2016(e)ko otsailakren 28(a), igandea

YOUTUBERREN EZTANDA

"El Rubius" 

Orain, betidanik miretsiak izan zirela pentsatu arren, The Beatles eta The Rolling Stones taldeak ez ziren 1960ko hamarkadan horren serio hartu. Garaiko prentsako artikulu askotan, ziztu bizian pasatuko zen moda ergeltzat besterik ez zuten hartzen.
Zenbait urte geroago antzeko zerbait gertatu zen punk mugimenduarekin. 1977. urtean garai hartako tele-aurkezlerik famatuenak Sex Pistols taldea gonbidatu zuen bere “late-night” ikuskizunera. Bazirudien tabloide guztietako azaletan zeuden “friki” horiekin programaren audientzia igotzeko aukera ederra izan zitekeela, azken finean lerdo horietaz barre egitea nahiko erraza ematen zuen.
Baina “lerdoek” horrelako emankizunetan agertzeko arau guztiak lehertu zituzten eta hurrengo egunean Bill Grundy, saioaren gidaria, kaleratu zuten.
Honelako eredu ugari izan da historian zehar, eta ez bakarrik musika munduan. Establishmentean gustura dauden behi sakratuek errealitatearekin kontaktua galtzen dute eta belaunaldi berrien indarra mespretxatzeko joera erakusten dute. Horietako askok, bere garaian ez-ulertuak ere izan zirela ahaztuz.
Hau guztia gogora etorri zait “El Rubius” izeneko “youtuber”ak El Mundo egunkariarekin izandako haserrearen berri izan ondoren. Otsailaren zazpian, Pedro Simón kazetariak elkarrizketa bat egin zion gazte askorentzat (15 milioi jarraitzailetatik hurbil dago) erreferente bihurtu den hogeita bost urteko youtuber honi. Tituluak nahikotxo esaten digu lanaren ildoaz: “Interneten janaria eskatzeaz bizi naiz”. “Prentsaz nekatuta” izeneko bideo batean (hau idazterakoan zortzi milioi bisitara heltzear dagoena)  Ruben Doglasek -El Rubiusen benetako izena baita-  gogor salatzen du kazetariaren jarrera, bere ustez bera barregarri uztea, besterik ez dena. Jasotako elkartasun mezu eta txioak eta beste hedabideetan izandako oihartzunak bere kanalaren eragina biderkatu du. Bestalde, sekula ez duela elkarrizketa gehiago emango iragarri du...
Rubenek bideoan komentatzen duenez, batzuek –El Mundoko kazetaria barne- ez dute haren lana errespetatzen soilik Youtuberen bidez egiteagatik, hori erraza bailitzan. Egia esan, neurririk gabe hazten ari den fenomeno baten aurrean gaudela dirudi. Gaztetxoen artean nekez aurki daiteke telebistan edo irratian horrenbeste arrakasta lortzen duenik. Bestalde youtuber askorentzat haien zeregina ogibide bihurtu da eta banaka batzuentzat, diru mordoa irabazteko era ere bai.
Euskal Herrian ere baditugu aipatzeko moduko youtuberrak: Borja Luzuriaga Luzu Los Angeles hirian bizi den bilbotarra da eta sei milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere hiru kanaletan. Maila apalago batean, Telmo Trenado zumaiarrak 57.000 jarraitzaile ditu  bere magia kanalean. Iban Garcia hamasei urteko gaztea, nahiko ezaguna egin da gure gaztetxoen artean. Azkoitiarrak 34.000 jarraitzaile ditu gaztelaniako kanalean eta 922 euskarazkoan. Egia esan Youtuberren artean  euskarak oso toki txikia du, oraingoz behintzat.
AuronPlay (Hiru miloi jarraitzaile) eta Wismichu (Lau milioi) youtuber ospetsuenen artean daude. Hiriz hiri egiten duten topaketetan izugarrizko ilarak sortzen dira haiekin “selfie” bat egiteko edo hitz pare bat trukatzearren.
Edukiei dagokienez -beste edozein hedabideetan bezala- denetarik aurki daiteke. Zaborra eta buruargitasuna elkarrekin bizi dira horrelako kanaletan. Baina badirudi,  demokratikoa eta interesgarria den zerbaiten aurrean gaudela, eta, antza, fenomenoa hasi besterik ez da egin.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat