2015(e)ko abenduakren 21(a), astelehena

ZENBAT GERA?

Benito Lertxundi, Kafe Antzokiko 20. urteurrenaren kontzertuan
Zenbat gera?/ Lau, bat, hiru, bost, zazpi? / Zer egin degu? ezerrez/ Zer egiten degu? alkar jo/ Zer egingo degu? alkar hil / Hori ez , hori ez...
Benito Lertxundik abesten zuen bere hasierako kantu polit hori Bilboko Kafe Antzokiko hogeigarren urteurrenean. “Zenbat Gera” elkarteak jarri zuen martxan, hain zuzen, eta urte askotan zehar hori izan zen itxiera emateko jartzen zuten doinua. Josetxo Anitua zen horrelakoetan musika aukeratzeko arduraduna eta bazeukan zentzurik aukera horrek. Agur esateko era bat zen, lau katu besterik geratzen ez ginenean aretoan. Zoritxarrez aspaldian ez dago Josetxo gure artean eta harrez geroztik, bere aparteko gustua, tokiko giroa irakurtzeko eta musika egokiarekin laguntzeko, beti izan dugu faltan.
Egun batetik bestera: hogei urte. Benitok eta bere bandak taula gainean ospatzen zuten bitartean, pareta hauen artean bizitakoak zetozen gogora.
Martxan jarri zuen lantaldeak nekez asmatuko zuen antzokiak hirian  hartuko zuen garrantzia. Euskara abiapuntu izanda, urte hauetan zehar hor izan ditugu nazioarteko ekitaldi ahaztezinak eta umeentzako emanaldiak, disko eta liburuen aurkezpenak eta mota guztietako ospakizunak. Bere arrakasta horren taxuzkoa izan da, “seme-alabak” sortu zaizkio nonahi, kontzeptu eta ekimen antzekoak Euskal Herri osoan zehar zabalduz, emaitzak batetik bestera desberdinak izan arren.
Nik bereziki gogoratzen ditudanen artean, Platero y Tú taldeak  eta geroago Fitok eratu zituzten kristoren kontzertuak; Ruper Ordorikak bere zuzeneko diskoa grabatu zuen gaua; The Dictators-ek, Wilko Johnson-ek edota John Spencer-ek aho bete hortz utzi gintuztenekoa; Ray Fernandez eta Manolin “el médico de la salsa”rekin dantza egitera ausartu ginenekoa, Maceo Parker-en gau magikoa, Maixa eta Ixiarren “Uhinez Uhin” diskoaren aurkezpena; Berrones Asturiasko taldearen emanaldi aparta eta argentinarrek sorturiko giro konparaezinak, Bersuit Vergarabat edo Kevin Johansen bezalako artisten ekitaldi beroetan.                                                                                                                           Egun gogorrak ere bizi izan ditu egoitza honek. Segurtasun neurriak ez zirela betetzen esanez, udaletxeak itxi egin zuen garai batean, eta berriro zabaltzeko (laguntza-kanpaina baten ondoren) publikoaren kopurua erabat murriztu zen. Harrez geroztik, hain zuzen, izan zen Zarama taldearen emanaldia, lehenengo aldiz zuzenean Bilbon, desegin ginenetik hamabost urte pasa ondoren. Ez dizuet ukatuko gorriak eta bi pasatu genituela. Entseguetan abestiak erabat landuta egon arren, horrenbeste urte pasa eta gero, ez geneukan batere argi Antzokiko azterketa gainditzeko gai ginenik. Eta bai ginen. Gure zorionerako oraindik bazegoen gu jasotzeko behar beste jende eta sekula ahaztuko ez dugun gaua izan zen hura.
Urteurrenaren gauean Benitok oso emanaldi bikaina eskaini zigun. Hasieratik argi eta garbi utzi zuen bizirik dagoen artista bat izan nahi duela eta bere azken lanetan oinarritutako abesti-zerrendaz osatu zuen bere eskaintza, konplexurik gabe. Bere klasikoen banaka batzuk ez ziren falta: besteak beste Baldorba, Jaun Baruak, Zenbat Gera eta Bizkaia Maite. Azaldu zigunez, azken hau diskotik kanpo geratzear egon zen, fabrikatik eskatu zietelako kantu bat kentzea -iraupena luzeegia ez izatearren- eta lan-taldean erabaki zuten hori izango zela aukeratua. “Asmatuko duzue zer gilipollas aurpegia geratu zitzaigun gero”.
Zorionak Kafe Antzokia. Zainduko dugu maite dugun hori.    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat