2016(e)ko urtarrilakren 31(a), igandea

TXANTXEN ATZEAN DAGOENA


Raxoyri egindako telefono-txantxaren iragarkia

Sekula ez zaizkit gustatu irratian egiten diren telefono-txantxak. Ehunka entzule adi dituela ez dakien gizajo bati adarra jotzea, nire ustez, abusu mota bat besterik ez da, nahiz -egia esan­- batzuetan dibertigarria den.
Irrati-formula ezagun batean enkarguz egiten dituzte. Bere mutil-lagunaren portaerarekin mesfidati dagoen neska bat irratiko esatariekin jartzen da kontaktuan. Mutikoari hots egiten diote harekin ligatu nahi duen beste neska bat izango bailitzan. Ia kasu guztietan koitaduak amua irensten du, bide batez esanda.
Beharbada,  txantxa-modu bat barkagarria izatekotan, botere handiko pertsonei egindakoa izan liteke.  Agintari politiko batek dituen segurtasun kontrol guztiak gainditzeak eta benetako dei bat dela sinestarazteak, meritu handia dauka, dudarik ez.
Catalunya Radiotik Raxoyriegin zioten trufak, esate baterako, nahiko informazio baliagarria eman zigun:
1) Gobernu berria osatzeko elkarrizketak pil-pilean daudenean, berak “oso agenda librea” dauka.
2) Horixe bera litzateke bi presidenteen artean izandako lehenengo elkarrizketa. Eta ez zen Espainiako presidenteak kide izendatu berria zoriontzeko  deitzen zuena, guztiz kontrakoa baizik.
3) Onartu behar da bere erreakzioa -txantxa bat zela esatari beldurti baten ahotsean entzunez gero- ez zela arras bortitza. “Esto no es serio” esan zuen tonu nekosoan, bere senetik atera gabe.
Antzeko aldartea erakutsi zuen Juan Carlos I emisore beretik bere urtebetetzean zoriontzeko deitu zutenean, orain zortzi bat urte. Kazetarien jarrerak ere eragin handia izan zuen horrelako erantzun bat jasotzerakoan. Erregearen ahotsa entzutean, bazirudien umoristek ez zekitela ondo zelan jo aurrera. Izan ere inoiz ez zuten emititu.
Beste kontu bat da Miamiko Radio Lobotik Fidel Castro eta Hugo Chavezi egin zizkiotenak. Kasu hauetan esatarien intentzioa haien biktimak barregarri uztea zen. Gupidagabe jardun zuten eta erabat irabaziak ematen zutenean, bat batean, honelako harribitxiak bota zizkioten: “Fidel, ¿Está contento con la mierda que ha hecho de la isla? edo “Chavez, sal de Venezuela cabrón, terrorista, animal...”. Bion erantzuna guztiz ezberdina izan zen. Chavezek, muzin egin barik, telefonoa eskegi zuen. Fidelek bortizki erantzun zien bere ohiko hitz jario geldiezinez: “Vete para el coño de tu madre, mariconsón”...
Fideli, antza, ez zitzaion gehiegi axola zer irudi emango zuen, horrelako “hitz ederrak” bota eta gero. Irrati-esatariak “milaka entzule adi zeudela” esan zuenean Kubako presidente izanak ez zuen atzera egin, hain zuzen. Zuzentasun politikoa bere lehentasunen artean ez zegoela geratu zen agerian.
COPE kateko umoristek  ere, Evo Moralesekin lortu zuten hitz egitea, lehendabizi hauteskundeak irabazi ondoren -eta ziur aski horrexegatik hain zuzen ere- .Txantxa horretarako Jose Luis Rodriguez Zapateroren imitatzaile bat erabili zuten. Espainiako sasi-presidenteak zoriondu ez ezik, mezu garbi bat ere bazuen bere Boliviako kidearentzat: “Hemos trazado con Chavez y con Fidel un nuevo orden que queremos establecer”. Printzipioz bazirudien Morales Zapaterorekin mintzo zelakoan zegoela, baina argi geratu zen oso tipo zuhurra dela, ez zen inolako probokaziotan erraz jausten.
Gustu txarreko txantxak diren arren, kasu hauetan (eta “Inocente-Inocente” telesaioan urtero ikus daitezkeenetan ere) jendearen benetako portaera igartzeko aukera eskaintzen zaigu. Azken finean, agintarien izaera, gutxi gora behera, gainerako mortalena da nolabait.     





1 iruzkin:

  1. Zapatero Sasi-presidentea. Ona.
    Ba bai, agintari politikoak, benetazko kazetarien aurrean ematen duten aurpegia, ez da inoiz etxeko sukaldean erabiltzen dutena. Gainerako mortalen antzera beharbada. Suposatzen dut. Agintarien izaera,gutxi gora behera, gainerako mortalena da nolabait? Inpultsoan edo "kalentoi" baten aurrean beharbada... Ez nago batere zihur "gainerako mortalen arteko izaera", espainiako gobernuak izan dituen azkeneko lau urteen antzekoa izango zenik, baina beharbada kontestutik ateratzen ari naiz zure testuan egiten duzun gogoetaren sustraiatik

    ErantzunEzabatu