2016(e)ko otsailakren 14(a), igandea

EUSKAL HERRIKO 5000 AHOTS



Berastegin antolatutako tertulia, Euskal Herriko Ahotsak ekimenaren barruan


Juan Urreta Zubia aretxabaletarrak, 1924. urtean jaioak, “Euskal Herriko Ahotsak” ekimenarentzako elkarrizketan honela dio:
-Orduan Karnabalak zelebratzen zien?
-Karnabalak? Enee!
-Eta disfrazau eta be bai?
-Kukumarro.
-Etxeko edozer gauza jantzitta?
-Bai, bai, bai. Edozer gauza jantzi eta ala!
-Kuadrillak eta?
-Bai, bai. Orduan izeten zan, bueno, "Santa Ageda mutillak" be baeuzen, orduen urtero Santa Ageda mutillak. Eta gero zela izeten zan Karnabalak eta Santa Ageda mutillak eta horrek inguruen zela dien danok, hor eitten zien jaixak, Karnabalak.
-Mutillak disfrazatzen ziñazien, neskak be bai?
-Bai, bai, neskak be bai.
-Orduan jai polittak izango zien.
-Bai, bueno! Desietan egoten giñen Karnabalak etortzeko. Baiña denpora guxi iraun euen, gerra-denporan hori suprimido, dana.
-Eta gerra ostian berriz hasi zan?
-Beranduau.
-Urte askuan prohibiduta egon zan?
-Bai. Hemen bakarrik ez. Gipuzkuan Tolosan bakarrik eitten ziran. Karnabalak euzen suprimiduta, ezin zan jarri karnabalik. Baiña Tolosan jarri utsen izena "Fiestas de Primavera".
“Badihardugu” elkarteak berriki informatzen zuenez, “Euskal Herriko Ahotsak” izeneko ekimena, honen tankerako 5000 grabaziora heldu da. Hau da: herriz herri eta baserriz baserri jasotako lekukotzak dira. Aitona-amonen oroitzapenak, lehen eskuko informazioa eskaintzen digutenak. Alde batetik euskalkien ingurukoak eta beste alde batetik antzinako ohitura eta  egunerokotasunaren berri ematen digutenak. Haien hitzetan: “Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea”.
Bitxia bezain ederra benetan, webgune honetan aurkitu dezakeguna. Betirako galtzear dauden tokiko hizkerak eta galdutako edo ahazteko zorian dauden ohituren pasarteak antzinako kantekin nahasten dira. Alan Lomax iparramerikarrak eginiko grabazioekin bezalatsu, euskaltzaleak badu hemen orduak eta orduak gozatuz igarotzeko aukera ederra.
Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alde teknikoa ezarriz. Ondorengo hiru urteetan  bilketa lanarekin jardun zuten eta jasotako materiala lantzen hasi ziren. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu zen, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baitira materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.  Proiektuaren lehenengo urratsa, Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta dauden zintak berreskuratzea zen. Baina grabazio zaharrez gain, une honetan ere grabazioak egiten ari dira han eta hemen. Azken lau urteotan egin dituzten grabazioak bideoz ere egin dituzte.                                                                   Bitxia da, baina, ekimen honetako zenbait antolatzailek irrati-elkarrizketetan erabiltzen duten definizioa: “kutsatu gabeko euskera”, horrelakoa omen delako baserritarrek eta hiztun zaharrek erabiltzen dutena. “Euzkera garbija”ren mitoari itzuli nahian edo? Erabiliko al genuke halako kontzeptua, adibidez,  Gaztelako herri urrun batean erabiltzen den gaztelera definitzeko? Ba al da benetan “kutsatu” gabeko hizkuntzarik? Areago: ba al du edozein hizkuntzak bizirik irauterik nolabait “kutsatu” barik?  Beste baterako utziko dugu eztabaida hau.
Roberto Moso


2 iruzkin:

  1. Ez da posible. Hizkuntza ez da estatua edo liburu finko bat. Hizkuntza, denboran zehar ahoz aho doa, eta aho guzti hoiek zahartzen eta hiltzen diren bitartean, belaunaldiz belaunaldi jendearen ohiturak aldatzen diren moduan, hizkuntza nahi ta nahiez ez da jatorri zuri batean geratzen.
    Historia orokorra aldatzen den bezala, hizkuntza "kutsatzen" da baita ere.
    "Kutsatzea" esatea zuzen al da? Ez det uste; gaztelanian ere euskera jatorritzat duten hitzak daude baita ere; hizkuntza mugimendu etengabean egotea saihestezina da, edo beharrezkoa. Historiaren interpretazioak, eta Historia bera eguneratzen den heinean, aldaketekin, euskera eguneratzea, hitzegiten dutenak aldatu edo "kutsatzen" diren modu berberan, normala da eguneratze hori. Zeren hizkuntza bat bizirik dagoen gauza bat da, eta bizitzeak beharrezko aldaketak dazkar.
    Dena den, aspaldian eta leku ezberdinetan
    egindako grabazio horiek berreskuratzea oso interesgarria eta polita izango da euskalzale amorratuenentzat; eta baita gaur egunean oraindik hitzegiten diren aspaldiko euskalki ezberdinak, hitzegiten dituztenen artean egindako grabazioak, nahiz eta zaharrenak hitzegiten duten euskera hori aintzin batean hitzegiten zenaren ezberdina izan daitekeen ere. Ley de vida. Proiektu oso polita eta interesgarria hala ere.

    ErantzunEzabatu
  2. Hizkuntza bat bizirik dagoen gauza bat da eta bizitzeak beharrezko aldaketak dakartza. Ba bai. Aldaketak datoz nahi eta nahiez eta aldaketen bukaera heriotza deitzen da. Euskararen benetako miraia ez da bere sorburua baizik eta bizirik irautea.

    ErantzunEzabatu