2015(e)ko azaroakren 19(a), osteguna

NEGUA DATOR ETA



Artut Mas eta Iñigo Urkurru azken Errege-koparen aurrean
Gabonak han datoz mehatxu eginez nonahi, negua gertu dagoela iragartzen. Aurten, gainera, negu gorria izango da, bozketak familiako bazkarien gainetik hegan. Datozen hauteskundeak direla medio, ezustekoak ohikoak bihurtzen ari dira. Arazoen aurrean geldirik geratzeagatik horrenbestetan kritikatua izan den Rajoy presidentea jo eta ke dabil azkenaldi honetan. Gaur oposizioarekin biltzen da, bihar plasmarik gabeko prentsaurreko bat ematen du, etzi Iruñean agertzen da, enegarren aldiz Gernikako Estatutuan nafarrei zabaldutako atea itxi egingo duela iragartzeko...                                                                                                              Sozialistak, bitartean, alderdian Katalunian izandako zauriak itxi nahian, Pedro Sanchez-en inguruan batasun irudia eman nahian dabiltza. Bestalde, sortu berri diren eskaintza edo hautagaitzek ez diote uko egiten ahal duten hedabide guztietan edozein aitzakiarekin agertzeari. Urte askoan lehen aldiz, bi alderdi baino gehiago daude boterea eskuratzeko gai, urduritasuna nabaria da nonahi. Gurean, urrutira joan barik, bi agintarien dimisioa ikusi dugu hilabete batean. Kataluniakoa, ezbairik gabe, oso eragin zuzena izaten ari da honetan guztian. Ciudadanosen, PPn, PSOEn eta Bildun euren abertzaletasun ezberdinak erakusteko aukera areagotu egin da, eta EAJn, aldiz, diferentziak markatu dira ohiko kataluniar kideekiko: "Ezinezkoa da estatu propio bat eraikitzea egun batetik bestera", esan zuen lehendakariak SER katean.                                                                                                           Kontzertuen gaia, aspalditik inongo eztabaidan ez zegoena, boomerang gisa agertu zaigu Kataluniako afera dela eta. Berriro ere, estatu mailako alderdientzat, gai honen inguruan hemen eta han esaten denarekin argazki bakar bat egitea ia ezinezkoa bihurtu zaie.                                                                                                                                   Pilar Raholak "¿Dónde están los Vascos?" izeneko artikuluan Euskal Herritik sumatzen duen laguntza eza gaitzesten zuen. Bere iritziz, une erabakigarri hauetan ez da inondik agertzen gugandik espero litekeen elkartasuna. Are gehiago. Pilarrek iruzkinean nolabaiteko erlazioa marrazten zuen kontzertuen eta "mendietan pistolekin zebiltzan morroskoen" artean. Hemendik aurrera -apustu egingo nuke- behin baino gehiagotan entzungo dugu gaia zenbait solasalditan. "Kontzertuak errudunak badira, ken ditzagun eta kito", ez al duzue oihartzuna entzuten?.                                                                                                                                                                            Ukitzen ez dena -hori argi geratu zaigu- Espainiaren batasuna da. Bortxakeria bukatu ostean dena posible dela esaten zutenak oso muga finkoak jartzen ari dira orain. Izan ere, Kataluniatik datorkigun mezua ezin da finkoago izan: Konstituzio honekin ez da inongo erreferendumik izango eta etorkizunari begira hobe esperantza gehiegirik ez izatea . Ez gara ez Britainia Handia ez Kanada eta gai honetan aldaketak itxaroteak ez du inolako zentzurik. Susmoa dut antzeko zerbait gertatuko dela beste oinarrizko gaiekin. Hauteskundeetan inork espero ez duen ezusteko galantik gertatzen ez bada, monarkia eta errepublikaren arteko erabakia ez da hautestontzietan hartuko. Baina Grezian -eta beste hainbatetan- ikusi dugunez, programan idazten dena eta gobernuan egin daitekeena zeharo urruti egon daitezke elkarrengatik. Estatuen subiranotasuna Antartidaren antzera urtzen ari da. Politika berria saltzera etorri arren, politika zaharra egiten dutenak, gero eta gehiago dira. Babestu gaitezen lagunok, negua -eta zer negua!- badator eta.   

   

1 iruzkin:

  1. Bai,negu itzela datorkigu. Beldurra ematen du, gauzak, orohar guatemalatik guatepeorrera goazen sentsazioa daukat. Egun hauetan zera pentsatzen dut: Nahiz eta Sanchez Drago-ren pertsona oso desatsegina egiten zaidan, goibletasunez pentsatzen ari naiz berak defendatu duen ideia batekin ados nagoela: gizasemeak, moralki, ez dauka bilakaerarik egiteko ahalmena. Begira lehengo egunean Rivera, Sanchez eta Iglesias ume moko bezala diskutitzen "El Pais"-eko" debatean . Eta zuk kontatzen duzun guztia normala da: moralki ez degunez aurrera egiten, nahiz gu boterean egonda ere, zuk komentatzen duzun guztia gertatzea normala da. Ezkorra zarela esango lizukete norbaitzuk, baina errealitatea zera da: gure sudurren aurrean dagoena ikustean, errealista da zure ikuspegia. Hau pena,

    ErantzunEzabatu