2015(e)ko irailakren 6(a), igandea

JULIETA, BENICIO ETA REGGAETOIA



                                          


                                
Irailarekin batera hemen ditugu berriro gurekin: gure haurtzaroarekin zerikusi zuzena duten bildumak -sekula ez dut ulertuko zergatik diru gutxien dugun hilabetean argitaratzen diren-, ikasturte berrirako aholku nekosoak eta mota guztietako promozio kanpainak. Egun hauetan, besteak beste, Julieta Venegas kantari eta konpositorea entzun eta ikusi dugu nonahi.  Aitortu behar dut: maite dut emakume hau. Alaba txikiak nituenean haren musikak zerbait partekatzen lagundu zidan, pottoki makineroak eta antzeko torturak ekiditeko lagungarri aparta izan zen. “Si” elepea argitaratu zuenetik bere lan bakoitza opari eder eta desiratutzat hartu dut. Lau aldiz izan dut hura ikusteko aukera eta laurak edertasunari egindako omenaldiak iruditu zaizkit. Aurreiritziei aurre eginez Tijuanatik (Mexikon hilketa gehien gertatzen den mugaldeko hirietako bat) datorkiguna ez da “tequila , sexo y marihuana” -Manu Chaok eta Amparanoiak iragartzen duten legez- maitasuna, harmonia eta ongi jorratutako pop estiloa baizik. Hala ere, bere ibilbidea ez da beti erraza izan. 2011. urtean, FIB jaialdiaren artisten zerrendan sartu zutenean protestak ugaldu ziren sare sozialetan, batzuentzat ez zelako behar bezain “cool”, “indien” tenplu sakratuetan sartzeko. “Ez dute barkatzen irrati-formuletan programatua izatea, baina barkatzen dute ingelesez kantatzea”.  Entzule gisa, Julietak askotariko musikak entzun dituela erakutsi izan du beti. Berak dioskunez, bere umetxoak agertzen duen aurreiritzi ezak, normalean entzungo ez lukeena aditzera animatu du. Bere faboritoen zerrendan Bilboko “Chico y Chica” taldea agertzen zaigu.
Hori harrigarritzat hartzen baduzu, zer esan Benicio del Toro aktoreak bota duen harribitxiari buruz: bere azken pelikula egiten ari zela -A Perfect Day, Fernando Leon de Aranoaren aginduetara- Eskorbuto taldea deskubritu omen du. Horrela azaldu du elkarrizketa batean. Hitzez hitz: “Ellos son de Santurce, como yo, aunque yo soy de Santurce-Puerto Rico”. Munduko “talderik onenaren” legenda ez da gelditzen. Berriro ere istorio zaharra errepikatzen da. Bizirik zeudenean askotan izaten ez zuten laguntza orain edonon agertzen da. Agian garai batean horren alde ezberdinetatik jasandako zentsurak, lortu duten ospearekin nolabaiteko lotura izango du.
Elgoibarren ere kontuz ibili beharko lukete. Reggaetoi estiloaren kontrako kanpaina antolatu dute udaletxetik “sexista eta matxista delako”. Debekatzea itsusia omen denez, “kantu aholkatuen zerrenda” banatzeko asmoa dute, abestietan nolako hitzak erabili behar diren zehazteko asmoz. Zuzentasun politikoaren babesleak berriro erasora. Ez dakigu ba ondo, hori izan dela betidanik promoziorik egokiena! Esadazu zer dagoen debekatuta edo estigmatizatuta eta esango dizut zer entzungo den. Frankismoak ere drogaren gaia aipatzen zuten abesti guztiak diskoetatik ezabatzea erabaki zuen (Rolling Stones edo Lou Reeden lanak erabat zapuztuz) eta haien morboa -eta kotizazioa- igotzea besterik ez zuen lortu. Entzun edo ikusi behar denaren jagoleak -azken finean besteen gustuen gainetik daudela uste dutenak-  jasanezinak egin zaizkit beti. Edonondik datozela ere.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat