan esaten denez, froga hauek bazuten kontrakorik eta Etxe Zuriaren aurrean zenbait protesta antolatu ziren. Alferrik.
Deigarria da benetan. Hirurogeita hamar urte beteko dira laster. Gizakiak egindako arma batek inoiz eragindako masakrerik handiena 1945. urteko abuztuan gertatu zen. Hollywooden ez da inolako pelikularik egin horren gainean (Hori bai, ‘Amerikak’ behin eta berriz izan ditu eraso nuklearrak zientzia-fikziozko filmetan). Bigarren mundu gerran egin ziren beste basakeriak urtez urte gogoratzen diren bitartean, Hiroshima eta Nagasaki badirudi erdi aroko gauza direla. Irudiaren aroan, islarik ez duena ez omen da existitzen. Horregatik dorre birikien kontrako erasoa denon buruetan dago eta aldiz, Pentagonoaren kontrakoa maiz ahazten zaigu. Googlen klikatu besterik ez duzu egin behar, irudi gutxi eta eskasak daudela ikusgai ohartzeko. Bonba atomikoaren erabilerak gizakiaren lotsarik handienen artean egon beharko luke. Han bai, suntsipen handiko armak izan ziren. Baita erabili ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat