2015(e)ko abenduakren 15(a), asteartea

GIDOITIK AT

Gidoilariak Greban. Los Angeles 2007
Ocho Apellidos Vascos” pelikularen gidoilariak, Borja Cobeaga eta Diego San José, ez zeuden Goya sarien galarako gonbidatuen artean. Are gauza bitxiagoa: filma honengatik  sarituak izan zirenek ez zuten hitz bakar bat esan haien inguruan. Eta ez gaitezen engaina. Honetaz guztiaz jabetu ginen, ez harritzekoa zelako, ez hurrengo egunean iritzi sortzaileek egunkariak sutan jarri zituztelako, ezta haien miran izan ginelako ere. Horren berri izan genuen bi gidoilariek sare sozialetan iruzkin negarti bat eskegi zutelako. Bide batez, gremio horren kideak oso gutxitan daudela gonbidatuen artean jakin genuen, izendatuen zerrendan daudenean bakarrik. Hau bizimodu petrala.
Beharbada norbaitek anekdota besterik ez dela pentsa lezake. Baina ez da horrela. Berez nahiko pasadizo esanguratsua dela deritzot honi. Oro har, ideiak mespretxatzen dituen gizarte batean bizi garela islatzen du, eta ez da, hain zuzen, isla bakarra.                                                                    “Gran Wyoming”-en txalotutako ateraldien atzean guztiz ezezaguna den gidoilari talde bat dago. “Vaya Semanita”, “Aqui No Hay Quien Viva” edo “Aida” telesaioen mamian ere, behin eta berriz argumentuak eta elkarrizketak aldatu behar dituzten langile hauek ditugu. 
Beste era bateko saioetan ez zaie behar besteko garrantzia ematen gidoiei. Adibidez, “En tu Casa o en la Mia” izeneko saioan Bertin Osbornek egiten dituen elkarrizketak aipatzerakoan, ohikoa da abeslariaren “naturaltasuna” edo “hurbiltasuna” azpimarratzea programa horren gakoak bilatzerakoan, baina, ezbairik ez, solasaldi horiek ez lirateke berdin izango ongi landutako gidoi horiek gabe. Norbaiti bitxia irudituko bazaio ere “reallityetan” ere funtsezkoa da langile hauen papera. Honelako produktuak arrakasta eskuratzen dutenean gidoigileen izenak ez ditugu apenas inon ikusiko, baina porrotaren orduan  -eta ez dezagun ahaztu pelikula eta telesaio gehienek ez dutela aparteko arrakastarik lortzen- langile hauen kotizazioa beherantz doa.
Euren irudia normalean ezaguna ez den arren, adinak ere eragin handia dauka lanbide honetan. Gazteegiak direnean ez dira oso estimatuak, istorioak irudikatzeko orduan “behar den eskarmentua ez daukatelako”, eta helduak direnean gero eta zailago bihurtzen zaie lana lortzea “publiko gaztearen kodeak” galdu omen dituztelako.
Gidoilari gehienek behin-behinekotasunean egiten dute lan. Mugagabeko kontraturik duen langile bat aurkitzea, Athletic zale ez den bilbotar bat aurkitzea baino zailagoa izango litzateke.
Honelako arazoak ez dira bertokoak bakarrik. Gogoratuko duzuenez  2007an izugarrizko greba bat izan zen Hollywooden, gremio honen aldarrikapen historikoak bete zitzaten. Hamalau hilabete pasa eta gero, eta izugarrizko galerak eragin ondoren, akordio batera heldu ziren. Grebalarien eskarien artean, besteak beste, soldaten igoera eta produktuen salmentan parte hartzea zeuden.  


Garai batean gidoilari gisa aritu nintzen, eta lanbide hau hurbiletik ezagutzeko aukera eskaini zidan. Murrizteko orduan haiek dira lehengo ilaran izaten direnetakoak eta hori nabaria da hainbat produkziotan. Haiek dira, bai, gidoitik kanpo geratzen direnak. Gustuko ditugun pelikula eta telesailen artean erabatekoak izan dira, dudarik gabe. Hala ere, zenbat gidoigile izendatzeko gai izango ginateke? Ba, horixe bera.                 

2 iruzkin:

  1. Zoritxarrez, argazkietan bezala, inor ez da gogoratzen argazkilariaz, baizik eta "zer ondo atera naiz" Edo "zein gaizki ikusten naizen argazki horretan". Txirrindularitza profesionalean hornidura (avituallamiento) liderrari ematen dieten gregarioei bezala, nahiz eta beraien lana ezinbestekoa izan, inork ez da beraietaz gogoratzen. Badirudi, antzezleak, beraiek protagonista izateko, gidoilariaren lana ere guztiz beharrezkoa dela ahaztu egiten dute edo ez diete behar duten garrantzia ematen.

    ErantzunEzabatu
  2. Egia esan nik ere ez dut argazkilariaren izena aipatu. Baina ez da bilatu ez dudalako baizik eta "Europa Press"eko argazki bat delako eta agentzietan ez dute inoiz argazkilarien izenak jartzen. Apunte ona bada.

    ErantzunEzabatu