2016(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

ALADDIN SANE




'Aladdin Sane' diskoaren azala ,Londreseko omenaldian
Hamabost bat urte izango nituen. Institutuko aldagelan geunden. Banuen goibel sentitzeko pisuzko arrazoirik: Gorputz Hezkuntza, gehien gorroto nuen klasea, hasteko zorian zegoen eta euria ari zuenez gero -beti gertatzen zen egun horietan- banekien zer egokituko zitzaigun: “plinton”, “potro” eta gainerako tortura aparailuak prest zeuden gimnasioan ni barregarri uzteko (ai hankatarteak!) 
Baina zorionez egun hartan banuen pozik egoteko zergatirik ere. Klase-kide batek, nire tankerako musikazale amorratu batek, utzi berri zidan “Aladdin Sane”, David Bowieren diskoa, aspaldian entzun nahi nuena, hain zuzen.
Irakasleak, aspaldian inolako kirolik praktikatzen ez zuen lodikote gorrotagarriak, nire altxor preziatua gordetzen ari nintzela ikusi zuen. Baimenik eskatu gabe nire poltsatik atera eta nazka keinuz, luzaroan aztertu eta gero,  diskoa altxatu zuen denek ikus zezaten, eta honela esan zuen:
- “Mirad qué mariconazo”.
Gero, betiko astapotroen algarek harrotuta, mesprezu handiz  bota zidan:
- “Escuchando mierdas como esta no me extraña que no puedas subir la cuerda”.
Tira, batzuk apaizekin izan zituzten arazoak haurtzaroan. Nik, aldiz, nahiko abade jatorrak izan nituen, baina, oro har, ez nuen horrenbesteko zorte ona izan soinketa irakasleekin. Zer egingo diogu ba.
Bada, hor zeuden biak, izoztutako irudi batean betirako nire baitan grabaturik. Behean irakaslea, goian diskoaren azala. Behean tipo nazkagarri bat, Falangeko bulegoren batean ikasleak izorratzeko baimena eskuratuko zuena. Txandal ziztrin batekin jantzita, horrek kirolariaren itxura emango balio bezala, erdi “sargento chusquero” erdi “españolada” baten protagonista.
Goian  Brian Duffyk egindako azala. Berrogeita lau urte pasa eta gero bizirik dirauen irudi honekin. Izan ere, ez  da oso irudi erotikoa, baina, auskalo zergatik, “tximinoa” (horrela deitzen genuen ezkutuan) bere senetik atera zuen. Behean denak ahaztu nahi izan dugun iraganaren alde tamalgarri bat. Goian David, behean Goliat.
Urteak pasa ahala askotan ikusi dut berriro azal ikoniko hori han eta hemen. Agertzen zen “Control” izeneko pelikulan, Ian Curtisen bizitzaren ingurukoan, eta “The Runaways” filmean ere bai. Bietan protagonisten gogoko diskoen artean zeuden eta bien logeletan poster modura agertzen zen, nirean zegoen bezala.
1973 urrun hartatik, asko dira Bowiek emandako bueltak, joan diren egunetan soberan aztertu den legez. Hirurogeita bederatzi urterekin, eta hogeita lau disko argitaratu eta gero, jendearen arretari eustea ez da txakurraren putza hain zuzen, berez oso gutxitan gertatzen da.
Garai hartan Bowie zen “Glamaren erregea” eta berak -eta bere emazteak- asmatutako pertsonaia hori, “Ziggi Stardust” estralurtarra, ikusten ari da nola bere eragina urtez urte handitzen doan zaharkitze izpirik ere erakutsi barik. Glamaren heroiak (T. Rex, Slade, The Sweet, Gari Glitter, New York Dolls...)  oro har ez zituzten beren buruak iraultzailetzat hartzen, ez zuten esaten haiena “zero urtea” zenik , punkeroek esango zuten bezala. Glam-rockak kabareta, rock & rolla, artea eta androginia nahastu zituen libertimendu hutsaren izenean. Orain horrenbestetan aldarrikatua bada ere, bere garaian ez zuen oso serio hartu kritikak. Ziztu bizian pasatu zen. Denborak justizia egiten du nonbait.       




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina