2015(e)ko azaroakren 8(a), igandea

EILENEK ABESTEN ZUEN BITARTEAN




Eilen Jewell
Eilen Jewell "Sea of Tears" (Malkoen Itsasoa) ari zen kantatzen eta Estatu Islamikoko gudari beltzek Iberiar penintsulan gora egiten zuten, Al-Andalus menperatu ostean. Espainiar armada, soldadu latinoamerikarrez betea, eta oso lanpetua Kataluniako matxinada zanpatzen, ez zen inbasioari aurre egiteko gauza.                                                                                                           Horrelako irudi beldurgarriak bertan behera geratu ziren "I Remember You" (Gogoratzenzaitut) kantuaren lehenengo akordeekin batera. Ez dakit duen ahots triste horregatik, edota defuntuen gauean geundelako izango zen, baina faltan sentitzen ditudanak nire aurrean hasi ziren desfilatzen. Ez zen goibeltasuna edo samina bakarrik, sorrarazten zidatena. Victor Hugok esan omen zuen malenkonia tristuraren plazera dela, eta, oholtzatik heltzen zitzaizkidan notak malenkoniazko besarkada modukoak ziren. Eilenek eta haren taldearen musikak, maite izandako guzti horiekin bateratu ninduten nolabait.                                                                                                               Gauean zehar, doinuen artean beste hainbat begitazio izan ziren: Amoranteak ihesi antzinako tren bakartietan, ezinezko amodio istorioak, ezkutuko taberna ahaztuak, betiko galtzen diren ametsak, Gazteluetako zuzendariek salatutako irakaslea Zeelanda Berrirako bidaia eskaintzen... (batzuetan nire buruari beldur diot, benetan).                                                                                                                                                             Hauek eta beste gogoeta asko nagusitu ziren Eilen Jewell eta haren aparteko taldearen emanaldiak nire zentzumenak laztantzen zizkidan bitartean. Hauexek dira hain zuzen auditoriumetan antolatzen diren kontzertuen abantailak. Dantza, topaketak, kalaka eta barrara egiten diren bidaiak aldera utzita, musikak eta emankizunak jaun eta jabe izatea lortzen dute, eta irudimena are errazago mugitzen da, inguruko ohiko zaratak oztopo izan barik...(edo zahartzen ari naizelako ote da?)                                                                                                                                                               Eilen Jewell Boisetik, Idaho-ko hiriburutik zetorren. Bere "Dark Country" estiloko kantuek mingostasun puntu eder bat daukate eta abesti gehienetan ez da falta antiheroi bakartirik edo bukaera zorigaiztoko kontakizunik (beharbada hortik zetozen nire burutazio ilunak). Hala ere, aurkezpenetan oso gozoa agertzen zitzaigun, gaztelania nahiko landua erakutsiz, eta hitzen bat ere euskaraz eginez. Euskal Herrian "etxean bezala" sentitzen dela zioen, bere jaioterria "euskaldunez beteta baitago". Froga modura "Kalimotxo" izeneko abestia jo zuten, "bertako euskaldunen jaietan ezagutu zuen edaria hain zuzen". Bere Europako biraren azken data zen hura eta aitortu zuenez, bere hamasei hilabeteko umetxoarekin ibili da hiritik hirira “abentura itzela biziz”.                                                                                                                                                    Batzuetan miraria gertatzen da: deskubritzen ari zaren artista,  autoz egindako zure eguneroko bidaietan entzuten duzuna, zure etxeraino dator eta bere musikarekin gehien gozatzen ari zarenean, hain justu ere, zuzenean dastatzeko aukera sortzen zaizu;  nonbait, norbaitek oparirik desiratuena egingo balizu bezala.                                                                                                                                                                       Kasu honetan garaiz izan nuen bere etorreraren berri eta horrela Andoainera abiatu ginen, bigarren ilarako bi sarrerak poltsikoan. Ia-ia esperientzia mistikoa, hor bizi izan genuena. Horrelako gauzetan datza bizipoza.. Ez al da hala?


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat