2016(e)ko otsailakren 23(a), asteartea

IZOZTUTA

Egun batetik bestera, bizitzak berak izoztuta ematen du
Egun batetik bestera negua heldu da. Madarikazio bat izango bailitzan urtaroko paisaiak gurean daude berriro: inauteriek ekarritako gripeak, elurrek ekarritako istripuak, olatu erraldoiek ekarritako deskalabruak...
Egun batetik bestera igogailuetan inork ez du klima-aldaketari buruz hitz egiten  eta kaleak hustu egin dira haize eta euri bortitzen eraginez.
Honen guztiaren ildotik edo, bizitzak berak izoztuta ematen du. Izoztuta geratu zen Rajoy, Esperanza Agirrek dimisioa aurkeztu zuenean. Izoztuta geratu zen Pedro Sanchez, Rajoyk eskua ez zionean onartu eta izoztuta geratu ziren iritzi sortzaile asko Pablo Iglesiasek PSOEri elkarrekin gobernatzeko egindako eskaintza entzun zutenean. Ordurako ez ginen gutxi izoztuta geratu ginenok txotxongiloen aferaren berri izan genuenean.
Eta bitartean hor jarraitzen du parlamentuak izoztuta, inondik ikusten ez den gehiengo sinesgarri baten zain.
Horrenbeste hilabetetan martxa bizian ibili ondoren, prozesu katalanak ere izoztuta dirudi gure “bake prozesuaren” antzera.
Horrela jarraituz gero, belaunaldi berriek ez dute ulertuko zertarako behar den bake prozesurik, inolako gudarik ezagutu ez duten herrialde batean.
Baina Rajoy, Sanchez  eta beste hainbaten ametsa ematen duen arren, historia ez da geldituko eta trantsizio mitifikatuan ez daukagu izoztuta geratzerik. 
Albert Rivera ez da Adolfo Suarez, Pedro Sanchez ez da Felipe Gonzalez, Urkullu ez da Arzallus eta Carles Puigdemont ez da Jordi Pujol.
Trantsiziozaleak sortzen dira orain nonahi, bigarren edizioa iragarriz. Baina gezurra dirudien arren, Franco hil zenetik berrogeita bat urte pasa dira eta garai batean konponbide bakarra ematen zuena amonaren kontu zaharra besterik ez da oraingo bozkatzaile askorentzat.  
Garai batean, hauteskundeen emaitzen ondorioz gehiengoa osatzeko zailtasunak sortzen zirenean, alderdi nazionalistekin konpontzea zen irtenbidea. Gaur horrelako paktuak pentsaezinak bihurtu dira. Nahi eta nahi ez, erabakitzeko eskubidea  erabakigarria bilakatu da eta ez bakarrik katalanentzat.
Jarrerak ezagunak dira. Aldekoak: Podemos, Izquierda Unida eta subiranotasunaren aldekoak.  Kontrakoak: Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Alderdi Sozialista.Egia esan, azken hauek, ohikoa bihurtu denez borobilaren koadraturaren bila omen dabiltza: erreferenduma bai, baina hiritar espainiar guztiekin batera eta konstituzioaren erreformaren inguruan (estatutu berri baten oinarria izango litzatekeena).
Estatuaren politikak denboran izoztua ematen du. Antzinako mamuak berriro datoz gogora: "Prefiero una España roja a una España rota"  esan zuen Jose Calvo Sotelo eskuindarrak Donostian, 1935. urtean egindako mitin batean.  Geroxeago hil egin zuten, eta historialari askok gudaren pizgarritzat hartzen dute.
Gauzak honela jarraitzekotan ekaina arte helduko gara. Udarekin batera izotza urtuko da eta hautestontziek norantz jo erakutsiko omen digute. Ustelkeriak botoak kentzen ditu, jakina, baina ikusi dugunez, ez hauteskundeak galtzeko adina. Gerta liteke emaitzak errepikatzea (zailagoa zen CUPeko batzarrean gertatu zena) eta orduan bai izoztuta geratuko ginatekeela.
“Bi Espainietariko batek bihotza izoztuko dizu” idatzi zuen Antonio Machadok. Batzuei kosta zaigu, baina pixkanaka-pixkanaka badirudi hasia garela ulertzen...





2 iruzkin:

  1. Eta guzti hori pasatzen den bitartean (gobernua, erabakitzeko eskubidea, "ustezko konstituzioa", bake prozezua...) guk gure kuitara goaz aszentzoreko elkarrizketak kaleetara gehitzen ditugun moduan, ezer pasako ez balitz bezala, nahiz eta komunikazioaren media guztiak minutura eduki herrialdea, "Pablo Iglesiasek, bere "koleta" moztea eskainiko luke, Sanchezek bere bide gorriak behinik eta behin onartuko balitu". And so on...

    Bata bestearen atzetik, etengabeko espekulazioekin. Nere familiko batek, segundura jarraitzen du oso gaizki mugitzen den gobernu baten inguruan etengabe mugitzen diren komunikabideen espekulazio mila jarraitzen. Segunduero.
    Hertzainak taldeak ondo definitu zuen guzti hau, orain dela ¡24 urte!; ia zihur nago "Oroimen txarra(k)" kantan, hitzak nire Josu Zabala mirestuak idatzi zituela.
    "Oroimen txarra (k)" kanta hartan hala esaten zen, profetikoki, lehengo batean komentatu nuen moduan (edo ez nuen komentatu?):
    "Agindua zorra dela ahaztu dutenak dira hoiek, arau zaharren trukatzaile diseinuzko ideia berriekin, promesa haundiak baina gero ekonomistek agindutakoa egin(...) bertsio ofizial faltsuen erresuma da historia, telebistari so diren hiritar zintzoen gozamenerako (...)
    Oroimen txarra dugu ta hau ote merezi duguna?(...) Baina oroimen laburra dugu, komeni ala sinistea hobe, ez dakigu nolakoak garen ere(...)Hemen geratuko gara, itxaropen gabe lasai, ASKATASUNA ZERUTIK BALETOR BEZALA..."
    La vida sigue igual, zerak esaten zuenez (sigarrillos amarillos Hertzainak, zein beste izango?)
    Y hablando de todo un poco, jarri ezazue youtuben "Destinu petrala, Zarama" eta Sigarrillos Amarillos kantaren bertsio ziragarri bat aurkituko duzue. Blog honen autoreak abestua gainera. Bizitza muxusapia da...

    ErantzunEzabatu
  2. Ba lana errztu dezagun: https://www.youtube.com/watch?v=D5Ji9VjJob4
    Egia esan kriston lana izan zen emaitza nahiko txikia jasotzeko. Eta dut abesti honetaz bakarrik hitz egiten, ekitaldi horretrako landu genituen bertsio guztietaz baizik...

    ErantzunEzabatu